Babarrun-egunak ditugu Tolosan. Bateko, ekoizleen txapelketa, atzo Joxe Mujika legorretarrak irabazi zuelarik; besteko, gaur sukaldarien sariketa... eta mundu guztia barazki goxoa dastatu nahian. Hizketa egin dut zerbait badakiten batzuekin, eta hona hemen jakingarri batzuk.
Publicidad
Elkartea. Tolosako Babarruna Elkartea 1994an sortu zen eta 37 bazkide ditu. Elkarteak ekoizle hauen produkzioa merkaturatzen du, eusko labeleko zigilua erantsita. Ekoizpena nahiko egonkor dago azken urteotan, izan ere produktu honek konpetentzia latza dauka: etiketarik gabeko babarrun beltza, merkeagoa beti. Horrelakoa saltzen dizunak beti esango dizu «Tolosakoa» edo «Gipuzkoakoa» dela, baina ez dago jakiterik. Elkartearen egitekoetako bat da hazia aukeratu eta bazkideen artean banatzea urtero. Hazia izoztuta egon ohi da, eta ereiteko garaian datorrenean ateratzen da izozgailutik.
'Tolosakoa' eta 'tolosana'. Tolosako babarruna beltxa da, oso iluna. Guregandik ez oso urruti bada beste mota bat, Gernikakoa, gaztelaniaz 'tolosana' esan izan zaiona. Tolosakoa baino argiagoa da, granate kolorekoa eta pintoa edo pintarra. Horrek ere badu bere elkartea, 'Gernikako Indaba Elkartea', eusko labela zigiluarekin merkaturatzen duena; baina elkarte ahula da, indaba klase hori, ia dena, granelean saltzen baita.
Ilarak eta eguzkia. Hau landare igokaria da. Aihen batzuk ditu eta aldamenean euskarriren bat behar du, gora egiteko. Bi metro eta erdiko altura erraz hartzen du, laguntzen bazaio. Garai batean zer egiten zen?, artoarekin batera landatu, eta artoaren kirtenari helduta egiten zuen gora babarrun-landareak. Orain, berriz, sarea ipintzen zaio aldamenean.
Lehen, 80 zentimetroko kalea uzten zen ilara batetik bestera; orain bi metroko tartea izan ohi da, eguzkia sar dadin. Landareak lorea hartzeko, eguzkia behar baitu; baina hori, garai bateko nekazarientzat, ez zen hain ebidentea.
Publicidad
Esan bezala, ekoizle handiek ilaran ereiten dute. Hala ere, baratzezale asko daude oraindik ere kanpin-markoa erabiltzen dutenak: parrek edo makilek, goian, lotuta, kanpin-dendaren itxura hartzen duten.
Sailik handiena. Tolosako Babarrun Elkarteko lehendakaria, orain, Joxe Mari Aramendi da, Zumaiako Karakas Zar baserriko nagusia. Hain zuzen ere, beronek ereiten ditu sailik handienak. Aurten ere bi hektareatik gorako saila erein eta gobernatu du. «Nik aitonagandik ezagutu nuen etxean babarruna. Orduan artoarekin ereiten zen, eta nik ere halaxe egiten dut, baina gutxi; gehiena sarearekin. Lehen, metro eta erdiko tartea uzten genuen ilaren artean, baina kalea itxi egiten zen puntu batzuetan. Esan ziguten bi metroko tartea uzteko, hartara landarea osasuntsuago hazten delako, haizeak gehiago korritzen baitu», adierazi dit.
Publicidad
Esklerotinia esaten zaion gaitza izaten da Gipuzkoako babarrun-soroetan. Hari aurre egiteko, onena da lehen aipatutakoa: kale zabalak ilaren artean, eguzkiak eta haizeak beren lana egin dezaten.
Orain beranduago ereiten. Garai batean sanisidrotan ereiten zen (maiatzaren 15a aldera), orain ekain hasieran ereiten da, jeneralean ordu arte lurra hotza egoten delako. Eta, ernatuko bada, haziak lur beroa topatu behar baitu.
Bi mota. Urte asko dira babarrun beltza jasotzen hasi zirela baserriz baserri, ikusteko nolakoa den barazkia. Tolosako Babarruna Elkartea sortu zenean, bi mota bereizi ziren, handia eta txikia. Nabaritu zuten jendeak txikia zuela nahiago, eta gaur egun ekoizpen ia guztia -%96-97- ale txikia da.
Publicidad
'Babarrun' hitza. Orain jende gehienak 'babarruna' esaten dio, baina badira beste deitura batzuk. Euskararen Herri Hizkeren Atlasean ikusi dugunez, Gipuzkoako iparraldean (Pasaia, Donostia, Getaria... Ikaztegieta eta Tolosaraino) 'babarrun' esaten zen garai batean; Amezketa eta Orendainen, 'baborron'; Beasain eta Ataunen, 'indaba'; Zegama eta Legazpin, 'indoaba'; Azkoitia, Azpeitia, Oñati eta Eibar aldean, 'baba'. Lapurdin eta Baxenafarroan 'ilar' esan izan zaio, eta, Ondarroa, Lekeitio eta Markina aldean, berrriz, 'indiar' esan izan da; hau da, 'india + idar'. Ez dezagun ahaztu barazki hau Indietatik etorri ziztaigula, Ameriketatik, XVI. mendean.
Orotariko Euskal Hiztegiak dioenez, 'baberrun' eta 'baberruma' ziren aldaera zaharrenak, eta XX. mendearen hasieraz geroztik zabaldu eta nagusitu zen 'babarrun' delakoan.
Hiztegi horrek dakarren beste datu bat: XVII. mendean, Silvain Pouvreau idazle exotikoak -Parisen bizi izan baitzen- 'baba erroma' darabil, eta Pedro Antonio Añibarro idazle frantziskotarrak (1748-1830) 'babarroma'. Koldo Mitxelenak idatzi zuen 'babarrun' terminoaren sorreran 'baba' eta 'Erroma' osagaiak daudela. Zergatik ote? Oso jaki goxoa delako, Erroma bezala goi-mailakoa? Batek daki. Errenteriarrak ez zuen gehiago zehaztu.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Las olimpiadas de la FP cántabra
El Diario Montañés
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.