Zarautz Kirol Elkarteko Herri Kirolak sailak antolatua, Zarauzko Bi Harri Txapelketaren edizio berri bat jokatuko da igandean Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Aurtengoan ere, emakume zein gizonezkoak ikusi ahal izango ditugu harri baldarrekin lehian. Emakumezkoen kasuan, aurtengoa laugarren edizioa izango da; ez da ahaztu behar, orain emakumezkoen harri baldarrak ugaritu badira ere, Zarauzko Bi Harri txapelketa dela emakumeek harri baldarrekin inoiz jokatutako lehena. Gizonezkoen kasuan, aurtengoa zortzigarren edizioa izango dugu, txapelketa hau harrijaso-tze egutegian bere lekua egiten ari denaren seinale.
Publicidad
Aurtengo ekitaldiko berrikuntza nagusia emakumezkoen mailan izango dugu. Izan ere, azken urteetan emakume harrijasotzaileen maila izugarri handitu da, eta 2021ean lehen txapelketa jokatzeko itsasertzetik atera ziren harriak txikiak geratu zaizkie (63 eta 51 kg. zituzten). Hau dela eta, aurtengorako bi harri berri atera dira itsasertzetik, lehengoen antzeko forma duten baina astunagoak diren Jai Txiki (68 kg.) eta Mollarri (64 kg.) harri baldarrak.
Maila oneneko 6 harrijasotzailek hartuko dute parte aurtengoan, eta harriak berriak badira ere, urtero egin ohi den lan bera egin beharko dute, zazpi minutuko tanda bakar batean Jai Txiki (68 kg) eta Mollarri (64 kg) harriei ahalik eta jasoaldi gehien emanez, harriak txandakatuz.
Parte hartuko duten harrijasotzaileak dira:
Lierni Osa, 29 urteko zarauztarra; orain hiru urte hasi zen harrijasotzen eta txapelketaz txapelketa maila oso ona eskaintzen ari da. Iazko txapelketan hirugarren izan zen harri baldarrei 31 jasoaldi emanda.
Eider Garcia 'Durana', 28 urteko gasteiztarra, urte askoan errugbyan jardundakoa, urtebete inguru darama harrijasotzen; 2020an 'El conquistador del Caribe' saioan parte hartu zuen finalera iritsiz, eta geroztik kapitain gisa ere ikusi izan dugu programa berean.
Publicidad
Maddi Gesalaga, 16 urteko zarauztarra, gazte-gaztetatik maila oso ona erakusten ari dena. Iazko Gipuzkoako Kintopeko txapelduna dugu, eta Euskadiko bigarrena. Sasoi puntu onean helduko da, maiatzean 112,5 kiloko zilindroa eta 100 kiloko kubikoa, eta ekainaren 2an 125 kiloko errektangular zaharra jaso ostean.
Olaia Esnaola, 17urteko azpeitiarra, gaztea izanagatik punta-puntako harrijasotzaileekin borrokan ibiltzen da. 2023an harrijasotzaile kintopekoen txapelduna dugu. Lehengo aldiz parte hartuko du Zarauzko Bi Harri Txapelketan.
Publicidad
Ainitze Zumeta, 33 urteko zarauztarra, Crossfit mundua probatu ostean harrijasotzera jauzi egin zuena, onenekin lehian jardunez. Iazko txapelketan bigarren izan zen 37 jasoaldirekin.
Karmele Gisasola 'Zelai III.a', 30 urteko mallabitarra, herri kiroletako modalitate ugaritan ikusi izan dugu: harrijasotzen, trontzan, ingudearekin, aizkoran, pentatloian... Zarauzko Bi Harri txapelketan emakume mailan jokatutako hiru urteetan berak irabazi du.
Gizonezkoetan arituko direnak ondorengoan izango dira:
Iraitz Arruti 'Burni Txiki', 20 urteko zarauztarra, 12 urtetatik harrijasotzen dabilena. Euskadiko Kintopeko Harrijasotze Txapelketako irabazlea dugu azken bi urteetan. Harri baldarrekin lehen aldiz ikusko dugu lehian.
Publicidad
Jon Unanue 'Goenatxo III.a', 31 urteko azkoitiarra, harri handiekin aditua. 2022ko txapelketan ikusi ahal izan genuen Jai Txiki eta Mollarri harriekin lehian, laugarren izan zen 18 jasoaldirekin.
Hodei Iruretagoiena 'Izeta IV.a', 38 urteko zarauztarra, 2018 eta 2019 urteetan bera izan zen txapelduna. Datu bitxi bezala, bera da orain arte jokatutako gizonezkoen zazpi edizioetan parte hartu duen harrijasotzaile bakarra.
Aimar Galarraga, 40 urteko oriotarra, iaz bigarren izan zen horrenbesteko sona duen Albizuri Handi lehiaketan. 2016, 2018 eta 2021eko edizioetan lehiatu ostean, laugarren aldiz parte hartuko du Zarauzko Bi Harri Txapelketan. Bere markarik onena 2021ekoa da, 19 jasoaldirekin.
Publicidad
Paulo Azpiazu, 28 urteko Getarian bizi den bergararra, fitness mundutik dator. Duela hiru urte hasi zen harrijasotzen eta oso maila ona erakusten ari da geroztik. Sei hilabete plazetatik kanpo igaro ostean, gogoz itzuliko da lehiara. Iaz bigarren izan genuen 26 jasoaldirekin, Mikel Lopetegi 'Urra'-rekin jasoaldietan berdinduta.
Mikel Lopetegi 'Urra', 27 urteko zarauztarra, azken hiru urteetako txapelduna. 6 aldiz irabazi ditu Euskadiko eta Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketak. Aurtengo martxoan marka berria ezarri du, 125 kiloko zilindro zaharrari bi minutan 25 jasoaldi emanda. Bi Harri txapelketako inoizko markarik onena ere berea da, 2021ean erdietsi zuen 31 jasoaldirekin.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
El pueblo de Castilla y León que se congela a 7,1 grados bajo cero
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.