Secciones
Servicios
Destacamos
«Zenbat buru, hainbat aburu». Horixe buruan, eta umore dosi altuarekin, ondu zuen Elena Díaz aktore eta egileak 'Madres' antzezlana, izenburuak aditzera ematen duen bezala amatasuna eta honi buruzko «galderak, zalantzak eta iritzi ezberdintasuna» ardatz dituen testuarekin. Orain Txalo Produkzioak moldatu, euskaratu eta otsailaren 6tik 9ra Donostiako Antzoki Zaharrean taularatuko duena. Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean Iraitz Lizarraga, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Intza Alkainek gorpuztuko dute. Sarrerak jada salgai dira 16 eta 22 euro artean.
Lau emakumeak ikastetxe bateko itxaron gelan irten ezinik geratzen dira. Estualdia abiapuntu, komedia eta barrerako uneekin, «istorio desesperagarria» da. «Egoera larri honek, mugarik gabeko ezusteko terapia batera eramango ditu, bertan amatasunaren alde on eta txarrak ateratzen joango dira», dio sinopsiak. Iritzi kontrajarri horiek eta une oro lau aktoreen artean interakzioa egoteak obra «pikatua» egiten du Maritorenarentzat. «Hasiera batean ez dute elkar ezagutzen eta entzerratuak geratzean asko txokatzen dute. Oso bizia da, bizitza errealean bezala: batek dio modu batera egin behar dela, besteak bere esperientziagatik ezetz...», azaltzen du. Tirabira horiek antzezlanari erritmoa emateaz gain, pertsonaia bakoitzean eragina du eta hauetan «aldaketatxo bat» ematen da.
Datak: otsailak 6tik 9ra.
Lekua: Antzoki Zaharra (Donostia).
Hizkuntza: euskara.
Prezioa: 16 eta 22 euro artean.
Antzezleak: Iraitz Lizarraga, Tania Fornieles, Oihana Maritorena, Intza Alkain.
Zuzendaria: Begoña Bilbao Lejarzegi.
Egilea: Elena Díaz.
Batek pentsa lezake ika-mika horrek giroa petralduko duela, baina Maritorenak «errespetua» nagusitzen dela argitzen du. «Obrak amatasunari buruzko iritzi ezberdinak plazaratu nahi ditu eta gu lau emakume gara, bakoitza bere bizipenekin, batzuk ama izandakoak, besteak izango direnak, ama izan nahi ez duenik ere... Bakoitzak bere iritzia ematen du, baina umoretik eta errespetutik beti». Horrek gaia «unibertsal» egiten du aktore donostiarraren ustetan, edonork uler ditzakeen zalantzak edo galderak jartzen baitira mahai-gainean. Ez bada norberak bizi izan dituelako, «norbaiti entzun diolako, kuadrila, laguna, arreba, ahizpa, familiako bat, lankide bat...».
Urtarrilean Hondarribian estreinatu zuten eta ostean izan dira Villabonan eta Atarrabian. Donostiari begira erritmoa hartuta datozela argi du Maritorenak. «Antzerkiak rodajea behar du eta publikoaren aurrean egiteak asko laguntzen du, ez dakizulako aurrez zerk funtzionatuko duen eta zerk ez. Eta toki bakoitzean, gainera, ezberdin da. Oso adi egon behar da publikoaren erantzunera, barrez ari badira isiltasuna mantendu adibidez», azaltzen du. Bide horretan lau egunez toki berean izatea lagungarri suertatuko zaiela iritzi du. Pertsonalki, «gogoz» hartuko du erronkatik ere duen zita. «Donostiarra izanda Antzoki Zaharrak beti inposatzen du, exijentea baina gozagarria da. Hemengoa izanda txikitatik beti joan naiz, gazte topaketetan parte hartu dut. Xarma berezia du ikusle bezala joatean eta antzezten duzunean ere».
Exijentzia aldetik, 'Amak' antzezlana ere ez da atzean geratzen, obra osoan zehar lau aktoreak beti baitaude oholtzan, atsedenik gabe. «Daukan alde ona da ez daukagula arropa aldaketarik, batzuetan korrika atera behar zarela», dio umorez Maritorenak. «Oso adi egon behar duzu, ez daude bakarrizketa oso luzeak atseden hartzeko. Testutxo luzeagoak badaude norbaitek bere iritzia ematean, baina ez du deskantsatzeko aukera ematen. Kontzentrazioa eskatzen du». Ikuslearentzat, aldiz, «oso momentu dibertigarria edo entretenigarria pasatzeko aukera» dela dio eta hausnarketarako ere ematen duela antzokian igarotako tarteak.
Donostiako lau egunen ostean, hurrengo geltokia Tolosako Leidor Aretoa izango da martxoaren 21ean.
'Amak' obraz gain 'Oscarra Oskarrentzat' ere esku artean du Maritorenak eta taula gainean egindako ibilbideak eta sektoreko kideekin elkarbanatutako esperientziak ahots 'beterano' egiten du euskal antzerkiaren diagnosia egiteko. Azken urteotan egoera «asko» aldatu dela iritzi du eta heldu den belaunaldi berriak maila igo duela alor guztietan, bai aktore aldetik baina baita gidoilari, zuzendari, argiteria, jantziteria... Era berean, «ekoizpen handia» egiten dela dio, hein batean laguntzei esker, baina gero emaitzak beti ez direla ikusten eta agian «banaketa edo programazioan» ere falta direla. Adibide bezala jartzen du aipatutako bigarren antzezlana. «Abuztuan estreinatu abuztuan eta bederatzi emanaldi ditugu oraingoz. Eta pena bat da, ze lan bat dago, gero antzokietara jendea joaten da. Lan asko oso emanaldi gutxirekin geratzen dira, hor badago zerbait egiteko. Zer-nola ez daukat barita».
Belaunaldi berriak obra «oso anitzak» egiten dituela goratzen du eta, beraz, erreleboa bermatua dagoela: «Kamikaz kolektiboa, Xake produkzioak, Dejabu, Artedrama... badago errelebo handia eta oso ona, erakusteko lekua behar da», aldarrikatzen du.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.