Borrar
Félix Morquecho
Antzerkian inprobisatzen ikasteko «gune segurua»
59. Durangoko Azoka | Ikasle Goiza

Antzerkian inprobisatzen ikasteko «gune segurua»

Ikasle Goizaren baitan 200 gaztek antzerki eszena bat sortzen ikasi dute inprobisazio teknika erabiliz Karrika Antzerki Taldearen eskutik

Jon Agirre

Durango

Viernes, 6 de diciembre 2024, 07:12

«Lotsak etxean utzita», «ondo pasatzeko» deiarekin eta, batez ere, «segurtasun baldintzetan» ekin zieten azken tailer honi bi txandetan parte hartu zuten 200 gazteek zein Karrika Antzerki Taldeko kideek. «Hemen pasatzen dena hemen geratzen da», azpimarratu zuen hainbatetan Patricia Urrutia zuzendariak, behin eta berriro eskatuz mugikorrak patrikan utzi eta argazki eta bideoez ahazteko. Horretarako tartea izan zuten amaieran.

Azalpenekin abiatu ziren, esaterako inprobisazioa «ez dela okurritzen zaidan lehen gauza egitea», gazteen barreak sortuz. Eta hala joan zen ordubetetik gora luzatu zen saioa. «Motz egin zaigu», aipatzen zuten Durangoko zenbait ikaslek. Arte Eszenikoetako batxilerreko kide, 10:30ean eskainitako saioaz gain 12:00etakoan ere parte hartu zuten. Bietan hainbat aholku eta gida modu oso praktikoan jaso zituzten, oholtza gainean nola egin ikusteko eta bizitzeko aukerarekin. Horretan lagundu zuen partaide bakoitzari «nahi zuen neurrian» parte hartzen utzi izanak, oholtzara igoz edo aulkietan eserita proposamenak eginda. Dena «segurtasun baldintzetan».

Antzerkiaren muina «istorioa» dela azaldu zien Urrutiak, informazioa galderekin uztartuz. Hala osatu zuten antzerkiaren eskeletoa: trama edo gatazka, pertsonaiak, espazioa, dekoratuak eta objektuak. Lotsati hasieran, ikasleak giroan sartzen hasi eta ariketaro bi igo ziren oholtzara. Lehenik, objektu imajinarioa eskuetan zutela moldatu, antzeztu eta albokoari pasatzen joan ziren -liburua zena kasko, arku eta gezi, baloi, takoi pare, aterki, orrazi, bastoi, raketa, ispilu, argazki-kamera, abaniko eta zartagi bihurtuz-. Era horretara, «albokoarekiko konplizitatea» lantzea zen asmoa, espontaneotasuna izatea. Hurrengo ariketetan gainerako elementuak deskonposatu zituzten. Espazioan, esaterako, emandako lekuaren konkrezioa azpimarratu zuten -«Lekeitio zabalegia da, etxeko sukaldea edo hobe»-; pertsonaiak sortzeko moduetan, aldiz, gerturatzeko modu ezberdinak daudela azaldu zuen Urrutiak, «eseri eta pentsatu edo gorputzaren bitartez, jolasean», gazteekin egin zuten bezala; eta, azkena, lehen eta azken esaldia emanda minutu bateko istorioa osatzea.

«Gune seguru» denentzat

Esperientzia amaituta ikasleak zein Karrika Antzerki Talde kideak oso eskertuta azaldu dira tailerrarekin, ezohiko aukera delako eta, batez ere, «oso aberasgarria». Ikasleen taldeetako bat etxean aritu da, arte eszenikoen batxilerra egiten ari baitira Durangon. Aimar oholtzara igo den partaideetako bat izan da eta argi du antzeko aukerek erakusten dutela gazteak «ez garela Angelina Jolie» izan behar. «Irakasten digute edonor saia daitekeela eta txikitatik has daitekeela. Saiatzeko aukera bat dira, entrenatzeko, gero ikusiko da». Entrenamenduaren ideia horri heldu diote taldeko kideek ere, 2024ko azokaren 'Hartzea ematea DA!' leloarekin eta ardatz duen transmisio ideiarekin batera.

«Nola funtzionatzen dugun partekatu dugu. Testua sortzeko modu asko daude eta guk inprobisaziotik egiten dugu», azaldu zuten Karrika Antzerki Taldeko kideek. Gainera, lan egiteko modu hori «askagarria» dela iritzi zuten. «Ariketa espontaneoak dira, bat-bateko erantzunak lantzeko, beldurrei muzin egiteko». Eta, era berean, «emaitzaz gain lana hasiera ere izan daitekeela» erakusteko baliagarria, «dena beti ez dela ondo ateratzen, kakaren artean lorea atera daitekeela»,a zaldu zuten amaieran barre artean.

Aldi berean, Gerediaga Elkartearentzat eta San Agustin kulturgunearentzat, «gure etxearentzat», esker hitzak besterik ez dituzte. Bertan egin ohi dituzte euren entseguak eta Ikasle Goizaren parte izatea «opari» bezala jaso dute, «aitortza eta segurtasuna» uztartu baitira bi saioetan. «Halako plaza batean aritzea aukera da, baina etxean aritzea komoditate handia da».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Antzerkian inprobisatzen ikasteko «gune segurua»