Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
María José Telleria, Xabier Fernandez, Eider Conde-Egia eta Aizpea Goenaga Ekainberrin inauguraketan.
'Emakume arkeologoak Gipuzkoan' erakusketa ikusgai dago Ekainberrin
Zestoa

'Emakume arkeologoak Gipuzkoan' erakusketa ikusgai dago Ekainberrin

Materiala, panelak, argazkiak eta abar ikus daitezke irailaren 15era arte

A. Mariezkurrena

Zestoa

Jueves, 18 de julio 2024, 18:07

'Emakume arkeologoak Gipuzkoan' erakusketa iritsi da Ekainberrira. Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean dokumentazio eta ikerketa lan luzea egin ondoren, Irungo Oiasso Museoak erakusketa bat osatu du, Gipuzkoako arkeologoek azken 120 urteetan egin duten lana laburbilduz. Ehundik gora dira aipatzen direnak.

Hauen ibilbidea 1903an hasten da, Alfontso XIII.a erregeak Aizpitarteko (Errenteria) haitzuloetako indusketetara egin zuen bisitaren harira. Argazki batean, lantaldean hainbat emakume ageri dira. 1917an, Telesforo Aranzadik, Jose Miguel de Barandiaranek eta Enrique Egurenek osatzen zuten taldea – 'hiru trogloditak' deitzen zieten – protagonista izan zen Aralarren, Gipuzkoako arkeologiaren garairik bikainenetako baten hasieran. Kanpaina haietan hartutako irudietan emakume bat ageri zen, Luisa Aranzadi, Telesfororen senidea.

Pixkakana, emakumeen presentzia garrantzia hartzen hasten da ikerketetan, María Luisa Aranzadik eta Pilar Sansineneak erakusten duten bezala, eta joan den mendeko 60ko hamarkadatik aurrera, izen handiko bi arkeologok, ia ezezagunak beren herrialdean eta biak donostiarrak, berresten duten bezala: Ana María Muñoz, Historiaurreko lehen katedraduna, eta Lola Echaide, Soriako Torralba eta Ambrona aztarnategietan F. Clark Howellek eta Leslie Freemanek zuzendutako kanpainetako landa-arduraduna.

80ko hamarkadatik aurrera, emakumeak gero eta espazio garrantzitsuagoak konkistatzen joan ziren, baita ikerketan garrantzi handia erakutsi duten sektoreen buru izaten ere. Gaur egun, emakume arkeologoen belaunaldi berriek etorkizun oparoa eta gero eta espezializatuagoa irudikatzen laguntzen dute.

Ekainberrin egindako agerraldian María José Telleria Kultura foru zuzendariak azaldu zuenez, Gipuzkoako emakume arkeologoak izan ziren Espainian arkeologia profesionala garatzen lagundu zutenak, besteak beste. Hala ere, emakume arkeologo horien lana ez da oso ezaguna, nahiz eta balio handikoa izan.

Era berean, historikoki emakumeek zientziaren munduari egindako ekarpenak garrantzi handikoak izan diren arren; tamalez, lan hori ez dela beti behar bezala aitortu. Beraz, emakume matematikari, biologo eta baita arkeologo handiak ikusezin bihurtu dira. Erakusketa hau aukera paregabea da emakume horiek gure ondarearen ikerketan eta kontserbazioan izan duten funtsezko zereginari balioa emateko; baina, era berean, justizia-ekintza bat ere bada.

Argazkiak, informazioa...

Eraskuketa honek bi zati desberdin ditu. Lehenengoan, emakumea Arkeologiako sektore estrategikoetan txertatzeko prozesua, integrazio osoa eta lidergoa azaltzen dira azalpen-paneletan.

Panel horietan, Gipuzkoan egin diren indusketa askoren argazkiak ageri dira. Indusketa horietan, arkeologoek gero eta protagonismo handiagoa hartu zuten. Oiartzungo Beloaga Erdi Aroko gotorlekuko aztarnategian bezala, non 1983 eta 1985 bitartean burutu ziren lanetan emakumearen presentzia nagusi izan zen. Gainera, Jaime Rodriguez Salisek Mertxe Urteaga arkeologoaren zuzendaritzakidea izan zuen indusketetan.

Bigarrenean, ehun objektu arkeologiko baino gehiago erakusten dira, besteak beste, lepokoak, lanabesak, kaolina erretzeko pipak, Gerra Zibileko soldadu batzuen gauzak eta hezurrak. Euren eskuekin lurpetik atera dituzten elementuak dira.

Erakusketa objektu horietan oinarritzen da, baina bakoitzaren atzean gaur hemen egotea posible egin duten emakume asko daude. Objektu horietako asko lehen aldiz erakusten dira jendaurrean. Erakusketako komisario Aizpea Goenagak esan du erakusketak azpimarratzen duela emakumeek lurraldeko ikerketa arkeologikoetan duten garrantzia eta azalpen-paneletan kontatzen duela arkeologiako sektore estrategikoetan sartzeko, erabat integratzeko eta lider izateko prozesua. Gainera, emakumeek aurkitutako objektu arkeologikoak daude, aukera «bakar eta aparteko» honetan ikus daitezkeenak.

Eider Conde-Egia Aranzadi Zientzia Elkarteko komunikazio-arduradunak eta erakusketari buruzko 'Arkeologoak' liburuaren egilekideak azaltzen duenez, «bi urtez ikerketa lan izugarria egin dugu, erakusketan erakutsi ezin izan dugun eduki asko geneukan, eta, beraz, argitalpen bat egitea ezinbestekoa zen zintzilik geratu zen informazio guztia osatzeko. Liburu honek Gipuzkoako arkeologiari, horren diziplinei eta protagonistei buruzko edukia osatu eta gehitu nahi du, eta arkeologo guztiek erakusketan beren lekua izateko modu bat ere bada».

Erakusketa ikusgai dago dagoeneko zestoa Ekainberrin irailaren 15era arte.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Emakume arkeologoak Gipuzkoan' erakusketa ikusgai dago Ekainberrin