

Secciones
Servicios
Destacamos
Nerea azurmendi
Donostia
Sábado, 7 de abril 2018, 08:51
Maixa Zugasti Muñoa (Tolosa, 1973). Literatura irakasle. 'L.A.A.' (Algaida) aurreneko eleberriarekin iazko Irun Hiria saria irabazitako idazle ordura arte plazara irten gabea. Laster bigarren nobela argitaratuko du, Erein argitaletxearekin. Hirugarren bat ere badu esku artean, eta literaturaren inguruko beste zenbait asmo.
-Eskuak bete lan egin duzu azken hilabeteetan, edo urte askotako lanaren uzta ari zara biltzen eta zabaltzen? Zergatik orain irakurlearenganako lehen urratsa?
-Lehen, ni nintzen bezala, ez zelako posible. Nire ixteko joera patologikoa zen, asko kostatu zait irekitzea, urte konplexuak eta zailak igaro ditut, baina beti idatzi izan dut, nahiz eta ez argitaratu. Orain iritsi da urratsa egiteko momentua, eta esnatzen naizenetik gauera arte, familiarekin igarotzen ditudan orduak kenduta, literatura daukat bakarrik buruan: irakasteko, irakurtzeko, idazteko... Literaturak laguntzen dit bizitzen, obsesioak ere bideratzen ditut istorioetara. Izan ere, nire kasuan beti dago lotura bizi dudanaren eta idazten dudanaren artean, niretzat literatura delako bizitza ikusteko duzun moduari forma ematea.
-'L.A.A.', Irun Hiria saria eman zizun eleberria, horren adibide da. Hurbiletik bizitzea tokatu zitzaizun indarkeria matxista kasu batean oinarrituta dago.
-Bai, hala da. Nik uste dut idazleak sartu egin behar duela kasu horietan. Hala ere, gero sortzen duzu fikziozko unibertso bat, eta askatu egiten da zure esperientziatik.
-L.A.A., Luis Andueza Abasolo, tratu txarrak ematea leporatuta kartzelan dagoen gizonezkoa da. Erakargarria, dotorea, espetxean egonda ere ez du galtzen segurtasuna, ezta familiaren babesa ere.
-Gaitzaren eta indarkeriaren inguruan asko hausnartu eta irakurri dut. Galdetu ere bai, ea nola egin dezakeen horrelako zerbait gizonezko batek. Eta badago profil bat, batzuetan oso erakargarria dena, manipulatzailea, botereari lotua... Nik uste dut L.A.A. horrelako gizon bat dela.
-Bizilagunek «gizaseme jatorra zen» esaten duten horietakoa? Munstroa edonon egon daitekeela erakusten duten horietakoa?
-Hori ere nahi nuen azaldu, horrelakoak ere badaudelako, bi alde erakusten dituztenak. Indarkeriaren alde hori erakusten dute euren mundua arriskuan ikusten dutenean. Bestela, boterea dute, dirua, abokatu onak ordain ditzakete... Irakurle talde batean Nagore Laffage zenaren kasuarekin lotu zuten eleberria; Hollywoodeko mugimendu horretan ere boterea eta dirua bi gako nagusi dira. Indarkeria eta boterea lotuta daude, alegia.
-Biktimak, berriz, bi emakume oso desberdin dira.
-Izaera diferentea dute, bai. Saiatzen naiz izaera konplexuak sortzen, garatzen doazenak, ez direnak beltzak edo zuriak. Maria kartzelako psikologoa da. Erortzen da Luisen sarean, baina errekuperatzeko gai da eta, gertatzen ari zaiona objektibotasunez aztertzeko, jakin nahi du zer gertatu zen aurreneko biktimarekin, Lurdesekin. Azkenean, biek batera egingo dute aurrera.
-Modu oso desberdinean erantzuten diote indarkeriari. Ez dituzu epaitzen, ez duzu esaten 'hau da modu egokia, hau ez'.
-Bizitzan ere saiatzen naiz jendea ez epaitzen. Pertsonek zein pertsonaiek momentu batean eduki dezakete gauzak egiteko era bat, baina gero eboluzionatu egiten dute. Indarkeria matxistari lotutakoak gehien jasaten dituena Lurdes da, aurreneko biktima: Luisek isolatu egiten du, anulatu, familiarengandik urrundu... Nik ezagutu nuen kasuan ere horixe gertatu zen, eta ikasleen artean ere ikusten ditut horrelakoak. Horrelako sare batean erortzen bazara inportanteena da lagunek hor ez uztea, zeren eta pausoa ematea eta zulo horretatik irtetea asko kostatzen baita, urteak. Hortik irteten lagunduko dizun sare bat edukitzea oso garrantzitsua da.
-Askoren artean jositako sare hori oso presente dago liburuan.
-Benetako kasua gertatu zenean ikaragarria izan zen sortu zen sarea. Pertsona asko inplikatu ziren, eta nire ustez ezinbestekoa da ulertzea arazo horiek guztionak direla, ez direla arazo pribatuak. Lehenengo aldiz hasi nintzenean ikasleekin gai hauek lantzen askok esaten zuten horiek familia edo bikote barruko kontuak zirela, hor ez zela beste inor sartu behar. Nik uste dut, ordea, guztiok egon behar dugula adi. Izan gaitezke bigarren mailako pertsonaiak, eleberrikoak bezala, baina asko egin dezakegu.
-Lurdesen antzik ez du Mariak. Profesional zaildua da, emakume heldu eta independentea. Baina hura ere erortzen da Luisen eta ustezko maitasunaren amarruan.
-Bai, Maria da dena martxan jartzen duena. Luisek harengan zirrikitu bat ikusten du, eta hasiera batean Maria hor sartzen da eta besteak ikusi nahi duena ikusten du.
-Eta uste du gizonezkoa aldatzeko gauza izango dela.
-Bai, hori ere ohikoa da. Hain zuzen ere, inor ez dago horrelakoak jasatetik libre. Mariak laster ikusiko du zer ari den gertatzen, baina hori ez da beti gertatzen. Gai hauek ikasleekin lantzen ditudanean konturatzen naiz zein den askok duten maitasunaren irudia. Kontrola, jeloskortasuna eta horrelakoak maitasunaren zeinutzat hartzen dituzte. Badago datu bat adierazten duena 15-29 urte bitarteko gazteen artean heren batek ontzat ematen duela bikotearen aldetiko kontrola. Horren guztiaren kontzientzia hartzea oso garrantzitsua da, ulertaraztea maitasunaren adierazle nagusia askatasuna dela.
-Ikasleak dituzu une oro gogoan.
-Askok oso gertutik bizi dituzte horrelako arazoak. Haiekin asko landu behar den zerbait da, oso barneratuta dituztelako rol horiek. Ikusten dituzu mutilak neskak anulatzen, eta neskak mendekotasun horretan, dependentzia emozional horretan erortzen... Landu baduzu, kontziente bazara, uste dut errazagoa dela hortik ateratzea.
-Erein argitaletxeak datorren asterako iragarri duen 'Ahotsak eta itzalak' eleberrian ere badu tokia maitasunak. Erbesteak ere bai. Arnasa luzeko proiektua izan da?
-Orain dela 18 urte, haurdun geratu nintzen lehenengo aldian, ideia bat eduki nuen, eta istorioa ikusi nuen ia osorik. Semeak lo zeudela-eta idazten nuenez, idazketa hamar urtez luzatu zitzaidan. Hiru aldiz laburtu behar izan dut, urte askotako proiektua izan da, eta orain izugarrizko ilusioa egiten dit liburu bilakatuta ikustea, nire historiaren zati inportante bat hor dagoelako.
-Beste bat duzu esku artean.
-Bai, idazten ari naizen hau ere lehendik neukan buruan. Aurrekoetan bezala, errealitateko zerbait oso fuertetik abiatu eta horren gainean eraikitzen dut fikzioa. Egunen batean bukatzen badut, eta merezi duela esaten badidate, argitaratuko dut. Esaten badidate ezetz, beste zerbaiti helduko diot, askatasunez.
-Saritua izan zara, editore baten laguntza izan duzu, ari zara elkarrizketak eskaintzen eta irakurleekin harremanak izaten. Izan du zugan eraginik aldaketa horrek?
-Egia da, orain arte irakurleekin ez neukan inolako harremanik. Ni nintzen hain zuzen irakurlea, irakurtzea pasio bat baita niretzat. Editore baten laguntza izateari dagokionez, Ereineko editoreekin lan egitea esperientzia zoragarria izan da. Bestela, gauzak ez dira gehiegi aldatu. Eta, aldaketarik balego, gustatuko litzaidake idazketan, idazmenean, eraginik ez izatea eta orain arteko askatasuna mantentzea.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
La juzgan por lucrarse de otra marca y vender cocinas de peor calidad
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Recomendaciones para ti
Favoritos de los suscriptores
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.