Borrar
Udaleko ordezkariak, Aintzane Agirrebeña, ikastetxeetako ordezkariak, eta aplikazioaren edukia osatzen lagundu duten zumaiarrak, aurkezpenean. S.U.
Appa hi! hitanoa praktikatzeko aplikazioaren Zumaiako bertsioa aurkeztuko dute

Zumaia

Appa hi! hitanoa praktikatzeko aplikazioaren Zumaiako bertsioa aurkeztuko dute

Modu errazean, jolasean, hika ikasteko aukera ematen du. Helburua bost astean hitanoaren oinarriak jasotzea du

Sara Utrera

Zumaia

Jueves, 20 de marzo 2025, 21:21

Hitanoa ikasteko eta praktikatzeko Appa hi! aplikazioaren Zumaiako bertsioa aurkeztu dute. Euskara zinegotzi Aitor Manterolak, Badihardugu Euskara Elkarteko koordinatzailea den Aintzane Agirrebeñak, eta Zumaiako Udaleko euskara teknikaria den Xabier Azkuek eskaini dituzte proiektuaren inguruko xehetasunak, ostegun honetan udaletxeko pleno aretoan egindako aurkezpenean.

Aplikazioa aurkeztu baino lehen, Aitor Manterolak Zumaiako Udalak urrats berri honetara iritsi aurretik Hitanoa babestu eta sustatzeko egindako aurrekari eta proiektuak azaldu ditu. «Udalak ikerketa bat baino gehiago bultzatu ditu azken 30 urteetan, baina lehenbizikoa Hitanoa aztertzeko beka izan zen, 1997an egindako deialdian, aitzindaria izan zen horretan Zumaia. Gero etorri ziren herriko hizkera aztertzekoa, toponimia eta Euskararen Historia Soziala», gogoratu du.

Hitanoari helduta, aurten 25 bete dira Xabier Azkuek idatzitako liburua argitaratu zela. Gai horretan beste apustu bat ere egin zuen Udalak, aitzindari berriz ere, eta hitanoa ikastetxeetan lantzeko unitate didaktikoak landu zituen duela 15 bat urte. «Eta gaur beste baliabide bat aurkeztuko dizuegu, garai berrietara egokitutakoa, lehen egindako bideari jarraipena eman nahi diona», azaldu du Manterolak Badihardugu Euskara Elkarteko koordinatzaileari hitza eman aurretik.

Appa hi! aplikazioak diseinu erakargarria eta erabilera erraza du, doakoa da, eta Android zein iPhone gailuetarako egokituta dago. «Deskargatutakoan aukera izango dugu nahi dugun bertsioa aukeratzeko, kasu honetan 'Zumaia', baina beste herrietako bertsioan edo euskara batuan ere aukera daiteke», azaldu du Agirrebeñak.

Xabier Azkuek azaldu duenez, Zumaian aplikazioko edukiak lantzeko orduan lan batzuk aurreratuta izan dituzte, duela 25 urte argitaratutako liburuari esker. «Hala ere, sortu zaizkigu zalantza eta buruhauste batzuk bidean». Aditz forma batzuk tauletara eramateko orduan, esaterako. «Oikiako formei ere tokia nola egin erabaki behar izan dugu, edukiz gehiegi ez kargatzeko moduan», adierazi du.

Zumaiari buruzko eduki berezia duen aplikazioa aberasteko bidean material berezia izan dute: «ahotsak.eus atariko bideoak eskura geneuzkan, baina hor emakumeen ahotsak falta zaizkigu, haien elkarrizketak zuka jaso izan direlako denak. Zorionez, topatu dugu material egokia desoreka hori nolabait berdintzen hasteko», adierazi du euskara teknikariak.

Hala, erabiltzaileek aplikazioan aurkituko dituzten material ezberdinen artean 'Zer Diyon' antzezlana dago, duela 15 urte Inazio Tolosak zuzendu zuena eta Zumaiako hainbat emakume protagonista dituena, horien artean Luisa Mari Aristondo, atzo aurkezpenean egon zena. Irantzu Epeldek beste ikerlari batekin ondutako 'Xuka eta noka, ipar eta hego: emakumeekin solasean' lana ere «primera etorri zaigu. Ardantzako lau lekukoren formak bilduak ditu, tartean da Marian Zendoia, eta taulak nokako formez beteta ekarri dizkigute». Sustatzaileek nabarmendu dute Appa hi! ikastetxeetan edo etxean gaia lantzeko egokia dela, gainera, lehiaketak sor ditzakete taldean parte hartzeko. Batez ere Noka behar bezala lantzeko aproposa dela adierazi dute. «Emakumeon* Etxea aritu da bultzada ematen, ikastaroak eta tailerrak antolatzen. Unibertsitateko ikasleak ere ari dira honen inguruko lanak egiten, Gradu Amaierakoak eta antzekoak. Azken urteotan egindako hiru lanen berri izan dugu, eta hirurak emakumezkoek eginak. Duela 25 urte aipatzen ez genituen kontuak jasotzen dituzte: maskulinitatearekin duen lotura, ez-binarioekiko jokabidea, etab.», azaldu du Azkuek.

Aintzane Agirrebeñak azaldu du mugikorrerako aplikazio honek aukera ematen duela Hika modu errazean erabiltzen ikasteko, jolasean, eta ariketak modu erakargarrian eginez. Appa hi! bost astetan hika irakastea helburu du. Ekimen hau Oñatin sortu zen, 2019an hasitako ekimen baten ondoren, eta beste ekimen batzuekin batera, eta beste udal batzuen bultzadari esker, hazi egin da. «Azken urteetan hika biziberritzeko proiektuak egin dira herri askotan. Badihardugu Euskara Elkarteak proiektu horietako batzuetan parte hartzeko aukera izan du. Horien artean, indarra hartu duen proiektuetako bat Oñatiko Ingo xonau! izan da. 2019tik hona hainbat ekimen egin dira proiektu horren baitan hitanoa bultzatzeko eta 2021ean hitanoa era jolasgarrian ikasi ahal izateko Appa hi! aplikazioa sortu genuen», azaldu du. Badiharduguk prestatu zuen edukia eta Codesyntax enpresak garatu zuen aplikazioa. Oñatikoa aurkeztu eta berehala euskara baturako bertsioa ere prestatu zuten eta beste hainbat bertsio ere sortu dira ordutik; besteak beste, Eibar, Arrasate, Eskoriatza, Aretxabaleta eta Azkoitian.

Azkenik, gogoratu dute aukera «ezin hobea» izango dela aplikazioan ikasitakoa modu presentzialean praktikatzeko aurtengo Euskaraldian. Maiatzaren 15etik 25era bitartean egingo da euskararen erabilera aktibatzea helburu duen ariketa soziala, eta Zirhika taldearen ekimenez, Hika egiteko aukera izango da aurtengoan. Hala Zumaiako udalak ere bat du egitasmoarekin. Herritarrek izena eman dezakete jada.

Euskaraldiari lotuta, beste ekitaldi edo jarduera berezi batzuk ere antolatuko dituzte. «Noka trikipoteoa egitea proposatu du Emakumeon* Etxeak, eta hikadromo moduko bat ere antolatu nahi dugu», aurreratu dute.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Appa hi! hitanoa praktikatzeko aplikazioaren Zumaiako bertsioa aurkeztuko dute