

Secciones
Servicios
Destacamos
Hilaren 15ean, Joxean Artzeren olerki batzuk errezitatzen ikusi genuen Andoni Salamero (Zumarraga, 1966), Foru Aldundiaren jauregian, poeta handiaren omenezko ekitaldian. Salamero bera ere poesiaren inguruan bizi den gizona da, zenbait liburu publikatutakoa eta ikuskizunak muntatutakoa.
- Diputazioak bazekien zuk Joxean Artzerekin harreman handia izan zenuela .
- Hasieran, haren liburuak ezagutu nituen. Aurkikuntza handia izan zen haren 'Ortzia lorez, lurra izarrez' topatzea. Zoragarria zen. Gero bera ezagutzeko zortea izan nuen, non eta Urretxun, Jose Luis Padrónen bidez. Artzek ikuskizuna eman behar baitzuen bertan. Bertaratu nintzen eta oso modu adeitsuan hartu ninduen. Topaketa zoragarria izan zen, sentsibilitate handiko pertsona baitzen.
- Hori noiz izan zen?
- 1995. urte aldera. Padrónek jakin zuen Artzek nahi zuela koruren baten bitartez ikuskizun berri bat abiatu bere olerkiak plazaratzeko, eta guk -Urretxu-Zumarragako gazte batzuek, Hits & Fits izenarekin ari ginenok- egin genuen koru lana.
- Eta gero Artzerekiko harremana sendotu egingo zen.
- Bai, jakina. Ikuskizunaren lehenengo emanaldia Donostiako Victoria Eugenian izan zen, baina gero beste batzuk egin genituen, Usurbilen ere bai, eta harremana sendotuz joan zen. Ni, haren bere lana miretsi egiten nuenez, sarriago joaten nintzen Usurbila, ikasle baten gisa. Bere mundu intimoa erakutsi zidan, haren emazte Karmen eta Donostiako zein Usurbilgo familia... handia izan zen. Asko eskertzen diot.
- Zure poetikak eta Artzerenak badute elkarren antza: bietan natura dago, bietan traszendentzia irrika...
- Bai, bai. Inoiz esan didate: «zure olerki honek Artzeren ukitua, Ar- tzeren usaina dik». Hori, niretzat, ohore handi bat da. Eta nire errezitazio moduak ere badu haren antza, izan ere, bera izan bainuen irakasle. Berak sarri azpimarratzen zigun ondo ahoskatu behar genuela, eta oso-oso azpimarratzen zuena etenaren kontua zen.
-Bai, haren isiluneak garrantzi handia zeukan, eta bistan da zuk ere hala jokatzen duzula.
-Beti esan dut azken batean jendeari begiratu behar diozula, eta isilunea sentiarazi behar diozula, zeren oso ohituta gaude gizarte honetan gauza denak azkar egiten, eta horrek etenik ez egitera garamatza. Isiluneari ez zaio garrantzirik ematen.
- Zuk, berriz, garrantzi berezia ematen diozu.
- Oinarri eta lehengaia da beste dena sortzeko. Artzerengana itzuliz: berak bere talentua bizi zuen eta pasio handiz bizi zuen poesia, bere egunerokotasunera trasladatzen zuelarik. Artzeren kasuan gizakiak bat egiten zuen berak sortzen zuenarekin. Nik beti esan ohi dut gizakiak bi gauza egin behar dituela, eta bata da izatea; horrek esan nahi du pentsamenduak behatzea, emozioak behar bezala kudeatzea. Eta bigarren gauza da sortzea, eta sortze horrek eramaten zaitu zeure talentua deskubritzera.
- 'Talentu' hitza aipatu duzularik, badakit tailerrak egiten dituzula dohainak eta talentuak lantzeko.
- Horrelako tailerrak dira jendea konturatu dadin tamalez gizarte honetan gertatzen ari zaigunaz. Jende asko badaukagu -ehuneko 80 beharbada- maite ez duen lan batean ari dena. Lanean pozik ez dagoenez, hori gero bere jardunetara trasladatzen da, etxeko jardunetara, kaleko jardunetara...
- Insatisfakzio betean bizi den jendea da.
-Nire ikastaro horietako batean, neska ikasle batek aitortu zidan: «Nik nire talentua ukatu dut». Hark bazekien zertan zen trebea. Gainera, hezi gaituzte bolo-bolo dabiltzan karrerak egin behar direla esanez. Eta litekeena da karrera sekulako notekin atera duen jende horrek gero esatea etxean: «Nik ez dakit hau zergatik egin dudan».
- Toki askotan ematen dituzu horrelako tailerrak?
- Bai, honezkero eman ditut toki batzuetan, lehenengoa Ormaiztegin, gero Beasainen, Zumarragan... Garrantzitsua da, baita ere, zure talentu hori egoera ekonomikoa hobetzera bideratzen asmatzea.
- Zeren ekonomiak ere bere garrantzia dauka. Zuk utzi egin duzu Oñatiko ikastetxe batean zeneukan irakasle lana.
- Nire kasuan, badakit gai naizela hitzaldiak emateko, poemak errezitatzeko, tailerrak emateko. Badakit karisma eduki behar duzula, baita ere. Erabakia hartzea ez da batere erraza izan, baina fedea daukat. Nahi nuen aitzindari izan beste alor batean...
- Zer asmo dituzu bada?
- Badago beste arlo bat nik asko maite dudana: doluan dagoen jendea laguntzea. Jendea horrelako egoeratan deseroso sentitzen da, baina heriotza hor dago eta aurre egin beharra dugu. Uste dut nire izaeragatik eta sentimenduak kudeatzen badakidalako zerbait aportatu dezakedala. Agur-omenaldiak antolatzen hastea erabaki dut, zeren bioberatasuna eman izan dudanez, eta Edurne Salegi yoga-irakaslea nirekin ari denez...
- Zer esan duzu? Bioberatasuna?
- Bai. Bioberatasuna, azken batean, zera da: biziak eman digun beratasun edo samurtasun hori besteei ere ematea, zabaltzea.
- Baina itzul gaitezen hildakoen agur-omenaldien kontura...
- Horrelakoetan nik zer egin dezaket? Bada, bertaratzeaz gain, lagun-tza eta hurbiltasuna eta errukia agertu. Baina errukia, ez adiera erlijiosoan ulertu izan den bezala, baizik eta enpatiaren sinonimo gisa. Edurne Salegi eta biok egoten gara joandakoaren familiarekin. Zumarragan badago psikologo famatua dolu kontuetan espezialista, Patxi Izagirre, eta Edurnek hark emandako ikastaroa egina du. Beraz, Edurne eta biok egoten gara joandakoaren familiartekoekin, bisita honek badu alde terapeutikoa, minaren espresioari, sentimenduei, maitasunari leku egiten dielako, gero, haren datuak biltzen ditugu, eta ondoren agur-omenaldiaren gidoia egiten dugu, eta hor tartekatuak egon daitezke poema eta bertsoak, euskaraz nahiz gaztelaniaz. Familiak oniritzia ematen badu, ba aurrera, errituala bideratzen dugu.
- Eta tarifaren bat izango duzue.
- Bai, hala da. Jendea sartzen bada dolu.eus webgunean, hor jakingo du zer egiten dugun.
- Artikulua idatzi duzu, eta publikatu, esanez Artzeren omenaldi ekitaldian, Diputazioan egin berri den horretan, nahi izan zenuela bertaratuak 'Agur jaunak' kantatzen jarri, baina azken momentuan atzera egin zenuen, beldurtuta-edo.
- Oso kantu solemnea da. Eta denok sekulako errespetuarekin kantatzen dugu. Oso bitxia da. Badakigu hori lehenagotik datorrela, gure asaben gauza bat dela. Bestalde, oso kantu xinplea da, baina xinpletasun horretan dena adierazia dago. Diputazioko ekitaldi horretan zalantza izan nuen, ez nuen gaizki ulertutik sortu nahi izan.Eta zuk esan duzuna, beldurra ere bai; niretzat, edozein ziurtasun eza beldurra da. Hargatik, erabaki nuen abestu ez arren, beste era batean adierazi nahi niola Joxani eta haien etxekoei kantu horren bidez neuk sentitzen nuena.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.