
Ver fotos
Secciones
Servicios
Destacamos
Ver fotos
Ikasle Eguna izan zen atzo Durangoko Azokan, eta goizez Euskal Herriko bazter askotako makina bat neska-mutiko ibili zen, batik bat Landako aldean, autobusez etorrita. Haientzako tailerrak egin ziren gune guztietan. Halako jarduerak arrakastatsuak izan ohi dira, aste batzuk lehenago deialdia zabaldu orduko toki guztiak betetzen dira eta.
Euskal Herri osoko ikastetxeetatik heldu ziren gaztetxoak, kulturaren plazak antolatu dituen tailerretan parte hartzeko: 'Poropopoesia' Saguganbaran, 'Liburu bat egingo dut' Areto Nagusian (Euskal Editoreen Elkartearen eskutik), 'Heldu programazioari' Kabi@n (JolasMatika EHUko Informatika fakultatearen eskutik), 'Euskal kantagintza kontzertuan' Plateruenan (Luhartz musika taldearekin), 'Musika elektronikoaren ekoizpena' Ahotsenea zuzenekoetan (Telmo Trenor musika elektroniko ekoizlearekin), 'Gaur egungo testuak' Ahotsenea Solasaldiak gunean (Yurre Ugarte idazleak gidatuta), 'Antzokia zirrikituz zirrikutu' Szenatokian (Karrika Antzerki Taldearen eskutik) eta 'Soinu efektuak zinemagintzan' Irudienean (Pixelatu taldearekin, Zineuskadik antolatuta). Horrez gain, Durangoko Historia eta Arte Museoan 'Grabatuarekin jolastuz, ilustratu' izenburuko tailerra eskaini zuen, Irati Eguren ilustratzailearen bidez.
Areto Nagusian Iñaki Martiarena 'Mattin' marrazkilariak jardun zuen, besteak beste Zumaia, Beasain eta Oiondik etorritako neska-mutikoak hartu zituelarik. «Zera egin dugu, tira bat -azaldu zigun-. Ni dezente ibiltzen naiz eskoletan eta badakit zer egin daitekeen. Papera eta eta bestelako materiala nik ekarri ohi dut. Din A3 tamainako orriak ekarri ditut, handiak, neska-mutikoak ohituta ez daudelako, et bere ohiko eskematik atera daitezen».
Bestalde, Mattin Hendaiako Nekatoenean egon berri da, lau astez. Urtero izan ohi da sortzaileren baten egonaldia, eta aurten Mattinen proiektua aukeratu dute, hautagaiak zortzi zirelarik. Kamishibai izeneko Japoniako teknika erabilita, ipuina sortu du, eta horretarako Nekatoene inguruko elementuak baliatu ditu, hala nola sagastia, kaioak eta itsasoa.
Gainera, 'Muxuak' ipuineko ilustrazioak egin ditu berriki. Ainara Mayarena da testua eta «bi urteko prozesua izan da, Ainara eta bion arteko elkarlana iraunkorra izan da, eta jendaurreko irakurraldi batzuk ere egin ditugu», esan du marrazkilariak.
Haur eta familientzako Saguganbara gunean, berriz, 'Poropopoesia' saioa egin zuten Saroa Bikandik eta Peru Magdalenak. Urte bat baino daramate bi durangarrok eskolaz eskola «ariketa poetiko» hau egiten, jeneralean 8 eta 12 urte bitarteko umeekin, baina atzokoan haur txikiagoekin ere jardun behar izan zuten. «Taller dibertigarri, zorotxoa egiten ari gara», esan zuten. «Poema-mota desberdinak landu ditugu, baita poema dadaistak ere, eta kaligramak. Gaur haiku ikaragarri ederrak egin dituzte haurretako ba-tzuek. Eta bukatu, poema xuxurlari batekin bukatzen dugu, horrela bihotzeko masajea hartu dutelarik», adierazi zuten.
Atzokoan hamaika liburu eta disko aurkeztu ziren Areto Nagusian nahiz Ahotsenean, horietako bat Josune Albisu antropologoaren 'Non dago Mikel Laboa?' liburua. Euskal Herriko Unibertsitateak eman du argitara, Mikel Laboa Katedraren bildumako bigarren titulua dugularik.
Antropologiaren ikuspegitik idatzi du Albisuk, eta helburuetako bat izan da «sormenak gizartean duen eragina ikustea». «Ni musikazale handia naiz, haurrentzako disko bat atera nuen gainera -adierazi zuen atzo-. Sormena gustuko dut, euskara kontuak ere bai, eta pentsatu nuen bazegoela pertsona bat hiru arlo horietan sustraiak zituena: Mikel Laboa».
Nola ikusten du Josune Albisuk Laboa? «Ez zuen lider bat izan nahi, nahi zuen ekarpen bat egin, estetika bat sortu, mundua mundu justuago bat lor-tzeko -esan zuen-. Gizon irekia zen, benetakotasuna agertzen zuen kon-tzertuetan. Ekintzailea zen. Ez zuen teorizatu. Enborra zuen euskara, eta zeukana eman egiten zuen, maitasunetik».
Ikerketa lanean 2007an hasi zen Albisu. Hurrengo urtean hil zen Laboa. «Ni Antiguan bizi nintzen, bera askotan ikusten nuen, baina inoiz ez nintzen ausartu hitz egitera. Berak bai, inoiz hitz egin zion nire umeari txikia zenean. Nola duzu izena?, galdetu izan zion».
Liburuaren ondorioetako bat: «Laboaren helburua ez zen perfekzioa izan, komunikazioa baizik».
«Musika tresna batzuk ere erabiltzen ditugu, doinuen bidez olerkia gorputzera eraman dezakezulako. Kontua da beldurra kentzea, poesiari aire aspergarri hori kentzea», esan zuten.
Ahotsenea Solasaldiak deritzon gunean, berriz, Yurre Ugarte idazleak jardun zuen. Bilboko La Peña auzoko ikastetxe batetik etorritako hamabost urteko ikasle talde bati literatur kutsuko testuak idazten lagundu zion. «Nerabeak direnez, egunero ibiltzen dituzten gailu eta sare sozialekin egin dugu tailerra -adierazi zuen Ugartek-. Alde betetik, esan diet sartzeko beren gustuko sare sozialean eta beraiek idatzitako azken esaldia hartu eta hortik istorio bat asmatzeko. Bestetik, idazle batzuen esaldiak erakutsi diet aretoko pantailan, eta esaldi horiek hartuta mikroipuin bat idazteko esan diet. Kontua zen nerabe hori transmititzea konplexurik gabe idatz dezaketela, eta egunero idazten duten horretan oinarrituta pauso bat eman dezaketela aurrera, eta literaturaren eremuan sartu».
Yurre Ugarterentzat aurreneko aldia izan da nerabeekin lan egiten duena. Helduentzat idazketa sor-tzaile ikastaro egin izan ditu, batuik bat Donostiako Gros auzoko Zaldi Urdina Arte Eskolan, eta baita Ermuko kultur etxean ere.
Platerueneko lehen kontzertu handia, atzo, Huntza taldeak egin zuen. Gaueko 11etan ekin zion, eta lehenago, egunez, Mauka disko-etxearen salmahaian egon ziren kideak, aldiko bi, txandatuz.
'Aldapan gora' kantu arrakastatsu hura sortu zuen taldeak bigarren diskoa plazaratu berri du, 'Xilema'. Biologiaren kontzeptu batez izendatu dute emaitza berria: landareek xilema eta floema izeneko hodiak dituzte izerdia garraiatzeko. Eta hautua ez da hain harrigarria, bi taldekide , Josune Arakistain eta Uxue Amonarriz, biologian graduatu berriak dira eta.
Bilboko unibertsitate giroan sortu zen Huntza, orain bizpahiru urte. Baina taldekide denak giputzak dira: Josune Arakistain (rikitia, ahotsa), Uxue Amonarriz (panderoa, ahotsa), Aitor Huizi (biolina), Aitzol Eskisabel (gitarra), Inhar Eskisabel (baxua) eta Peru Altube (bateria). Ataunen elkartu ohi dira, hango Udalak utzitako toki batean, Eskisabeldar anaiak bertakoak dira eta.
2016an plazaratu zuten lehenbiziko diskoa: 'Ertzetatik', iaz bi abestiko grabazioa etorri zen, Lumak', eta oraingoa hirugarren diskoa dute, beraz.
Peru Altube arrasatear baterijoleak atzokoan esan zuenez, «bi urte hauek oso politak eta oso gogorrak izan dira. Pila bat ikasi dugu. Grabaketa garaian momentu onak eta momentu zailak egon dira, normala den bezala».
Duela gutxi, azaro hasieran, Ameriketan izan dira jotzen, lehenbizi Mar de Platako Euskal Aste Nazional delakoan. Eta gero Buenos Aires eta Montevideon. «Han, oraingo singlea bakarrik jo genuen, 'Lasai, lasai' izeneko kantua. Diskoa bera, gaur eskainiko dugu lehen aldiz». Atzo, Platerueneko jaialdi horretan, Skaiketan taldeko tronboi eta tronpetajoleak izan zituzten gonbidatu. «Lagunak ditu eta».
Bestalde, Azokako antolatzaileek gaur jakinaraziko dute nor izan den Sormen Bekaren lehen irabazlea. Jakina denez, Gerediaga elkarteak utzi egin dio Argizaiola saria emateari, eta haren ordez beka hau sortu. Aldiko arlo bat ukituko da, eta lehen deialdia literaturaren eremuko proiektuentzat egin da, 28 aurkeztu direlarik.
ARETO NAGUSIA: 10:30: Esku ikusezinaren itzal luzea. Ekonomialarien erretorikaren kritika. Joseba Permach - UEU.
KABI@ 11:00: 2018an itzulitako jolasen aurkezpenak. Foundation, Wonder Boy: The Dragon's Trap…
SAGUGANBARA 11:00: «Zupankapaloak». Pello Añorga eta Jokin Mitxelena. (+7).
PLATERUENA 12:00: Hautsi Bolumena. Azoka TBren musika saioa.
AHOTSENEA zuzenekoak 11:00: Izaki gardenak. «Dena oskol». 11:40: Larregi. «Loreak desertuan».
AHOTSENEA solasaldiak 11:00: Alaine Agirre. «Kamisoi zuri zetazkoa».
IRUDIENEA 11:00: Mahaingurua: ZineaSORTZEN.
SZENATOKIA 19:00: «Txarriboda». Hika teatroa. Antzerki emanaldia. Sarrera: 10€
Publicidad
Javier Bienzobas (Texto y Gráficos) | San Sebastián
Iñigo Puerta | San Sebastián
Patricia Rodríguez e Izania Ollo | San Sebastián
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.