Borrar
Artze anaiak txalaparta jotzen Isabel Azkarate
Artze anaiek txalapartari egindako ekarpena, entzungai

Artze anaiek txalapartari egindako ekarpena, entzungai

Elkar etxeak 60 eta 70eko hamarkadetako saio batzuk bildu ditu diskoan

Amalia Ibargutxi

Donostia

Martes, 12 de noviembre 2019, 19:08

Elkar argitaletxeak 'Artze anaiak. Txalaparta' diskoa plazaratu du, Usurbilgo txalapartari anaion zenbait txalaparta saio eskaintzen dituena, 60 eta 70eko hamarkadetakoak. Hau dio Anjel Valdés koordinatzaile eta editoreak argitalpenaren hitzaurrean: «Argitalpen honek, batez ere, errekonozimendua eta eskertza adierazi nahi dizkie Usurbilgo anaiei, egindako aportazio itzelarengatik, eta Joxean Artzek idatzitako izen bereko liburuaren osagarri moduan argitaratzen da, Artze anaiek egindako lana prestigiatu eta utzitako ondarearen zabalkundean laguntzeko».

1964-66an ikasi zuten Artze anaiek txalaparta jotzen, Zuaznabar anaiek irakatsita. Handik aurrera bi anaiok iraultza handia ekarri zioten musika-tresna honi: baserri eta sagardotegi girotik aterata, kultur abangoardian txertatu zuten. Jesus 2002an hil zen, Joxean 2018an.

Hauek dira diskoko atalak: 'Bat bateko Saioa II' (1966), 'Alkarrizketak' (1967), 'Arza anaiak. Herri Gogoa diskoa - A aldea' (1968), 'Dagonilla' (1969), 'Maiatza' (1970), 'Xoxoa – Baga biga higa' (1971), eta 'Ikimilikiliklik' (1975).

Diskoko testuak Juan Luis Zabala kazetariak idatzi ditu. Jesus Artzeren biografia idatzitakoa da, liburu hura Jesus hil berritan plazaratu zelarik. Zabalak oraingo aurkezpenenean adierazi duenez, «Joxean Artze izan zen zuzendari eta zuzentzaile emaitza hartan». Halaber, kazetariak esan du disko hau «beharbada lehenago egin behar zela», eta ez dela «kotxean jartzekoa, edo oporretatik bueltan dutxan ipintzekoa», bere dentsitateagatik.

Diskoa «60 eta 70eko hamarkada haietako txalaparta saioen lagin bat da». Bestalde, sare digitaleko ohiko plataformetan (spotify, youtube…) bat-bateko 60 bat saio gehiago eskaintzen dira: 60ko hamarkadako bat-bateko saio ugari, Herri Gogoa disko-etxean 1968an grabatutako diskoa, 'Baga-biga-higa' sentikarikoak , 'Ikimilikiliklik' bidekarikoak, Milango diskoaren grabaketa saioak eta beste.

Jeoxean Artze 1939an jaio zen, Usurbilen, eta anaia Jesus 1945ean. Joxeanek Zuaznabar txalapartarien emanaldia ikusi zuen, zortzi urte zituela, Usurbilgo jaietan, eta oroimenean iltzatuta gelditu zitzaion. Handik urte dezentera, 1964an, Joxeanek Nestor Basterretxearen eta Fernando Larrukerten 'Pelotari' film laburra ikusi zuen, Lasarten, eta zirrara handia eragin zion pantailan txalapartarien irudiak ikusteak. Handik gutxira, 1964-66an, Jesus eta Joxean txalaparta jotzen ikasi zuten, Zuaznabar anaien ondoan jardunda.

1966ko urtarrilean, Ez Dok Amairu taldearen bi emanaldietan, eta taldeak artean izen hori hartu gabea zeukala, Hernanin eta Donostian Zuaznabartarrek jardun zuten, Artze anaiek bultzatuta. Eta martxoan, Artzetar anaiak izan ziren Irunen Ez Dok Amairuren saioan jo zutenak. Jendaurreko lehen emanaldia izan zuten huraxe.

Handik aurrera, abangoardiara eraman zuten musika-tresna hau. 1966ko martxoaren 19an, Zumarragan, trajez jantzita jo zuten. Hura izan zen Ez Dok Amairu izena hartuta egin zen lehenbiziko emanaldia. Garbi utzi nahi zuten txalaparta baserri mundutik atera nahi zutela.

1972an, Jesus eta Joxeanek Iruñeko Topaketetan hartu zuten parte txalaparta jotzen, abangoardiako artista askorekin batera, hala nola Luis de Pablo, John Cage, Grupo Zaj eta Esteve Reich.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Artze anaiek txalapartari egindako ekarpena, entzungai