

Secciones
Servicios
Destacamos
Orain bi aste, Legazpin nengoen eta banindoan nire sagasti aldera begiratu bat ematera. Bidean Unai Zabaletarekin egin nuen topo, Eliasen semea; eta Elias hau, berriz, bizimodua basoak botatzen atera duena eta Zabaleta Egurrak enpresaren jabea. Baso-jabea ere bada, eta seme Unaik hau esan zidan:
– Aita Galiziara joan da, sekuoia-landarea ekartzera. Hor Lakiola aldean aldatu nahi dugu. Intsignisarenak egin du, eta nik uste dut aurrerantzean sekuoia sail asko ikusiko ditugula hemen.
Esan nuen nere artean: hauxe gai polita lerro batzuk idazteko nire azken 'Laubide' honetan. Jakin ezazue DVtik erretiroa hartzera noala eta aurrerantzean asko paseatu nahi nukeela era guztietako baso eta larretokietan.
Intsignis pinuaren hondamendiaren ostean –ikusi besterik ez dago sail erdi-ihartu horiek– egia ote sekuoia asko landatzen ari dela Gipuzkoan? Asko dakien batengana jo dut: Joseba Arrieta, beasaindarra, mendi ingeniaria eta Gipuzkoako baso-jabeen elkarteko lehendakaria izandakoa zortzi urtez. Haren esanak ekarriko ditut hona: «Bai, guk sekuoia gorria esaten diogun horretatik dexente landatzen ari da Gipuzkoan, izen zientifikoa Sequoia sempervirens duena. Baina hori baino gehiago, Cryptomeria japonica delakoa ari dira baserritarrak landatzen; besteak beste, lur aldetik oso esijentea ez delako, eta lur oso azidoetan ere, Ph 4koetan, badatorrelako». Urnietan bada baso bat, hogeita hamar bat urte dituena, ikusgarria benetan.
Sekuoia gorria, aldiz esijentea da, lur mardul eta freskoak nahi izaten ditu. Jendea eskatzen ari da bi espezieon landarea eta hemengo mintegietan ez dago nahikorik; horregatik, baso-jabe batzuek Galizia aldera jo dute.
Bai Sequoia sempervirens-ak bai Cryptomeria japonica-k kalitate handiko egurra ematen dute, baina seguru asko estimazio gehiago dauka lehenengo horrenak. «Urte gutxi dira espezieok hemen landatzen hasi zirela, eta oraindik goiz da hemengo egurren karakterizazioa egiteko, baina pentsatzekoa da hemen ere kalitatea emango dutela», dio Arrietak.
Antzeko egurra ematen dute batak eta besteak: gorrixka kolorekoa, arina, lanerako erreza, adabegi txikikoa, neurri handiko piezak lortzeko aukera ematen duena. Zutabe eta trabesak egiteko erabil daiteke, baita egituretako egur bezala ere.
Nahiko azkar hazten dira. «Leku honetan hogeita hamar urteko zuhaitzak botatzeko moduan egon daitezke, baina halako arbolak ikusita pena ematen dizu eta jabeek itxoin egiten dute jeneralean».
Arrietak ez du mugatu nahi aipatutako bi espezie horietara. «Douglass izeia ere asko landatzen ari da azkenaldian, eta itsas pinua (Pinaster pinua), eta eukaliptoa –bostehun eukalipto mota daude–, eta hostozabalak ere bai, lehen baino gehiago...».
Eukaliptoa landatzen duten baso-jabeek ez dute Foru Aldundariaren dirulaguntzarik izaten.
Hara non gurera sartzen hasiak diren bi arbola mota benetan mitikoak –hitzaren adiera zaharrean esanda, ez gazteek dioten bezala–. Izan ere, Cryptomeria japonica Japoniako zuhaitz nazionala da, eta lehengo mendeetan horixe landatu ohi zuten tenpluen ondoan. Han sugi deitzen diote, eta Nikko izeneko tenpluan bada 36 kilometroko pasealekua, ezker-eskuin horrelako zuhaitzak dituena, guztira 13.000 zuhaitz. Orain ia laurehun urte egindako pasealekua, hain zuzen ere.
Japonian ez ezik, Txinan ere ugaria da Cryptomeria japonica, era naturalean ere etortzen delarik. Berez arbola tantaia izaten da, zuzen-zuzena, eta laga ezkero asko hazten dena, lau metroko diametroko aleak ere badaudelarik. Azoreak dira zuhaitz mota honen beste aberri bat. Portugaldarrak hara iritsi zirenean, XVI. mendean, espezie hau aukeratu zuten bertako sumendi-paraje pobreenak janzteko, eta asmatu.
Eta zer esan Sequoia sempervirens-i buruz? Orain bai sartzen garela paraje mitikoetan. Zuhaitz mota honen jatorria Kalifornia da, eta AEBetako estatu horretan Sekuoien Parke Nazionala dago, 1890ean sortua, bertako ale famatuena Sherman Jenerala delarik, 84 metroko luzera eta 11 metroko diametroa daukan zuhaitz megazaharra.
Gipuzkoako arbolarik altuena, berriz, Sequoia sempervirens bat da, Arrasateko Monterron parkean dauden lau sekuoia haietako bat. Orain arte, uste zuten aldameneko Sequoiadendrum giganteum bat zela altuena, baina Arrasate Zientzia Elkartekoen ekimenez neurketa egin zuten iaz, eta zenbaki zehatza dugu orain: 45,42 metroko altuera. Ustez altuena zena, berriz, bost metro gutxiago da.
Orain zazpi urte, Donostiako Amarako toki enblematiko batean, Pio XX.a Plazan, hiru sekuoia nahiko handi aldatu zituzte, lur eta guzti, baina haiek Sequoiadendrum giganteum espeziekoak dira.
Lehen esandakoa: nik nahi nuke paseatu, baina ez Amarako plaza horretan, baizik eta, adibidez, Lazkaon, Joseba Arrietaren aitaren baso horretan, orain dela 18 urte landatutakoa; edota, 18 urte barru, Elias Zabaletaren baso berri horretan. Bizi bagara.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.