Borrar
Agustin Mendizabal, Oiartzunen. ARIZMENDI
«Iparraldeko kantarien intonazio hori Hegoaldean ere agertzen da»

«Iparraldeko kantarien intonazio hori Hegoaldean ere agertzen da»

Agustin Mendizabal musikologoak Iparraldeko intonazioa aztertu du eta antzeko kasuak topatu ditu bere herrian, Oiartzunen

Félix Ibargutxi

OIARTZUN.

Sábado, 19 de enero 2019

Orain dela lau urte, Donostiako Orfeoia - Euskal Herriko Unibertsitatea ikerketa saria irabazi zuen Agustin Mendizabalek (Oiartzun, 1967), Iparraldean gorde izan den kutsu zaharreko intonazio baten gaineko ikerketari esker. 'Iparraldeko herri-kantaera tradizionala. Intonazio anbiguoa' ipini zion izenburu hasieran, baina gero aldatu egin du, 'anbiguo' hitz hori ez baitzaio egokia iruditzen. Ingeniari industriala da, baina musikaren ikerlari handia ere bai, eta txistulari eta koru-zuzendaria.

- Beraz, Iparraldeko herri-kantaeraren ezaugarri bati buruz ari gara.

- Fenomeno hau ez da Euskal Herrikoa soilik. Hemen baditu bere ezaugarri bereziak, jakina, baina mundu mailako fenomenoa da, eta Europan asko aipatu eta aztertu da. Azken batean, kantua intonatzeko edo afinatzeko modu batez ari gara. 'Anbiguo' hitza, ikerlari espainiar batek erabilitakoa da, baina gero konturatu naiz frantsesez eta ingelesez 'neutro' eta 'neutral' esaten diotela, eta deitura hori egokiagoa iruditzen zait. Nik, azkenean 'neutro' eta 'erdi-bidekoa' hobetsi ditut, bigarren hau intuitiboagoa delarik, euskaraz errazago sartzen dena.

«Iparraldean badaude pertsona batzuk lehengoen eran kantatzen ikasi nahi izan dutenak»

«Oiartzunen ongi iraun du kantatzeko tradizioak, eta gainera kantari on asko dago»

- Zehazki, zer da intonazio erdi-bideko hori? Irratian bageunde errazago izango zen azaltzen, baina egunkarirako ari gara...

- Ezer baino lehen, lehen esan duzu Iparraldeko fenomenoa dela, baina ez da guztiz horrela. Iparraldean mantendu egin da, eutsi egin zaio herri-tradizio honi, eta gainera badaude pertsona batzuk era horretara kantatzen ikasten saiatu direnak. Hegoaldean, berriz, horren kontzien-tziarik ez da izan eta esan liteke ia-ia galdu egin zela, baina badago bertsolariren bat noizbehinka sumatzen zaiona horrelako kantaera. Badaude grabaketa batzuk kantaera mota hau agertzen digutenak, eta hemen Oiartzunen gaudenez Lexoti eta Mitxelenaren grabazio batzuk ditugu. Basarri eta Balendin Enbeitaren grabazio batzuetan ere agertzen zaigu...

- Lehengora bueltatuz: nola deskribatuko zenuke intonazio berezi hau?

- Pianoa hartzen badugu, adibidez, badaude nota batzuk teklatuan ez daudenak, bi teklaren artean daudelako.

- Horregatik darabilzu 'erdi-bideko' hitza?

- Bai, horregatik. Piano batean, bitarte txikiena, tonu erdikoa da. Adibidez, do eta do sostenituaren artean tonu erdia dago, baina, kantaeran, normalean hiru laurdeneko bitarteak egin ohi dira Iparraldeko herri kantaeran. Hori, Mendebaldeko gure belarri eskolatuentzat, desafinatzea iruditzen zaigu. Baina herri kantaera ezin da aztertu kultura eskolatuaren ikuspegitik; hori akats handi bat da. Tradizio luzeko herri-kantaera baten aurrean gaude.

- Noiztik etor daiteke?

- Teoria desberdinak daude. Hipotesietako baten arabera, kantaera berezi hau txirularekin dago lotua. Txirularen lehenbiziko zuloa tonu osoa izaten da, baina bigarrena neutroa. Nire ustea esango dizut: Erdi Aroan jadanik finkatuta zegoen kantatzeko modu hau, eta ordutik dator. Adibidez, Korsikan eta Zamorako Andavías herrian mota honetako intonazioak aurkitu dira zenbait eliz kantatan, eta grabazioak badaude. Andavíaseko kasuak oso atzera eramaten gaitu. Ez dut ukatzen txirularen teoria; izan ere, nondik dator Erdi Aroko kantaera hori?; agian, musika-tresnen imitaziotik. Beste gauza bat: Arabian eta islameko beste toki batzuetan ere halako intonazio berezi bat daukagu, Mendebaldeko belarriei arrotza egiten zaiena, baina hori ongi pentsatutako kantaera izan zen, intelektualek hala erabakitakoa, lan teoriko bat eginda. Han hiru tonu laurdenekin jokatu zuten; Mendebaldean, berriz, adituek diotenez, XI. mendean-edo, tonu eta tonu erdiko sistema finkatu zen.

- Lehen esan duzunez, Iparraldean lagun batzuk saiatu dira lehengo kantaera tradizional hori ikasten.

- Bai, Jean Mixel Bedaxagar, Maddi Oihenart, Beñat Axiary... Ez diet galdetu, baina hala dirudi. Bedaxagarrek kontatu du gaztetan irratiko musika eta kantua entzuten zuela, baita Luis Mariano ere, eta gero ohartu zela zaharrek beste era batera kantatzen zutela, eta ikasten hasi omen zen. Bedaxagarrek sekulako zubi-lana egin du. Axiaryk badu aspaldiko disko bat, 1988koa, 'Arranoa' izenekoa, non kantaera tradizional berezi honen zantzu batzuk ikusten diren, eta bere azken diskoan ere bai. Niko Etxartek ere, bere aitarekin batera kantatu zuenean... ez hain nabarmen, baina egiten ditu halako gauza batzuk... Eta baita gazte batzuek ere: Julen Axiaryk, Mathieu Mendizabalek... Etxekoparrek ez dut uste kantatzen zuenik -txirularekin oso gauza ederrak egin izan ditu- baina uste dut bera ere kantuan hasia dela, eta zaharren intonazioa erabiltzen duela batzuetan. Iparraldean badago kontzientzia bat, zaharren intonazio horiek ez daitezela gal.

- Eta zuk Oiartzunen sumatu al duzu horrelako intonaziorik herriko zaharren artean? Izan ere, ibilia zara kanta eta bertso bilketan, eta gainera liburua plazaratu duzu, 'Hau leku aittorra'.

- Oiartzunen ongi iraun du kantatzeko tradizioak, eta gainera kantari on asko dago. Orain dela bi urte atera nuen liburua, jende askori egin nion grabazioa eta batzuei bai, tarteka, nabaritzen zitzaien intonazio desberdin hori. Beraz, ez da bakarrik Iparraldeko kontua, Hegoaldekoa ere bai.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Iparraldeko kantarien intonazio hori Hegoaldean ere agertzen da»