Borrar
Urgente Las diez noticias clave de la jornada
Garralda, gaur egun (argazkiari zahar itxura emanda). Ez Dok Amairukoak Garraldako lagun batzuekin 1971n. 'Xamar', etxeko atarian. XAMAR J.A. IRIGARAY JOSE ALBERTO ETXEGOIEN
Atea zabaldu digu

Atea zabaldu digu

'Xamar', orain mende laurdena 'Orhipean' liburu gogoangarria egin zuen nafarrak, bere etxearen, bere herriaren kronika egin du orain |

Domingo, 28 de octubre 2018, 09:35

Xamar pertsona diskretua da. Zarata handirik atera gabe, oihartzun handiko liburu batzuk plazaratu ditu, hala nola 'Orhipean' (1992), 'Orekan' (2001), 'Euskara Jendea' (2006) eta 'Etxea' (2016). Orain, berriz, 'Etxera bidean' liburua argitaratu du, halako autobiografia bat, non berak hizkuntzarekin izan duen harremanaren berri ematen digun. Oraingo honetan eten egin du bere ohiko diskrezio hori, etxera sartzeko gonbita egin digularik.

Familia etxearen izena aukeratu du izen 'artistikoz', baina logika argia du hautu horrek, kontuan hartu behar baita bere bailaran, Nafarroako Aezkoan, gainerako Euskal Herri osoan bezala bestalde, horrela deitu izan zaiola jendeari, etxe-izenez. Hala ere, gure protagonistaren nortasun- agirian izen-deitura hauek ageri dira: Juan Carlos EtxegoienJuanarena (Garraldako Xamarrena, 1956).

'Orhipean' liburuan euskal kultura tradizionalaz ziharduen, euskararen herriaren ondare historikoa erakutsi zigun; 'Euskara Jendea' eta 'Orekan' delakoetan, areago zentratu zen hizkuntza-kontuetan; 'Etxea', berriz, herri-arkitekturaren katalogo zabala zen, baserri motak eta bizimoldeak erakutsi zizkigularik.

Oraingo 'Etxera bidean' hau 1980ko gertaera batekin hasten da. Gertalekua, berriz, Garralda, Xamarren Aezkoako herria. Abuztuko arratsalde batean, amatxi Bitorianarekin paseoan doa Juan Carlos. Amandreak 70 urtetik gora ditu eta 'falta de riego' dauka, hau da, alzheimerra esateko orduko esamoldea. Xamar, berriz, 23-24 urteko gazte sasoikoa da. Halako batean, bilobak hau esaten dio amatxiri:

-Baia amatxi... herrian guziek erran dadate zuk badakizula arront ongi Uskaras xardukitzen... bai? Konprenitzen duzu? Eleka zakezu Uskaras?

(Beste era batera esanda: «Baina amatxi... herrian guztiek esan didate zuk badakizula oso ongi euskaraz egiten. Konprenitzen duzu? Egin dezakezu euskaraz?)

Hori entzunda, Bitoriana asaldatu egiten da.

- ¡No! ¡No entiendo, ya te he dicho que no sé! ¿Por qué hablas así, mi chico?

Xamarrek bere buruaz eta belaunaldiaz dihardu liburuan, bere etxeaz, bere herriaz eta Aezkoaz. Baina gai nagusia euskara bera da; euskararen galera eta berreskurapen ahaleginen kronika egiten digu azken batean.

16-17 urte zituela hasi zen Xamar euskaltzaletzen. «Frankismoaren azken urteetan izan zen -adierazi dit orain-. Orduan hasi zen zabaltzen Euskal Herriari buruzko informazioa, gure inguruan ordu arte ez zegoena. Horrek lagundu zuen kontzientzia hartzen, bereziki euskararen baloreaz, hizkuntza balio baitzitzaigun ingurua, gure lurra, interpretatzeko: toponimia, etxe izenak, deiturak...». Garraldako etxe gehienetan euskararen transmisioa etenda zegoen eta Xamarrenean ere horixe gertatu zen. Belaunaldi batek bere kabuz ikasi behar izan zuen.

Halaxe, 70eko hamarkadaren hasieran, gazte haiek galdezka hasi ziren herrian. Honelakoak esan zizkioten, orain liburuan irakur daitekeenez: «¿Hablar vasco? No, no sabemos. Nosotros no somos vascos, pero los abuelos sí, aquellos sí que eran... la abuelica era vasca, cerrada. Cuando éramos críos hacíamos chandríos, esconder el fuelle en el chacurtegui... Se enfadaba y nos decía: 'urde cerriac!' Se me quedó grabado. ¿Quiere decir algo? Nosotros nos reíamos de cómo hablaba».

Hizkuntzaren galera abiada bizian gertatu zen. Liburuko beste pasarte bat: «1929. urtean 53 haur euskaldun Garraldan, hogoi urte geroago bat ere ez. Belaunaldi eskas bat ordezkapenerako. Harrigarria».

Xamarrek baino bost-hamar urte gehiago zituztenak hasiak ziren mugitzen. 1971n euskal jai batzuk antolatu zituzten Garraldan, eta Ez Dok Amairukoak jardun ziren etxe baten barnean, publikoan aritzea debekatu egin zietelako. Aldameneko argazki horretan ikus daitezke orduko herritar kementsu batzuk: Anjelines eta Katxutxi Rota, Kontxesi Pedroarena, Tere Barberena eta Mari Calderón.

Zeresana eman zuten 1971ko euskal jai haiek. Jose Maria San Sebastian 'Latxaga'-k, bi urte geroago, bere' Naparroa Euskal Arrobia' liburuan, berorretaz jardun zuen, artikuluari izenburu hau ipini ziolarik: 'Garralda ta euskeraren berriztea Auñamendin'.

Gaur egun hobeto dago euskara Aezkoako herrietan. Euskaldunak %25-%30 artean dira. Ibarreko umeek -47-, guztiek ikasten dute euskaraz Garraldako eskolan.

Baina Pirinio inguru haiek arazo larria bizi dute egun: herriak hustutzen ari dira. Aezkoak -Garralda, Orbara, Orbaizeta, Aria, Aribe, Hiriberri, Garaioa, Abaurrepea, Abaurregaina- 900 bat biztanle ditu orain, eta duela 23 urte 1.400. Hustuketa berdintsua da Zaraitzu eta Erronkarin.

Bestalde, 'Etxera bidean' liburuak balio digu jakiteko Aezkoaren historia modernoa, bailarako tradizio liberala eta erlijio-hoztasuna, 1936ko gerra aurreko musika-bandaren indarra, gerra osteko soldadu-uholdea, bateko bunkerrak egin behar zirelako, besteko makien beldurra zegoelako...

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Atea zabaldu digu