Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Minecraft bideojokoa oinarri duen superprodukzioa pasa den astean heldu zen.
Euskarara bikoiztearen labirintoa
Zinema euskaraz

Euskarara bikoiztearen labirintoa

Aurrekontua muga, 'Maincraft' bezalakoak salbuespen dira. Aretoekin adostuta urtean dozena bat film ekartzea du erronka programak, handi askori uko egin behar izanda

Jon Agirre

Donostia

Domingo, 13 de abril 2025, 08:54

Aisialdian erabilera sustatzea eta ikus-entzunezkoen kontsumo-ohiturak aldatzea dira egun euskarak dituen erronketako bi. Zoritxarrez, ez dira berriak, aspalditik datoz, eta lortzeko bidean oztopoak badira zenbait. Erantzuteko asmoz sortu zuen Eusko Jaurlaritzak duela jada hamabi urte Zinema Euskaraz programa, gutxi gorabehera «hilabetean film bat» helarazten duena zinema-aretoetara euskarara bikoiztua, Mar Izquierdo Zineuskadiko arduradunak azaldu bezala.

Sortu zenetik asmoa argia izan da, ekimen «iraunkor eta praktikoa» izatea, eta horregatik urtero Eusko Jaurlaritzak aurrekontutik partida bat bideratzen du «filmak euskaraz egiteko aukera izateko». «Komertzialki estreinatuko ziren filmak bikoiztea zen asmoa eta horrela jendeak hilabetean behin euskaraz ikusteko aukera izatea», dio Izquierdok. Prozesua, aldiz gutxitan da zuzena, bihurgunerik gabea, eta urtez urte ezberdina da. «Astero gatazka bat dago leihatilan, film bakoitzak sarrerak saldu nahi dituelako eta tokatzen denean Marvelen, Disneyren edo 'Minecraft film bat' bezalako estreinaldiak badira jendea ez delako hainbeste joango. Haien aurka ezin da lehiatu, erakartzen duten publikoa erabat ezberdina da», argitzen du Izquierdok. Era berean, egoera asko aldatu da hamabi urte hauetan, lehen legeak ez zituelako ezartzen ikus-entzunezkoetan hizkuntza ofizialekin bete beharreko kuotak, eta epe laburrera aldaketak izango dira berriro, Zinemaren Legearen eskutik moldaketak etorriko baitira.

«Urtero 10-11 film bikoizten dira, aldakorra da kantuak badituzte edo nahasketa kanpoan egin behar bada»

Mar Izquierdo

Zineuskadiko arduraduna

Horregatik sortu zen zinema-aretoak ere ahotsa duten batzorde bat elkarlana errazteko. «Ez genuen guk erabaki nahi zein pelikula euskaratuko zen gero kaxoi batean geratuko bazen». Akordio hori bitarte, estreinatzeko konpromisoa hartua dute. «Cannes, Berlinale edo antzekoetara joaten garenean filmak bilatu eta egutegian jartzen ditugu». Hala ere, aipatutako estreinaldi potente horiengatik, moldagarria da, 'Vaiana 2'-rekin pasa zen bezala. «Disneyk aurreratu behar zuela esan ziguten eta banatzaile eta aretoekin hitz eginda aldatu genuen 'leihatila 0' saihesteko. Orain dena itxia dugu iraila arte, baina zerbait pasatzen bada ba...».

Komertzialak eta pedagogikoak

Bestelako eskariak ere jaso dituzte, esaterako duela hiru-lau urte elkarte pedagogikoek bestelako edukiak zituzten filmak eskatu zizkietenean, soilik logika komertzialari erantzungo ez zietenak. «Bigarren batzorde bat ireki zen orduan eta programaren bitartez urtean zehar gutxienez bi film bikoitzi ditzakete», xehatzen du Zineuskadiko arduradunak. Ildo honen baitan kokatzen da ikastetxeekin duten harremana ere.

Biak batuz lortzen dira urtero heltzen dira dozena inguru pelikula, betiere urtearen arabera, Izquierdok azpimarratu bezala «aldakorra» baita kopurua. «Batzuk merkeagoak dira, besteak garestiagoak. Esaterako kantak badira, edo atzean dagoen enpresak azken nahasketak atzerrian egitea eskatzen badu». Hala gertatzen da Warner edo Universal 'majorren' kasuan. Horregatik dute harreman konstantea areto zein elkarteekin. «Hiru film super potente ez egiteko hitz egiten dugu, bestela agian urte horretan ezingo ditugu 10 pelikula egin. Beti bilatzen dugu oreka hori».

Oso kontziente da Izquierdo euskarara bikoitzitako filmen bueltan sortzen den harrabotsaz. Pantailak Euskaraz ekimenak duela aste gutxi kaleratutako azterketak azaleratu zuen egoera. Kataluniako kasuan 'Inside Out 2', 'Gru 4', 'Vaiana 2' edota 'Kung Fu Panda 4' eskaini ziren bikoiztuta, eta lauak ikusienak izan ziren 10 filmen artean kokatu ziren. Bi autonomietako programa «funtsean berdina» dela dio Zineuskadiko arduradunak. Ezberdintasun nagusiak aurrekontua, bost aldiz handiagoa Kataluniako kasuan -«errazagoa da gauzak bikoiztea baliabideak dituzunean»-, eta «egiteko modua» dela dio. «Bi urtero lizitazioa ateratzen dugu eta hemengo estudioekin bikoizten dugu, ez dugu kanpora ateratzen. Banatzaile askok, multinazionalak, kanpoan egitera behartzen zaituzte, eta guk kontrola izan nahi dugu. Hori kontuan izan behar da», aldarrikatzen du.

Plataformak, beste kontu bat

Zinema-aretoetan filmek duten «bizitza» amaitzean programaren jardunak jarraipena duela azaltzen du Izquierdok. Batetik, «bizpahiru urtez» kultur aretoetan antolatzen diren emanaldien bitartez; bestetik ostean aisialdia markatzen duten plataformetan presentzia bilatuz. Lehena lortzeko beti dago pertsona bat kontaktuan haiekin eta «banatzaileek horrelako emanaldiak asko errazten dituzte: eskaria egitean azkar erantzuten dute eta kopia segituan bidali Euskadiko ia leku guztietara, merkeago ere jartzen dute... Hori Kataluniako ereduarekin ez dute lortzen, ez dutelako kontrol hori. Denak du bere alde ona eta txarra».

«Katalanek baliabide gehiago dute, baina guk hemengo enpresekin egiten dugu, hori ere kontuan izan behar da»

Mar Izquierdo

Zineuskadiko arduraduna

Bigarrenetan, aldiz, kontua ez da hain erraza. Zinema Euskaraz programak banatzaile bakoitzarekin sinatutako hitzarmeneko atal batek zehazten du plataformekin negoziatzen duten bakoitzean «euskarazko soinu-tracka ere» eskaini behar dutela, baina katea beti ez da hain zuzena. «Kasu batzuetan posible da, besteetan teknikoki soilik hiru sar daitezkeela esaten digute eta euskara kanpoan geratzen dela... Ulertzeko eta negoziatzeko amesgaizto bat da, ez dagoelako ez gure esku ez banatzailearen esku».

Plataformekin ere harremana sortu nahian dabiltza «lan-ildo baten bila». Bidean, sorpresa, oztopoak. «Plataforma bakoitzak bere kuota du betetzeko, legez edukiak bikoiztu behar dituzte. Ez daude egoera berdinean eta politika bat eta bakarra sortzea ez da batere erraza. Gainera antzu geratzen zara, nola lagundu haiek egin beharreko lan batean?», dio Izquierdok. Oraingoz banaka ari dira aztertzen kasuak, «eredu orokor bat» ostean lortzeko esperantzarekin. Bide horretan Zinema Legeak ezarriko duena, oraindik indarrean ez dagoena, izango da gakoetako bat.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskarara bikoiztearen labirintoa