Borrar
David Lynch zinema zuzendaria. AFP PHOTO / TIZIANA FABI
Kafe bat Daviden omenez

Kafe bat Daviden omenez

Begoña del Teso

San Sebastián

Domingo, 19 de enero 2025, 11:59

Hau ez da heriotza-ohar bat. Hiltzeko gara jaioak, horixe gizakiak duen segurantza bakarra, beste kontu guztiak, beste kezka eta ardura oro, ez ziur, ez segur, zalantzakoak diren moduan.

Izkribu hau urtetan zehar ahoa bete hortz, begiak bete distira edo ilun, bihotza bete taupada, belarriak bete soinu, zarata eta isil utzi gintuen sortzaile baten errekuerdoan hartuko dugun kafea eta erreko dugun zigarretaren kronika baino ez da.

Ostegunean zendu zen David Lynch zinema zuzendaria, margolaria, argazkilaria, instalazio artistikoen sortzailea eta… kafe saltzailea.

Beste zeluloidezko jijante batek bezala, John Hustonek, hots, birika-enfisemak jota hil da, urte franko oxigeno-bonbona bati loturik pasa ondoren.

Medikuek ez dute duda izpirik izango. Eraserhead, Wild at Heart, Dune, Blue Velvet, Twin Peaks, Mullholland Drive eta antzeko mirari surrealista-utopiko-distopikoak sortu zituen zinema aztia tabakoaren eta kafearen eraginez eta kulpaz hil egin da. Ez dut nik kontrakoa esango baina gauza jakina da plazerak hilgarriak suertatzen direla askotan. Hiru detaile ezin ziren falta, inoiz, The Elephant Man-en autorearen robot- erretratuan: lepoko botoia loturik zuten alkandora zuriak, American Spirit markako zigarretak eta katilu kafe on bat eskuan.

Ostegunean hil arte eutsi zien plazer horiei, mediku eta erizain guztien desesperantzarako. Baina hiltzeko jaioak garenez, Davidek, zer zetorren jakinik, kafea gustura edaten jarraitu zuen. Eta, ez ahaztu, jende makina batentzat, kafearekin gozatzerik ez da ez baduzu eskuan zigarretarik.

Ez zen Lost Higway-e egilea goranahi etorri berri bat tabakoaren eta kafearen unibertsoan. Bere inguruan sortu izan diren eta berak sekula ukatu ez dituen lkondairei kasu eginez, 3 urterekin hartu zuen lehenbiziko kafea eta 8rekin, estreinako zigarreta piztu. Ez da marka makala, ez.

90ko hamarkadan telebistaren izaera bera azpikoz gora jarri zuen 29 ataleko Twin Peaks hartan erakutsi zigun Lynchek lehenbizikoz kafearekiko pasio berea. Laura Palmer nork erail zuen aurkitu ahaleginetan ziharduen Dale Cooper detektibeak litroka hartzen zuen kafea pantailan. Jendeak telesailean dauden misterio ezkutuko guztiei erreparatzen zien bitartean, kafearen mende gozoan geundenok Cooperren katilua begiratzen genuen. Nolakoa ote kafe hura? Kafe-ekoizlea bihurtu zenean argitu zigun Lynchek afera: Etxekoa eta ondo txigortua…

Inland Empire eta Fire Walks With You film erabat oniriko eta arrotzak burutu zituen Davidek ez zuen aurkitzen inon imajinazioan zuen kafea. Bila jarduteaz nazkaturik, berak sortuko erabaki zuen. Horrela agertu zen merkatuan David Lynch Coffee izenekoa. Organikoa da, gorputz handikoa. Usaina du lurrekoa, gustua fruituarena. Eta mingostasun/garraztasun puntu egokia. Daviden alaba Jenniferrek sortu zuen saretan gaur ere ikusgai den iragarkia eta milaka saldu ziren paketeak. Zale batzuk ez ziren ausartu bukatzen eta poltsa gordetzen dute oraindik ere altxor.

Probatu beharko zenuke egunotan, Lynchen filmak errepasatzen ari zarela, House Roasted izeneko proposamena (kopurua du mugatua, ibili azkar). Bere pelikulek nola, ohikoak ez diren munduek eragiten dituzten sentsazioen beso/atzaparretan hartua sumatuko duzu zure burua lehenengo zurrupadatik. Nahi izanez gero, ausartuz gero, piztu zigarreta bat. American Spirit markakoa, ez ahaztu. Ostegunean hil zen Lynch, omendu dezagun ke artean.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Kafe bat Daviden omenez