Borrar
Maite Urteaga eta Garazi Bergara, podiumean. ZUMAIAKO T. E.
Podium zumaiarra San Martzial Igoeran Maite Urteaga eta Garazi Bergararekin

Zumaia

Podium zumaiarra San Martzial Igoeran Maite Urteaga eta Garazi Bergararekin

Eulen-Jira Birako ordezkaria garaile izan zen eta Zatikakoa, hirugarren

Sara Utrera

Zumaia

Viernes, 21 de marzo 2025, 20:01

Maite Urteaga eta Garazi Bergara podiumera igo dira Bergarako San Martzial igoeran. Maite Urteaga (Eulen-Jira Bira) garaile izan da eta Garazi Bergara (Zatika) hirugarren sailkatu da.

Aurreko ostiralean jokatu zen nesken San Martzial Igoera, eta larunbatean Seguran jokatu zuten asteburuko bigarren lasterketa. Urteaga bigarren sailkatu zen,eta Garazi Bergara, berriz, bere mailan 22. izan zen. Igandean, Urteagak Azpeitian mutil juniorrekin hartu zuen parte, eta «oso lasterketa gogorrean», 37. sailkatzea lortu zuen. Kadete mailan, Laia Zumeta aizarnazabaldarrak zortzigarren amaitu zuen Bergaran eta 13. Seguran. Asteburuan Espainiako Kopako lasterketa izango dute Beasainen.

Juniorrak punta-puntan

Asteburu benetan gogorra izan dute Viveros San Anton-Exclusivas Mardu-Gorka Aseguruak taldeko juniorrek. «Eguraldi baldintzak Berriatuan muturrekoak izan ziren. Lasterketa 27 txirrindularik bakarrik bukatu zuten (94 izan ziren irteeran), eta horietatik bederatzik hipotermia izan zuten», azaldu du ZTK-ko Arritxu Iribarrek.

Beñat Sainzek eta Aratz Unanuek lasterketa bukatu zuten. «Lehen multzoan izan ziren lasterketa osoan, karrera bukatu zuen multzo bakarrean; meritu ikaragarria. Izan ere, lau gradu izan ziren lasterketa osoan, euria goian, behean, karrera osoan, eta ibilbide bihurria. Lasterketaren gogortasunari erantzun zioten, baina bukaeran benetan larri ziren; gorputzaldiari buelta ematea ere kosta zitzaien, batez ere Aratz Unanueri», azaldu du. Hala ere, biek igandean Azpeitian parte hartu zuten eta maila oso ona eman: Beñat Sainz zazpigarren sailkatu zen eta Aratz Unanue zortzigarren. «Altzarteko malda tenteak galbahea pasa zuenean, aukeratuen taldetxoan utzi zituen biak; hiru lehen txirrindulariak banan-banan helmugaratu ziren eta ondoren sailkatutako boskotean Viveros San Anton-Marduko bi txirrindulariak egon ziren».

Taldeak «jarrera aparta» izan zuen lasterketan. Eguraldia negukoa izan zuten arren, taldelan bikaina egin zuten; Jon Berasategi eguneko ihesaldian protagonista izan zen. «Denboraldiko lehen lasterketa hauetan nabarmentzen ari dira, Gipuzkoako junior mailako txirrindularirik onenen artean, Aratz Unanue eta Beñat Sainz», nabarmendu du Iribarrek. Asteburuan Antzuolan dute lasterkeka juniorrek. Deskarga eta bukaeran Uzarragako igoera gainditu beharko dituzte.

Kadeteak Zarautzen

Etxetik gertu zuten lasterketa kadeteek Zarautzen. «Goiza hotz esnatu zen eta lasterketa hastearekin batera txingorrak erasotu zituen txirrindulariak. Kasta erakutsiz aurre egin behar izan zieten baldintza zail eta gogorrei kadeteek». Xuban Arakistainek arazo fisikoak izan zituen eta lasterketa utzi zuen, baina beste hirurek multzo nagusian osatu zuten lasterketa. Karrera Meagako igoeretan erabaki zen: bigarren eta azken igoerak epaia eman zuen, jaitsi eta helmuga aurrez aurre topatu baitzuten txirrindulariek. Unai Egaña 34. sailkatu zen, Borja Osa 37., eta Amets Alberdi 56. 135 txirrindulari elkartu ziren irteeran, baina 99 bakarrik ailegatu ziren helmugara.

Eskola kirolarekin

Harrobia landuz jarraitzen du Zumaiako Txirrindulari Elkarteak, eta igandean Urbil merkatalgunearen inguruan jokatu zituzten lasterketak benjaminek, kimuek eta infantilek. Maila guztietan presentzia handia izan zuen. Benjaminetan, Aratz Aranburu eta Beñat Iraola podiumetik gertu ziren bukaeran, hauengandik oso aparte ez Julen Erkiaga eta Amets Agirre. Kimuetan, «lasterketa ikusgarria» osatu zuten Mikel Otañok eta Galder Zumetak. Biak heldu ziren azken metroetara tartea hartuta; indar gehien esprintean Mikel Otañok izan zuen, denboraldiko hirugarren garaipena lortuaz eta lehenengoz bigarren sailkatu zen Galder Zumeta, «aurreko lasterketetan baino osoago ailegatuaz azken metro horietara». Mairi Lejarretak nesketan garaipen erosoa lortu zuen, alde handia ateraz beste neskei. Infantiletan, Aimar Martinezek orain arteko lasterketarik onena osatu zuen eta zortzigarren bukatu zuen, eta berekin zen Mikel Egañak ez zuen zortea lagun izan, azken aurreko itzulian erori egin baitzen. Nesketan foto-finisha behar izan zen Amalia Agirre eta Amaia Agirreren arteko irabazlea nor zen erabakitzeko; aurrena eta bigarren sailkatu ziren bi ahizpa zumaiarrak.

Aitor Agirre eta Mattin Salegi

Euskadi Fundazioko Aitor Agirrek, lasterketa gogorra izan zuen Berriatuan. Ihesaldian sartu eta helmugarako oso gutxi faltan harrapatu zuten. Garaipeneko borrokatik kanpo gelditu zen. San Jose egunean, berriz, Zamoran, Muelas del Pan herrian, 177 kilometroko lasterketa izan zuen. Ondo moldatu zen, eta lasterketa buruko multzoan egin zuen karrera osoa. Azken igoeran zertxobait atzeratu zen, eta 37. sailkatu zen. Asteburuan Onturren, Albaceten, Espainiako Kopako lasterketan parte hartuko du.

Eulen JiraBirako Mattin Salegik, aldiz, Extremadurako Itzulia osatu du. Hiru etapa izan dira, eta taldeko zutabe nagusia izan da, Meredith taldekideak bigarren amaitzeko. Sailkapen nagusian 71. izan da zumaiarra; lehen etapa 88. bukatu zuen, bigarrena 71., eta hirugarren etapa 77. Asteburu honetan Eukal Herria Torneoko lasterketa izango du Laukizen.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Podium zumaiarra San Martzial Igoeran Maite Urteaga eta Garazi Bergararekin