Borrar
1984ko argazkian, ezkerretik eskuinera, Koldo Mitxelena, Angel Lopez Garcia, Karmele Rotaetxe, Alan R. King, Jean Haritxelhar eta Patxi Goenaga. EUSKALTZAINDIA
Alan R. King britaniar euskalduna

Alan R. King britaniar euskalduna

64 urte zituela zendu da euskara ikasten 1970ko hamarkadan hasi zen euskaltzain urgazle eta itzultzailea

Miren azkarate

Jueves, 21 de febrero 2019, 15:59

Bart utzi gaitu Alan King lankide eta lagunak. Espero genuen berria, baina horrek ez du arinduko haren hutsunea. Zorionez, ia beti izan ditugu atzerriko adituak euskarari ekarpen handiak egin dizkiotenak. Baina kosta egiten zaigu ezagutu dugunoi Alan King 'atzerritartzat' hartzea, gure artean eman du-eta bere bizitzaren zatirik handiena. Gure artean, gurekin batera gramatika-lanetan. Gutako bat zen, beste euskaldun bat gehiago. Egia da Ingalaterran jaio zela 1954an, baina bere hitzak baino hoberik ez dugu aurkituko Alan Roy King nor izan den jakiteko:

«Ingalaterrako ipar-mendebaldean jaioa naiz, kostako herri batean, Lancashire izeneko kondaduan. Nire gurasoak Londresen jaio ziren eta aitona-amonak, berriz, Ekialdeko Europako etorkin juduak ziren. Hamahiru urte bete arte Ingalaterran hazi nintzen eta gero Kalifornian, eta ondoren Europara itzuli nintzen. Hogeita bost urte nituelarik Euskal Herrira etorri nintzen bizitzera, eta geroztik bertan bizi izan naiz, Gipuzkoan, nahiz eta aldi batzuk kanpoan igaro, hala nola Ingalaterran (berriz), Katalunian, Galesen eta El Salvadorren (Erdi Amerikan alegia). Ama eta anaia Hawaiin ditut eta han ere pasatzen ditut alditxoak noizbehinka».

Bizitzako joan-etorriez gain, zaletasunen eta kontu gogokoenen berri ere utzi digu Alanek bere webgunean: «Hizkuntzak ditut zaletasun nagusia. Hizkuntzak ikastea atsegin dut, eta jakin badakizkit haietako zenbait, baina ez zait gustatzen zerrendarik ematea. Hizkuntzei lotutako hainbat arlo interesatzen zaizkit, hala nola hizkuntzalaritza (nola 'funtzionatzen' duten aztertzea, alegia), gramatika (haien deskribapena jorratzea) eta hizkuntzalaritza aplikatua delakoa (hizkuntzak nola irakats). Aipatu alorretan lan ezberdinei ekin diet: gehiegi llabur-llabur esateko hemen. Modu berezian atentzioa deitzen didate euskara bezalako hizkuntza 'txiki' edo minorizatu direlakoek, eta ondorioz, hizkuntzen berreskurapenaren arloak baita ere».

Ez da harritzekoa, beraz, 1970eko hamarkadan hasi izana euskaraz ikasten, Euskal Herrira etorri zenean. Eta, zaletasun horrek eramanik, 1985ean Gramatika batzordeko kide egitea. Londresko Unibertsitatean irakurri zuen doktore-tesia 'Communicative Grammar of the Basque Verb (Selected Aspects)' izenekoa. Euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak 2003ko urtarrilaren 31n. Baina, ekarpen nagusia gramatikaren alorrekoa izan arren, Alan Kingek beste zenbait erakunderekin ere lan egin du, guztientzat izan du zer eskainia: IVAPekin, Ikastolen Federazioarekin, Hezkuntza Sailarekin… 'Euskal Gramatika. Lehen Urratsak' gramatikako liburukietan parte hartzeaz gain, 'The Basque Language: A Practical Introduction' argitaratu zuen Renoko Unibertsitatean 1994an eta handik bi urtera, Colloquial Basque' Begotxu Olaizolarekin batera, hizkuntzalaritzaren munduan prestigio handikoa den Routledge argitaletxean.

Berak aitortu bezala hizkuntza gutxituak, oro har, ziren bere jakin-mineko. Horregatik 2002 eta 2005en arteko Salvadorreko egonaldian nawat (adinean aurrera doazen hiztun gutxi batzuk baino ez dira geratzen) eta lenca hizkuntzetara ere hurbildu zen eta 2004an 'Gramática elemental del náhuat eta Timumachtikan! Curso de lengua náhuat para principiantes adultos' argitaratu zituen.

Eta Alan Kingek landutako hirugarren arloa, hizkuntzen berreskurapen eta biziberritzearena. Kezka eta lan horren emaitza dira 'Language Recovery Paradigms' artikulua, The Oxford Handbook of Endangered Languages liburuan argitaratua, edo 'El náhuat y su recuperación' artikulua.

Asko dugu Alani eskertzeko guk guztiok, baina nahiago dut haren oroimenezko lerro hauek berriro ere bere hitzekin amaitzea: «urte guzti hauetan zehar euskararen berreskurapen prozesuan nolabait parte hartzen ari izan naizela esan daiteke (eta harro esaten dut!). Baina egia izan arren era apal eta xume batean euskarari laguntzen ahalegindu naizela neure bizitzan, ez nuke gutxiago azpimarratuko euskalgile eta euskaldunekin izan ditudan harreman luzeak neuri opatu dizkidan ikasgai oparoen jasotzaile izan naizela ni». Gu ere, Alan, zure ikasgai oparoen jasotzaile izan gara, eta, batez ere, zure adiskidetasunaren hartzaile. Adiskidetasun horren, elkarrekin igarotako orduen oroipena izango dugu lagun hemendik aurrera ezagutu zaitugunok.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Alan R. King britaniar euskalduna