Borrar
Alaia Martin, elkarrizketa aurretik. Lobo Altuna
Alaia Martin: «Pozik dut txapela, baina eragin nahian gabiltzan denok daramagu»

Alaia Martin: «Pozik dut txapela, baina eragin nahian gabiltzan denok daramagu»

Bertso eskolak erdian jartzea ospatzen du oiartzuarrak, haiei «esker gauza plazan ari garen ia denok», dio Martinek

Jon Agirre

Oiartzun

Lunes, 16 de diciembre 2024, 20:15

Txapela eskuan du Alaia Martinek, baina buru asko dituela dio eta nork irabazi ez duela aldatzen Gipuzkoako bertso ekosistemaren egoera.

– Illunbeko finalean olatuak eta guzti ikusi ziren. Giro bero hori heldu zitzaizuen?

– Euforia hori ateratzeko modu bat izan zen. Guk mikrofonoa dugu eta kantatu egiten dugu, elkarri begiratzen diogu lilura horrekin. Guretzako oso plaza ona izan zen, oso emankor eta hartzaile zeuden, bultzaka eta bultzaka. Plazer handia izan zen han kantatzea.

– 2022ko nagusian ikusitakoa sakondu du txapelketa honek. Geratzeko heldu da oholtza berria?

– 2011ko finala izan zen bizi nuen lehena eta gauzak asko aldatu dira. Belaunaldi berrien agerpena soilik ez, parekidetasunean ere. Zabaldu da apur bat oholtza eta gorputz gehiago kabitzen dira, denak oraindik ez dauden arren eta lana geratzen den egiteko. Horrek bertsolaritzari asko ematen dio. Euskal Herri mailan sakonago gertatu dela esango nuke, nabarmenago sentitzen dut, eta Gipuzkoan eragiteko esparru gehiago dago.

– Belaunaldi berria asko aipatu da, esaterako Maider Arregi zuk prentsaurrekoan zein Ane Labakak agurrean. Beste sare bat josi da?

– Finalean bertsolari gehiago egon zitezkeen. Oihana Arana izugarrizko txapelketa eginda heldu zen final-laurdenetara, Maider Arregi puntutxo batetara geratu zen eta txapelketari gehien eman dion bertsolaritakoa izan dela esango nuke, zeresan gehien daukanetakoa da. Beste aulki bat merezi zuen eta espero dut plazak emango diola datozen urteetan. Aner edo Andonik emandako freskotasuna edo sakontasuna hor dago. Oso bide interesgarri bat marrazten ari dira eta asko daukagu ikasteko gazteagoengandik. Asko ikasten dut egunerokoan bertsotan eta bestela. Espero denok izango dugula belarri- eta buru-irekiera hori.

– Ia berea dute aulki hori, ez?

– Bai, eta ez txapelketa honetan, lehendik ere. Maider ezagutzen zuenak bazekien edozein finaletan egoteko bertsolaria dela. Txapelketak zortea eta beste mila faktore ditu. Esateko daukatenak mikrofono potentea merezi du. Amaia Iturriotzek ere txapelketan lan handia gorpuztu du. Asko eman dute eta bidea ireki dute gainera. Oso pozik nago habitatzeagatik garai hau. Beren alde soilik ez, denon alde ari direnaren konbikzioak segurtasuna eta ausardia, indarra, ematen die gorputza oholtza gainean jartzeko. Sentitzen dutela haiei esker bertso mundua bizigarriagoa, zabalagoa, aberatsagoa eta emankorragoa izango dela. Eta hala da.

– Gipuzkoako txapeldun bezala, nola bizi duzu hori?

– Txapel hori izatea tokatuko zait lau urtez, poz handiz, ilusio handia egiten dit bizitzeak. Baina nik badakit txapelduna izan zitekeela Oihana, izan zitekeela Ane. Begira, Beñat -zortzi urtez txapeldun-. Ez daramat txapel hau nik bakarrik, ez da soilik lagundu nauten guztiek ere meritua dutela. Txapel hau askoren artean daramagula sentitzen dut bene-benetan. Beñatek irabazi balu ere, bertsolari izugarria da, edozein bertsokideri entzungo diozu garantia absolutoa dela berarekin kantatzea eta bere eskuzabaltasuna, Oihanak daukan distira eta esan-indarra, Anerena... Jarraituko nuke izen guztiak esaten. Ordezkaritza hori ez litzateke asko aldatuko. Pozik gordeko dut txapela, baina txapela daramagu garai honetan saltsa honetan eragin nahian gabiltzan denok. Behar zen momentu eta tokian egoteko aukera izan dugu.

– Txapelketa osoan zehar bertso eskolak erdian jarri dira. Zor bat kitatu da haiekin?

– Bertso eskola askorentzat oinarrizkoa izan da. Nahiz eta anaia ere bertsolaria izan ez nator familia bertsozale batetik, bai herri bertsozale batetik, eta oso ongi egituratua zegoen bertso eskolan asko zaindu gintuzten: Esteban Martiarena, Arkaitz Goikoetxea, Miren Irigoien... lan handia egin zuten gu eroso senti gintezen, bertso-ekosistema hori ezagutu genezan. Patxi Goikolea eta Arantzazu Loidi gidari izan zutenak izugarrizko kosmobisioa izan zuten sakralizazio hori kentzeko, bertsolaria jaio egiten zela. Bide horri segitu zioten eta horri esker gaude plazan ari garen ia denok. Nire bizitzako lagun onenetakoak eman dizkit bertso-eskolak. Oiartzungoa, Santutxukoa, Añorgakoa, Donostiako Alde Zaharrekoa, Ahalduntze Eskola... Funtsezkoak. Horiek gabe ez nengoke hemen.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Alaia Martin: «Pozik dut txapela, baina eragin nahian gabiltzan denok daramagu»