Borrar
Joserra Garzia eta Irati Elorrieta 'Neguko argiak' eleberriaren aurkezpenean. MÓNICA RIVERO
Ametsei uko egiteko asmorik ez duten 50 bat lagun, Berlingo neguko argitan
Irati Elorrieta

Ametsei uko egiteko asmorik ez duten 50 bat lagun, Berlingo neguko argitan

Aurrenekoa kaleratu eta hamar urtera, Pamiela etxearekin argitaratu du Irati Elorrietak bigarren eleberria, 'Neguko argiak'

nerea azurmendi

Miércoles, 31 de octubre 2018

Azken urteotan maiz galdetu omen diote Irati Elorrietari (Bilbo, 1979) ea ba ote zeukan esku artean literatur lan berririk, 2008ko 'Burbuilak' (Alberdania) hari segida emango zion proiekturik-edo. Hildako bat zeukala erantzuten zien berak. Azkenean, hamar urteko bide luzearen buruan, 280 orrialdeko eleberria ekarri du: Pamiela etxearekin argitaratu duen 'Neguko argiak'.

Hildakoarekin batera, 50 bat pertsonaia bizi-bizi dabiltza nobela osatzen duten 44 ataletan barrena. Joxerra Garziak liburuaren aurkezpenean esan bezala, «mosaiko erraldoia» osatzen dute gizon eta emakume horiek guztiek, eta «Europa natural bizi duen belaunaldi bat» islatzen dute. Eleberriaren eszenatoki nagusia den Berlinen egin dute topo, baina hara iritsi dira Euskal Herritik, Danimarkatik, Vietnamdik, Frantziatik... Irati Elorrieta ere hala heldu zen Berlinera, eta han jarraitzen du; halakoak ziren halaber 'Burbuilak'-eko pertsonaia berlindartuak.

Baditu liburuak gainerakoak baino nabarmenxeagoak diren bi protagonista, elkar Parisen ezagutu zuten eta Berlinen ere elkarrekin dauden Añes eta Marta adiskide euskaldunak. Hala ere, haien mundua osatzen dutenak –esaterako, Garzia liluratuta daukan Xuan vietnamdarra– ez dira bigarren mailakoak, denak baitira ezinbestekoak liburuaren benetako protagonistatzat jo daitekeen komunitate berezi eta askotariko hori osatzeko.

Asteazkenean Donostian egin zen aurkezpenean, eleberriaren alderdi askori erreparatu zien Garziak. Nabarmendu zituen gaien ugaritasuna (natura, hirigintza, zinea, musika...), eta Elorrietaren estiloaren berezkotasuna, nortasuna. «Zinemari asko zor dion estiloa da, ausarta, informazioaren kudeaketa bikaina egiten duena, aurrera egiteko balio dioten elkarrizketa asko eta oso biziak dituena», esan zuen. 'Burbuilak'-en agertu zen Elorrietaren «ahots propio eta ezohikoa, euskal literaturari oxigenoa ekarri ziona» finkatu egin dela adierazi zuen, berriz, Pamiela etxeko Jose Angel Irigarayk.

«Erresistentzia isila»

Aurkezpenerako propio etorritako Elorrietaren hitzek Garziak aurretik iradokitako «erditze-lan luze eta zaila» baieztatu zuten. Idazle bizkaitarrak oraingoz argitaratu dituen bi liburuen artean hamar urte igaro dira, eta badirudi tarte horretan joan dela ontzen 'Neguko argiak'-en islatzen den mundua. «Orain mundu hori paperean utzi dut, hustu dut burua, beste gauza batzuei egin diet tokia. Etxea garbitzea bezala izan da», esan zuen idazleak.

Pilatuta zeuzkan istorioak, liburura isuri dituenak, erakusten dute jende mordo bat gauza nahiko arruntak egiten: kozinatzen, bidaiatzen, euren jatorriaz mintzatzen, elkarri laguntzen... Elorrietaren esanetan, gai zentrala «adiskidetasuna» da, «elkarrengana hurbiltzea, hartu-emanak...». Azken batean, 2008ko 'Burbuilak', ametsak, zulatzen direnean, «harreman sare hori da gelditzen zaiena» bizimodua familiarengandik eta sorterritik urrun eraiki dutenei. Denak dira tankera bertsukoak, «ez dute anbizio handirik diruaren edota profesioaren aldetik. Nahi dutena da bizitzea». Bizimodu nahiko alternatiboa daramate, hortaz. «Antolatu gabeko erresistentzia isila» dira.

Horrek ez du esan nahi ameskerietan galtzen direnik, jende errealista baitira jeneralean. Alde horretatik ere egin du bere lana denborak, helduagoak baitira 'Neguko argiak'-eko pertsonaiak orain hamar urtekoak baino. Azken hamarkadan Berlinek nozitu duen aldaketa handiak badu halaber tokia eleberrian: «Lehen hiriak amets egiten uzten zuen, aldaketak ametsari lekua kendu dio». Hala ere, amets zapuztuak baliotsuak dira. Esaterako, liburura ekarri duen XIX. mendeko Pariseko Komunakoak. «72 egunez bizitza alternatiboa antolatzeko saio» hura gogoratuz, «pertsonak ez ezik denborak eta lekuak lotu» ditu Elorrietak. Eta horrexek ahalbidetu dio, halaber, memoria ariketa bikoitza egitea: «Pertsonala eta kolektiboa».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ametsei uko egiteko asmorik ez duten 50 bat lagun, Berlingo neguko argitan