Aritz Gorrotxategi: «Lehen esaten nituen gauzak esan ditut, baina gardenago»
Idazlea ·
Aurreko poesia liburua argitaratu zuenean sentitu zuen zerbait berria egin behar zuela. 'Amua' da ibilbide poetiko eraberritu horretako lehen urratsaIdazlea ·
Aurreko poesia liburua argitaratu zuenean sentitu zuen zerbait berria egin behar zuela. 'Amua' da ibilbide poetiko eraberritu horretako lehen urratsa2001ean aurreneko nobela argitaratu zuenetik -Irun Hiria irabazi zuen 'Kafkaren labankada'-, saiakera salbu genero denak landu ditu Aritz Gorrotxategik (Donostia, 1975). Lau poema liburu, hiru narrazio bilduma eta lau eleberri ekarri ditu, kronika kutsuko liburu bat eta parte hartu duen hainbat lan kolektiborekin batera. Poesiara itzuli da, aspalditxoko partez.
Publicidad
- 20011ko 'Hariaz beste'-ren ondoren, zortzi urte igaro dituzu poesia libururik argitaratu gabe.
- Hala egokitu da, bai; bitartean nobela bat eta bi ipuin bilduma argitaratu ditut. 2011ko liburu hura pixka bat berezia izan zen, erreferentziaz betea, landua... Bukatzean sentitu nuen bide bat agortu nuela eta, poesia idazten jarraitzen banuen, errepikatu baino gehiago behar nuela zerbait berria egin.
- Berri hau, 'Amua', Irun Hiriko Kutxa Literatur Sariaren bultzadaz heldu da.
- Liburua orain atera da, baina poemak idazten beti jardun dut. Egia esan, argitaletxeen aldetik ez dut sumatu berotasun handirik poemak argitaratzeko orduan. Poesia gutxi saltzen da, irakurle klubetan ez dago poesia libururik... Zorionez edo zoritxarrez, herri honetan bertsolaritzak betetzen du beste leku batzuetan poesiak betetzen duen lekua, eta poesia gelditzen da oso leku txiki eta marjinalean. Horrek ez zaitu gehiegi animatzen burua ateratzera eta, horrenbestez, ez nuen presa berezirik, baina pixkana-pixkana osatua banuen sarira aurkezteko moduko zerbait, aukera parean tokatu zen, eta hemen da liburua.
- Irakurleengana gerturatzea kostatzen zaio orduan poesiari. Liburua irekitzen duen 'Poemak eta buruketak'-en iradokitzen duzu poesiak ez duela zertan izan urruneko.
- Gomendatzen dut irakurri behar dela poesia musika entzungo balitz bezala. Ez dugu pentsatu behar den-dena ulertu behar denik. Has gaitezen irakurtzen, eta agian poema batean topatuko ditugu bi edo hiru esaldi, bi edo hiru hitz-elkarketa, bi edo hiru irudi txispa piztuko digutenak. Uste dut gaizki irakatsi digutela poesia. Erakutsi digute poemak ulertu egin behar ditugula, direla deszifratu beharreko misterioak, baina nik uste dut hurbilago daudela kantetatik, hunkitu egin behar gaituztela, kantek emozionatzen gaituzten moduan. Irakurtzen baduzu poeta bat eta ez bazaitu betetzen, ez tematu, ez irakurri lau, bost edo sei aldiz, azkenean poema buruketa bilakatuko delako. Uste dut beste bide batetik joan behar dugula.
Publicidad
- Zu argitasunaren bidetik joan zara 'Hariaz beste' baino askoz gardenagoa den 'Amua' honetan.
- Bai, aldaketa egon da batetik bestera. Hura zen oso jantzia, metaliteraturaz josia... Azken urteetan gehiago ibili naiz argitasunaren eta gardentasunaren bila. Bai poesian, baita prosan ere. Bi eragin izan ditut horretarako. Batetik, urte asko eman ditut gidoigile lanetan, hitz zehatza bilatzen, eta azkenean joera hartu dut aditzak-eta kentzekoa, irudiak sortzekoa... Bestetik, Tolstoiren 'Zer da artea?' itzuli nuen. Hor dio artearen egitekoa sentimenduen transmisioa dela, azalpenak soberan daudela. %100 ados egon gabe ere, egia da niretzat egon behar duela lehenengo geruza bat irakurlearengana heltzen dena. Azalpenek balioko dute dakienarentzat, zergatik dagoen erreferentzia hau edo bestea, keinua zeri lotua dagoen eta horrelakoekin gozatuko duenarentzat, baina lehenengo irakurketan irakurleak ezer ulertzen ez badu, komunikazio arazo bat dugu.
- Irakurterraztasunaren alde?
- 'Irakurterraz' da automatikoki baztertzen dudan hitz bat. Badirudi argitasuna identifikatzen dela erraztasunarekin, baina argitasuna bateratu behar da sakontasunarekin eta edertasunarekin. Badago poesia oso prosaikoa, gauzak kontatzen dituena. Nik, ordea, poesian irudien bidez funtzionatzen dut, eta gauzak kontatzeko prosara jotzen dut.
Publicidad
- Liburu honetan, gai handiak -natura, maitasuna, heriotza...- egunerokotasunean txertatzen dituzu maiz, eta iradokitzen duzu horien aurrean kokatzeko modu bat.
- Betiko gai nagusietara jo dut, bai. Eta horien aurrean kokatzeari dagokionez, gaztea naiz, baina ez ditut 20 urte, 44 baizik, eta adin horretarako bazoaz gauzak aztertzen eta jarrerak finkatzen. Egia da ez dituzula inoiz erabat finkatzen. Agian hemendik hamar urtera beste aldaketa bat izango dut... Uste dut hain zuzen liburuaren klabeetako bat etengabeko aldaketa dela.
- Maitasunak, zuzenean eta zeharka, presentzia handia du liburuan.
- Bai, azkenean maitasuna bihurtzen da salbamendu-jaka. Ez bakarrik pertsona batekin, baizik eta zirkulu batekin. Igluaren irudia erabili dut, baina izan liteke epikurotarren lorategia. Lorategi hori topatzen duzu bizitzan, eta neurri batean erabakitzen duzu hor bizi nahi duzula, zaratatik urrun. Poemetan agertzen den maitasuna hori da niretzat.
Publicidad
- Une honetan, non kokatuko zenuke zure poesiagintza?
- Pentsamenduaren poesian kokatzen naute, baina liburu honetan hortik urrundu naiz, nahita. Ikuspegi intelektualaren eta poesia narratiboaren tarteko zerbait egin nahi izan dut, sakontasuna duen poesia, baina forma aldetik argia eta, batez ere, formaz eta doinuz erraz korritzen duena. Poeta hermetikotzat jotzen nindutenentzat sorpresa izan daiteke, eta agian lehen nire poesiarekin konektatzeko zailtasunak zituen irakurleak errazago konektatuko du, baina funtsean lehen kezkatzen eta esaten nituen gauzak esan ditut, modu gardenagoan bada ere.
Idazlea: Aritz Gorrotxategi
Generoa: Poesia.
Argitaletxea: Elkar.
Orrialdeak: 88.
Salneurria: 17 euro.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Las zarceras tras las que se esconde un polígono industrial del vino en Valladolid
El Norte de Castilla
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.