

Secciones
Servicios
Destacamos
Zortzi dira Nikaraguako herri indigenak. Pazifiko eta Iparraldeko erdialdean, Chortega, Cacaopera edo Matagalpa, Ocanxiu edo Sutiaba eta Nahora o Nahuatl bizi dira. Karibe aldean, lur atlantikoetan mískituek, sumu-mayangnek, ulwasek eta ramatarrek eusten diote, minez eta oinazean baina urguilu handiz euren izaerari, nortasunari, hizkuntzei ere. Aipatutako horiez gain, beste bi komunitate gehitu behar dira, Afrikatik ekarritako esklaboen ondorengoek osatu creole-kriola eta garífuna.
Paper gainean eta aspaldiko legeek hala aginduta, herri horien biziraupena ezinbestekoa da sandinistek pasa mendean askatu zuten herrialdean, ondasun eta ondare etniko izugarria islatzen dutelako. Ofizialki estatutu bereziek babesten dituzte euren usadioak, euren lurrak, euren erabakiak hartzeko moduak, euren komunitateak gobernatzeko erak. Nahiko autonomoak dira herri horiek Nikaragua nazioaren politikarekiko eta administrazioarekiko.
'Ofizialki' idatzi berri dut. 'Paper gainean' idatzi berri dut. 'Sandinistek askatu zuten herria' izkiriatu berri dut. Ederki dakizue zuek ordea ofiziala den hori segituan ahazten dela. Ederki jakin ere erraz asko ahazten dutela batzuek paperak dakarrena. Ederki jakin sandinistek askatu bazuten ere, kanpoko indar ilunek bultzatua, gerra krudela zabaldu zela iraultza eta gero, betikoek irabazi zutena. Ederki asko jakin gaur botereari anker eta zakar heltzen diotela beste diktadore anitzen gainetik dauden Daniel Ortega eta Rosario Murillo senar-emazteek.
Nikaraguatik alde, ospa, hanka ihes egin behar izan dute milioika herritarrek. Haietako ziento bati kendu izan diote nazionalitatea, herritartasuna, Gioconda Belli poetari, etsenplu. Beste hamaikari, herrialdera bueltatzeko asmotan direla, hegazkinean sartu orduko esaten diete itzultzeko baimenik ez dutela, jaisteko azkar. Hori gertatu izan zaio, adibidez, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian parte hartu duen Anexa Alfred Cunighami. Miskitu indigena da bera, Yatama alderdi politiko indigenaren kide eta buruetako bat, giza eskubideak defendatzen dituen abokatua eta Nazio Batuetako aditua. Izan ere, herri indigenen eskubideez lan, berba, ikerketa eta salaketa egiten dituzten jakitun multzo baten mekanismoaren presidente ordea da Anexa NBEn.
Mekanismo horrek Suitzan egin zuen bilera batetik bueltan, uko egin zioten aireportuan hegazkina hartzea. Eta han geratu behar izan zuen, errefuxiatu politikoaren asilo eskatua...
Ezer ez da izan behar zuena Nikaraguan Ortega-Murillotarrek goitik behera aldatu (aldrebestu) dute konstituzioa, beren probetxurako. Konstituzioa ez den konstituzio horretan tortura ere legezko tresna bat da…
Camilo de Castrok eta Brad Algoodek filmaturiko 'Patrullaje' izenburuko pelikula lekuko eta Nazioarteko Justiziarako Guernica Zentroko (G37 Zentroa, hots) abokatu elkartua den Gema Gutiérrez solaskide zuela, Anexak egun miskito, mayangans, rama eta ulwas herrien lurretan gertatzen ari den txikizioaren berri gureganatu zuen Victoria Eugenia antzokian. Oihanetan ari dira abelazkuntza basa hedatzen, esportaziorako balioko duen haragia lortu nahi ero eta gupidagabekoan. Animaliak han izateko arbolak ari dira mozten, basoa zena larre bihurtuz. Sartu dira beraienak ez diren lurretan kanpotik etorritako kolonoak, bertako ondasun naturalez batere kezkarik ez dutenak, bertako ohiturez ezer ez dakitenak, bertakoak errespetatzen ez dituztenak, oihana bera ulertzen ez dutenak, urak kutsatzen dituztenak. Atzean, erne poltsa bete desiran, bere sostengua diren kapitalistak, negozio gizonak, militarrak.
Izugarrizko industria da abeltzaintzarena Nikaraguako handiki horientzat. Milioika kilo saltzen diete Estatu Batuei, milaka, Mexikora. Jose Solis Duron jabe den La Haciendita ganadutegia sortu eta zabaldu ahal izateko 224 hektarea birrindu zuten Indio Maiz izeneko erreserba naturalean. Eraman izan dute behin baino gehiagotan epaileen aurrean Solís Duron. Alferrik, jakina. Bitartean, denek dakiten nortzuek su eman diote lurrari eta ez hain urrun dauden mehatzetara iristeko errepideak egiten hasi, oihana birrinduz behin eta berriro.
Sortu izan dituzte patruilak herriek. Ibaiak eta basoak zelatatzen dituztenak. Lan ikaragarria, lan arriskutsua. Beraiek dira lur horien zaindariak. Ardura nekosoa, ardura tristea. Aldi berean, indar handiz horiek ere, abokatuek zein adituek borroka egiten dute nazioarteko mailan haragi komertzio usteldu hori geldiarazteko asmotan. Alta, Nikaraguako gobernuak munduko hainbat erakundek luzaturiko garapen jasangarrirako ere probestu izan ditu. Burla ematen du, bai , baina errealitatea da. Broma ematen du ere 'batailoi' izeneko batzuk kasik paramilitarrak izateak. Ez da baina txiste bat, egia baizik. Horrexegatik ari dira lurrak eta ibaiak patruilatzen Karibe aldean, behin libre eta polita izan zen Nikaraguan.
Publicidad
Alicia Negre y Lidia Carvajal
Mikel Madinabeitia | San Sebastián y Oihana Huércanos Pizarro
Iker Elduayen | San Sebastián y Jon Munarriz | San Sebastián
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.