Borrar
Aldatu gidoia euskararen alde! ekimenaren mobilizazioa Gasteizen.
'EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita' lelopean mobilizazioa

'EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita' lelopean mobilizazioa

Taldeko zuzendaritza-postuak hautatzeko prozesuetan euskararen ezagutzaren eskakizunak bete daitezen aldarrikatzeko elkarretaratzea antolatu dute astearterako

A. Urbieta

Donostia

Domingo, 23 de febrero 2025, 20:34

EITBko ELA, LAB eta ESK sindikatuek eta Aldatu gidoia euskararen alde! ekimenak elkarretaratzeko deia egin dute, otsailaren 25ean, Bilbon, EITBren egoitza aurrean, 'EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita' lelopean. 16:00etatik 16:30era elkartuko dira bertan, EITBko zuzendaritza-postuak hautatzeko prozesuetan euskararen ezagutzaren eskakizunak bete daitezen aldarrikatzeko.

Aipatu eragileek adierazi dutenez, EITBko Zuzendaritzak euskarazko C1 maila izatea ipini du baldintza gisa azken urteetan zuzendari berriak hautatzeko deialdietan. «Haatik, 2024an orain arteko bidean atzera egin eta hiru ardura postu esleitu zaizkie euskara eskakizuna betetzen ez duten hiru pertsonari: EITB Mediako Zuzendaritza, EITBko Social Mediaren eta eitb.eus-en Zuzendaritza, eta Zuzendaritza Komertziala», salatzen dute. Areago, atera berri diren deialdietan jada C1 maila ez dela eskatzen azpimarratu dute. «Baldintza bakarra da 'gaztelania, euskara eta ingelesa jakitea' , zehaztapen gehiago egin barik. Hori da, esate baterako, Primeran plataformako eduki arduraduna izango denari eskatzen zaiona», nabarmendu dute deialdiarekin batera publiko egin duten manifestu batean.

Euren aburuz, «salagarria eta larria» da egoera. «Komunikabide publikoa den aldetik EITBk sorreratik dauka gizartearen aurrean euskara sustatzeko betekizuna eta erantzukizuna. Helburu hori zenbateraino betetzen ari den hausnartu beharko dugu euskalgintzak, gizarte eragileok eta EITBren gainean ardura duten erakundeek. Eta tresna eraginkorra izateko neurriak hartu beharko dira», azaldu dute. «Bitartean, gutxieneko aldarrikapena da zuzendari eta arduradun guztiek euskara menperatzea. Izan ere, erabaki hauekin, EITBk euskara eta euskaldunak gutxietsi eta baztertu egiten gaituen irudia zabaltzen da gizartearen aurrean». Mobilizazioaren deitzaileek azpimarratu nahi izan dute ezin dela «profesionaltasunez jardun EITBn euskara menperatu gabe, aipatutakoez gain, euskal kulturaren eta sorkuntzaren ezagutzarako traba handia eta ulergaitza baita».

Atxikimenduak

Hainbat eragilek eta norbanakok atxikimendua eta babesa eman diote dagoeneko elkarretaratzeko deialdiari. Hauek dira, deitzaileez gain, deialdia babestu duten eragileak: Steilas Sindikatua, Euskal Herrian Euskaraz, Gazte Euskaltzaleon Sarea, Sortzen Euskal Eskola Publikoaren Aldeko plataforma, Pantailak Euskaraz, Ahotsenea sortzaileen gunea, Hau Pittu Hau, Administrazioan Euskaraz taldea, Arnas Dezagun, Aintzat Osasungintza Euskalduntzeko mugimendua, Jardun euskara taldea, Zaparraie euskara taldea eta Irunabar bertsoaren bilgunea.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'EITB euskalduna, zuzendaritzatik hasita' lelopean mobilizazioa