Borrar
Beñat Sarasola, Pandora tabernaren kanpoaldean Unanue
Borroka egunak zama astuna dira

Borroka egunak zama astuna dira

Beñat Sarasolak ibilbide luzea du literatur munduan, baina lehen eleberria orain kaleratu du: 'Deklaratzekorik ez'

Amalia Ibargutxi

Donostia

Viernes, 15 de marzo 2019, 19:13

Lehen nobela plazaratu du Beñat Sarasolak: 'Deklaratzekorik ez', eta bertako protagonista iragan borrokalariarekin puskatu ezinda bizi den gizona da. Susa argitaletxeak argitaratu du, Sarasolaren poema-liburuak kaleratu dituen etxe berak. Hamar urte igaro dira geroztik, eta sortzaile donostiarrak azaldu duenez, asetu egin du bere lehen eleberri hau idazteak. Aspaldi kale borrokan aritutako gaztea da protagonista, baina egileak aurreratu duenez, ez da euskal gatazkaren inguruko istorioa soilik. Liburuak lagunartea lantzen du, pertsonaien arteko harremanak, eta horiek nola baldintzatu dituen iragan komunak, hain zuzen.

Beñat Sarasolak ibilbide luzea du literatur munduan. Bi olerki-liburu ditu plazaratuak, kritikari lanak ere egin ditu eta ETBko 'Sautrela' saioko aurkezle izan da.

Donostiako Gros auzoko Pandora tabernan egin du aurkezpena, Harkaitz Canok lagunduta. Sarasolaren idazkeraren estiloa nabarmendu du, hasteko, lasartearrak. Narrazio «gaizto luzidoa» omen da, irribarre mikatza eragiten duena irakurlearengan, umorearen eta satiraren arteko muga-mugan. Eta «zehatza», narrazioa «ñabartzeko» gaitasuna duelako. Lau lagun protagonisten patetismoa, noraeza, azaleratzekoa.

Canoren iritziz, portaeren zergatia eta nozitzen dituzten zaurien sakontasuna jartzen ditu mahai gainean, detaileak landu eta aferen hondo-hondora heltzeko. «Ez da, hainbestetan gertatzen den bezala, paperean plano hutsean gertatzen den nobela, baizik eta lurretik altxatzen den eraikuntza peto eta ederra», nabarmendu du idazle gonbidatuak.

Bi kokaleku ditu istorioak: Donostia «saizarbitoriatarra» -zehaztu du Canok- eta Madril. Bi hari mutur horien artean, 90. hamarkadan kale borroka besarkatu zuen belaunaldiaren ajeak eta ondorenak esploratzen ditu eleberriak. Baita belaunaldien arteko muga ere: liburuko lagun-laukotea ez dira oraindik guraso, baina beraien gurasoei batzuetan lotsagarri suertatu zaizkien gauzak egindakoak dira duela dozena bat urte. Garai hura kudeatzea dagokie protagonistei.

Sarasolak azaldu duenez, protagonistaren ezaugarri sendoenetariko bat dira dituen konbentzimendu irmoak. Hala ere, ezgai dira, bai bera bai bere lagunak, egunerokotasun jasangarria eramateko, eta ahal dutena egitera mugatzen dira. Errealitate subjektiboak landu ditu, eta horregatik, eman du abisua Sarasolak, zaila izan daiteke enpatia garatzea, edo protagonista sakon ulertzea, behintzat.

Garai batean defenditutako ideiak kimera hutsak iruditzen zaizkio gaur protagonistari. Ezinbesteko ziruditen ideal haiek, bere bizitzan aurrera jarraitzeko 'MacGuffin' -Canoren hitzetan- bilakatu dira. Hau da, pertsonaiak aurrera jarraitzeko balio duten elementu. Ertz garratzeko protagonista ulertzea zaila izan daitekeela jakitun, Sarasolak azpimarratu du ez dela izango eleberriko pertsonaien erantzule. Ez du haien iritzi, jokamolde edo hizkuntzaren ardurarik hartuko.

Lagun taldea euskal gatazkaren erdian kokatua dago, eta horrek dena zipriztindu du. Ondorioz, beldurrak zeharkatzen du eleberria: protagonistaren bizitza, jokamolde, espektatiba eta ideologia, besteak beste. Ideien eta errealitatearen arteko distantzia estutu eta zabaldu egiten da etengabe, «muturraren aurrean talka egiten digu». Talka horiek eragindako «zimur eta zikinkeriak» azaleratu nahi izan ditu Sarasolak. Ez dira pertsonaia eredugarriak, baina zurrunbiloaren erdian, ahalik eta bizitza baketsuena egiten saiatzen dira. «Neurri batean, gu guztiok bezala», gaineratu du.

Historiak pisua du eleberrian. Historia ikasitakoa da protagonista, eta aitarekin duen harremanak ere bere lekua du liburuan, protagonistarentzat memoriaren gordailua dena nolabait. Aitarengandik jaso du memoriarekiko kezka. Sarasola ere bere aitarekin akordatu da liburua dedikatzeko orduan: orain denbora asko ez dela hildako Xabier Sarasola Errazkin zenari eskaini dio.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Borroka egunak zama astuna dira