Secciones
Servicios
Destacamos
Ez dira gutxi maiordomo eta jauregietako sukaldariei buruzko liburu eta filmak, izan ere pertsonaia interesgarriak begitantzen zaizkigu. Kontu interesgarri asko ikusi eta entzundakoak baitira. Halakoxea dugu Joxe Mari Lertxundi. Berez basozaina izan da, Diputazioko basozaina, baina praktikan maiordomo ere izan da, Aiako Laurgainen Foru Aldundiak daukan basetxe edo guarda-etxeko enkargatua, nolabait esateko. Eta Maria Ibarguren emaztea, berriz, bertako sukaldaria.
Aurrera egin aurretik, esan dezagun bertsolari ere izan dela Lertxundi, txapelketetan ere jarduna eta txapelak irabazitakoa.
Orain Lertxundik oroitzapen-liburua plazaratu du Auspoa bildumaren barruan, 'Iragana gogoratuz', eta hura irakurtzen duena ederki jabetuko da zer-nolako mikrokosmosa izan den Aiako etxe hori.
Aiako Laurgain auzoan dago basetxea. Hango elizatik nahiko gertu, muino batean, baina errepidetik ez da ikusten. XX. mendearen erdi-erdian, Foru Aldundian Jose Maria Caballero zegoela presidente (1955-1957) erosi zuen erakundeak eremu handi hura. Erosi eta handik gutxira eraiki zen basetxea. Halako 'sancta santorum' bat izan da etxea, makina bat bilera egin izan dituzte bertan Diputazioko agintariek, batzuetan lan-giroko bilerak, beste batzuetan kutsu politiko handikoak, eta zenbaitetan festa hutsak. Hasiera batean, soil-soilik Diputazioko diputatuek zeukaten basetxeaz gozatzeko eskubidea. Gero, poliki-poliki lasaituz joan zen arau hori.
Garai oso desberdinak ezagutu ditu Lertxundik, Laurgaingo eremu horretan 43 urte egin baitzituen lanean: lehenengo 11k, basozaintzain, ondorengo 32ak, basetxean, bertako enkargatu. 1998an hartu zuen erretiroa.
Diktadura-garaian lau diputatu nagusi ezagutu zituen gure basozainak: Jose Maria Caballero, Antonio Epelde, Juan Maria Araluze eta Santiago San Martin. Gero, demokrazia iritsita, beste bostentzat egin zuen lan: Xabier Aizarna, Jose Antonio Ardantza, Imanol Murua, Eli Galdos eta Roman Sudupe.
1967an hasi ziren Joxe Mari eta emazte Maria basetxean bizitzen eta bertako otorduak prestatzen. Lehenengo semea, Anjel, jaioa zuten ordurako; bigarrena, Nika, etxe hartan jaio zen.
Artean Antonio Epelde zegoen Diputazioko presidente. «Oso tratu gozokoa zen -dio Lertxundik-. Esaten zuten karrera militarra egindakoa zela. Behin baino gehiagotan etorri zen gradu handiko militarrekin Laurgaingo basetxean bazkaltzera. Nik gero jakin nuen zergatik gonbidatzen zituen militar haiek. Hondarribiko aireportuko zuzendari izatea lortu nahi omen zuen militar haien bitartez».
1968an Juan Maria Araluze hasi zen presidente. Garai hartan, Franco Aieteko jauregira etortzen zen estropada-garaian, eta enbaxadoreei harrera egiten zitzaien. «Lau bat urtez, festa handia egin zen Laurgainen, enbaxadoreekin eta hainbat politikarirekin. Karpa handi batzuk ipintzen ziren jardinean. Dantzariak jarduten ziren, Iñaki Perurena ere etorri zen bi aldiz, hemeretzi-hogei urte zituela», dio Joxe Marik. «Jan-edanak Donostiako Dover kafetegitik ekartzen zituzten, baina nire emazteak legatza frijitzen zuen. Horixe zuen espezialitatea geure Mariak».
Jaialdi ospetsu haietako azkena 1974an egin zen. Ordurako zabalduta baitzegoen Araluzek ETAren heriotz mehatxua zuela. Handik laster, 1976an, hil zuen, Donostiako hiriaren erdi-erdian. Gorpua foru jauregian ipini zuten, eta Lertxundik eta beste basozain batzuek zainketan jardun zuten gau osoan, polizia armatuekin txandakatuz.
Diputazioko hurrengo presidentea Santiago San Martin izan zen. Haren emazteak ere, Ana Aroztegik, kargu handia izan zuen diktadura-garaian: gobernadore zibilaren ordezko edo laguntzaile nagusia. Emakume horrek bazituen lau anaia gutxienez, eta haietako bakoitzaren seme-alabaren batek lehenengo jaunartzea egiten zuenean Laurgaina azaltzen zen familia ospakizun-bazkaria egitera.
Diktadura-aroa bukatu eta demokraziako lehenengo ahaldun nagusia Xabier Aizarna izan zen. Geroago, 1980ko hamarkada hasiera aldera, Eusko Alderdi Jeltzale barruko tirabirak hasi ziren; Arzalluz eta Garaikoetxearen arteko sesioak, alegia. Orduan Imanol Murua zegoen Gipuzkoako diputatu nagusi, Garaikoetxearen jarraitzaile sutsua, eta makina bat bilera antolatu zituen Laurgainen. Oso bilkura istilutsuak izan ziren, Lertxundik kontatu duenez: «Politikari haiek denak karrerakoak eta jende ikasia izan arren, odola berotuta elkarri amorru bizian erasotzen asten zitenean, hura zen eskandalua».
Murua sarri azaldu ohi zen Laurgaina, zarauztarra izanik. Harreman gozoa izan zuen Lertxundirekin. 1991n utzi egin zuen Aldundiko aginte-makila -tartean Leitzarango autobidearen gatazka latza- eta, haren ordez, Eli Galdos hasi zen diputatu nagusi. Honek lau urte egin zituen. Hura oñatiarra zen eta, agian horregatik, apenas azaldu zen basetxetik. «Gutxitan ikusi genuen. Nola beste bailarakoa zen, Laurgain eta bere basetxearentzat ez zuen arreta berezirik izan, nere iritziz», dio Lertxundik.
1995ean, berriz, Roman Sudupe hasi zen diputatu nagusi. Garaitsu hartan, Lertxundiren emazte Maria osasun-arazoekin hasi zen eta sukaldari-lanari utzi beharrean geratu zen. Laurgaingo guarda-etxean giro goibela nagusitu zen. Joxe Marik 1997an utzi zion han lan egiteari, eta 1998ko otsailean erretiroa hartu.
Emazteak 33 urte eman zituen lanean Diputazioaren basetxean. Odoleko azukrearen ondorioz, ikusmena galdu zuen. Ondorengo urteak latzak izan ziren familia horretan. 2005ean hil zen Maria, eta hain zuzen ere liburuko azken atalean haren oroimenezko bertso sorta bat dator.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.