Hamaika kontu, ziento bat auzi, mila eta bat istorio izan, gertatu eta kontatu dira egunotan Berlin hirian eta bertako Berlinale zinema-jaialdian. Inoiz baino haserre biziagoz gainezka ziren kaleetan manifestazioak izan ziren, garraio publikoko langileek greba orokorra egin zuten eta, ondorioz, berlindarrek bizikletaz eta oinez ekin behar izan zioten beren eguneroko bizitzari. Hauteskundeak hurbilean zirela, ugaritu ziren mitinak eta luxuzko erakusleihoen argiak itzaltzen zituzten alderdi politikoen afixa erraldoiek.
Publicidad
Horren guztiaren lekuko, zinema. Mundua ari zaigu iraultzen, segurutzat genituen hainbat eskubide, hainbat lorpen ari dira erortzen. Gure begi aurrean munstro erraldoi hiru (Estatu Batuak, Txina, Errusia) ari dira borrokatzen datozen urteetako enperadorea zein erabaki nahian. Ez batak, ez besteak, ez hirugarrenak ez dute amore emateko asmorik. Europar Batasunari ez diote ez batak, ez besteak, ez hirugarrenak edozertarako aukerarik ematen. Bost zaie. Ez omen da kontuan hartzeko moduko lehiakiderik, bere anbizioak ez baitira beste hiru horien bezain handi eta petralak…
Horren guztiaren lekuko, berriro diot, zinema. Aurtengo Berlinalen ikusitako filmetan ez zegoen esperantzarako tarte zabalik, ez horixe. Hausnarketarako bai ordea. Atezuan, adi, erne izan gaitezen abisuetarako ere bai. Eta jakina asko, nola ez, salaketa gordinerako. Adibide bakar bat jartzeagatik, hona hemen bost ordu eta erdi irauten duen 'My Undesirable Friends: Part 1: Last Air in Moscow', Moskun jaio eta Estatu Batuetan bizi den Julia Loktevek egina. Lan zorrotz, mardul, sakon, bizi horretan, non kamera sekula ezkutatzen ez den ezta protagonistengandik begirada aldendu ere, Putinen Errusian indarrean diren presidentearen aurkarien kontrako zentsura eta zaintza zorrotz eta makiavelikoen berri ematen da.
Pelikula honen aurrean, azalean, bizitzak normal-normal aurrera egiten duela esango zenuke. Gazteak diskoteketan biltzen dira, erosketak egiten ditu jendeak eta musika sortu musikariek. Hiri modernoa ematen du Moskuk, munduko beste hainbaten parekoa. Baina ez da horrela. Edo bai.
Izan ere, diktadura guztietan bezala, jazarpenak ez ditu denak jotzen, kolpatzen, inguratzen, setiatzen. Horrela izanik, arazorik gabe, lasai asko, aise bizitzen direnek eskubide anitzen urratzea salatzen duten besteak oker daudela esango, pentsatuko dute. Taberna batean gozo-gozo bazara, konpainia onean, nolatan sinetsiko duzu Gobernuak eta poliziak kanpo agentetzat jotzen duela zure aldamenean duzun laguna? Psikotiko hutsa dela botako diozu aurpegira, atzerritar potentzia bateko agente sekretua zu? Ez esan lelokeriarik, arren.
Publicidad
Baina bai, 'kanpo-agentea', 'agente-arrotza'-ren salaketa existitzen da Errusian eta larria da oso. Zer esan nahi ote du? Ba Errusiak areriotzat duen herrialde bateko gobernuarentzat ari zarela lanean, bazarela bere konplize. Zelako erantzukizunetan? Ba Errusiaren segurtasuna kolokan jartzeko edo, kazetaria bazara, Errusiaren aurkako gezurrak zabaltzeko, aireatzeko…
Baina… nolatan deituko didate niri 'kanpo-agentea', nola bilakatuko naiz ni jendaila politikoa? Hiritar arrunta baino ez naiz… Hori pentsatzen duzu zuk, bai baina Errusiako agintariek ez dute nahi inork ere kontrako bidea hartzea beraz, balizko espioia izan daiteke inor. Nahikoa da atzerrian erosketarik egina izatea, egina eta pagatua. Nahikoa da lan bila atzerrirako bidea hartu zuen senide batek zuri dirua bidali izatea. Eta zuk diru hori onartua izan…
Publicidad
Broma dirudi bai; alta, Errusiako milioi batzuk biztanle bihurtu dira, txantxa hori medio dela eta derrepentean agente sekretu, barruko arerio, kontrolpean eduki behar den jendea.
Txantxetan ari garela dirudi, badakit, baina ez da hola. Salaketa horren aurrean ezer gutxi egin dezakezu. Markaturik zaude, ez zara fidagarria…
Horren berri garratza ematen du ezkutuan filmatu zen Julia Lokteven lanak, errenditzen ez denak, kamera nerbioso bat darabilenak, kolokan den gure munduaren ispilu bezala funzionatzen duenak.
Planeta gurearen errealitate lanbrotsua islatzen zuen pantaila izan zen pasa berri egunetan Berlin. Eta hantxe Juliaren pelikula eta antzekoak nahitaezkoak genituela antzeman genuen. Esperantza apur batzuen esperoan eta lehian iraun ahal izateko. Tinko iraun ere. Bai ni ere, kanpo-agentetzat dut nire burua. Ez bakarrik Errusiarekiko. Baita galaxia honetako agintari, eragile, eta ekintzaile zital guztiekiko. Harro eta ozen esan dezagun, bagara, bagire, bagera, 'Undesirable Friends', batere fidagarria (segun eta norekiko) ez den jendaia, alegia.
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Siete años de un Renzo Piano enredado
El Diario Montañés
Publicidad
Te puede interesar
Siete años de un Renzo Piano enredado
El Diario Montañés
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.