

Secciones
Servicios
Destacamos
Despedidak gauza konplikatua izaten dira. Bertsolariek buruhaustea izan ohi dute: herriz herri kantatzeari uztea hobe dela erabakitzen dutenean, zer egin: despeditu?, isildu?
Lehengo urrian, hilaren 21ean, oso saio berezia egin zuen Jose Luis Gorrotxategi bertsolariak. Urepelen zegoela, Xalbador Eguneko ospakizunetan, egokiera aprobetxatu zuen esateko uztera zihoala jendaurreko bertsolaritza eta huraxe izango zuela bere azken plaza. Bi urte lehenago hasi omen zen pentsatzen hobe zuela jendaurreko martxari bukaera ematea, eta Xalbador Eguna aukeratu zuen erabakiaren berri emateko. Izan ere, hamabi urte behintzat bazeramatzan Urepeleko festara azaltzen. Honela kantatu zuen:
Xalbadorrekin behin txapelketan
nintzala oso mutiko,
nik ekainaren hamaika daukat
ondo gogoan betiko.
Orduan hasi nuen bidea
gaur bukatzen da, ta kito!
Urtetan ere aurrera noa,
ez naiz lehen bezain sasoiko.
Agur Xalbador, agur Urepel,
ez naiz berriz etorriko.
73 urterekin utzi du plaza Gorrotxategik. Erabateko amaiera iragarri du; izan ere bertsolari batzuek, despedidako bertsoen ostean, jardun izan dute han eta hemen. Adierazi duenez, «arrastaka hasi baino lehenago» jaitsi nahi izan du oholtzatik, «beste bertsolarientzat traba izan aurretik».
Iazko despedida bat: Patxi Etxeberriarena, 87 urte zituela. Herrian, Lasarte-Orian, omenaldia egin zioten, eta atzean beste bertsolari multzo zabal bat zeukala, hau kantatu zuen Patxik:
Orain berrogeita hemezortzi urte
herriz herri hasi nintzan
baina ni hasi aurretik ere
beste batzuk bazebiltzan
ta geroago hasi ziranak
hor goian nola dabiltzan,
gaur azkenengo saioa det hau
nik herri bertsolaritzan.
Eskerrik asko, musu bana ta
agur eta ondo izan (bis).
Xabier Amurizak, berriz, 75 urte bete behar zituenean esan zuen uztera zihoala. 2016an, Altzoko Elordi elkarteko bertso-saio batean izan zen, aldamenean alaba Miren zuela, hau ere bertsolaria. Geroxeago, komunikabideen aurrean, azalduko zituen arrazoiak: «Adin honekin ezin zara autoa hartu eta batetik bestera ibili. Hitz batean esanda: zahartu naizela».
Hau izan zen Amurizaren despedida:
Azkena dala hala ere hemen
ez det itxiko aterik
ez daukat noski bizitza hontan
esteko borondaterik.
Ez nuen uste azken saio hau
Altzo hontan izaterik.
Eskerrik asko bihotz bat eta
esku parea beterik.
Topiko handi bat dala badakit
baina ez dago besterik.
Orain hau kontatu dit Amurizak: «Altzokoek bazekiten agur esatera nindoala, eta esan nien berria ez zabaltzeko. Bertso-afaria izan zen, alaba eta biok kantuan. Urduri nengoen, eta gainera saioa grabatu egin behar zuten. Azkeneko bertso hori txarra izan zen, ez nintzen gai izan bukaera biribil bat emateko».
Bertso-saioaren bukaera gisa, 'Lurra' abestia kantatu zuen, Mixel Ducauk egindako kantua, Amurizaren beraren letra hartuta.
Oso ekitaldi sentitua izan zen. Azkenean, entzuleek, zutik jarrita, txalo zaparrada luzea eskaini zioten, Miren alaba negarrari eutsi ezinda zegoelarik.
Imanol Lazkanok 2012ko urtarrilean, Bertso Eguneko jaialdian adierazi zuen jendaurreko jarduna uztera zihoala. Artean 75 urte zituen. Iragarri zuen «urte horretan» etengo zuela jendaurreko jarduna, eta halaxe gertatu. 2012an zehar egin zituen plaza batzuk, handik aurrera isildu.
Hau kantatu zuen azpeitiarrak, Bertsozale Elkarteko lehenengo lehendakariak, Bertso Egunean:
Azken mezu hau eman nahi nuke
jendeak uler dezala:
enbor zaharrari geroago ta
zailago zaio ezpala,
adinak eta nere zentzuak
agintzen didan bezala,
herriz herriko nere jarduna
aurten bukatzen dedala.
Beste bertsolariok baino askoz gazteago zelarik erabaki zuen Xabier Peritz 'Euzkitze'-k jendaurreko saioei uztea. 1998an izan zen, Soraluzen, artean 32 urte baino ez zituela. Ez zebilen gustura, plazetako giro politikoa ez zitzaion gustatzen. Hau kantatu zuen:
Bertsoak denetik du
gazi eta gozo,
batzuetan gazitik
gehiegi akaso.
Kasik atzo goizean
esan nuen kaixo,
agurrera iritsi
naiz pausorik pauso,
adio bertsozale,
maite zaitut oso.
Euzkitzek honela deskribatu dit ordukoa: «Aurretik ere buruan ibilitako ideia zen. Sentitzen nuen egitekoa egina nuela. Abenduaren 11n Soraluzen nuen saioa eta hantxe bertan hartu nuen erabakia. Banituen handik aurrera beste saio batzuk hitzartuak, eta haiek beste bertsolari batzuek hartu zituzten. Ikusi nuen han zebilela saioa grabatzen Euskadi Irratiko Nikolas Aldai, eta horrelakoetan agurreko bertsoak hasten direnean alde egiten dute kazetariek, baina disimuluan esan nion Nikolasi: 'Gaur grabatu itzazu agurreko bertsoak'. Eta berak, harrituta: 'Zer ba?'».
Beste kasu bat, Jon Azpillaga zenarena (1935-2017). Gizon honek despedidako bertsoa kantatu zuen 2013ko uztailaren 20an, Zarautzen, bertako abesbatzak eskainitako Basarriren mendeurreneko kontzertuan. Aldamenean Jose Luis Gorrotxategi zuela, hau kantatu zuen Pasaian jaiotako bertsolariak:
Mila bederatzirehun
berrogeita hamarrian,
lenengo plaza kantatu nuen
Amorotoko herrian,
San Luis eguna ta udaletxeko
balkoiaren gailurrian.
Hirurogeita urte pasa
ditut bertso indarrian,
azken bertsoa gaur kantatzen det
zarauztarron aurrian.
Despedidak. Errazak, ez. Samurrak, bai.
Oharra: Eskerrrak Xenpelar Dokumentazio Zentroari eta Jose Mari Iriondori, emandako laguntzagatik.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
La juzgan por lucrarse de otra marca y vender cocinas de peor calidad
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Recomendaciones para ti
Favoritos de los suscriptores
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.