Borrar
Eleuterio, erdian, adiskide batzuekin. TRIKITIXA EKLKARTEA
Eleuterio: bera zen festa

Eleuterio: bera zen festa

Eleuterio Tapia (1926-1988) trikitilariaren biografia plazaratu dute. Segalari bikaina izan zen baita ere, «eta hizketan sekulako magia zuen»

Domingo, 2 de diciembre 2018, 13:36

Eleuterio Tapia zenaren (Asteasu, 1926-1988) biografia aurkeztu zen atzo Asteasuko udaletxean. Ekitaldi jendetsu eta alaia benetan. Joxean Agirre kazetariak egin du liburua, Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen 'Soinuaren liburutegia' bildumarako, eta hitz hauekin ekin zion atzoko jardunari: «Eleuteriok bi ibilbide paralelo izan zituen aldi berean: trikitixa eta herri kirola. Eta harrigarriena: bietan puntan ibili zen. Toki askotan jo zuen, Trikitixa Txapelketan bigarren gelditu zen behin baino gehiagotan, eta segari moduan txapela lortu zuen, eta gainera hiru sega-apustu irabazi. Nik pentsatzen nuen: bi liburu egin beharko ditut. Baina segituan ikusi nuen aro premoderno hartan dena zela bat: gaztetasuna, izerdia, indarra eta dantza, dena zegoen nahasian».

Eleuterioren anaia Juanitoren berri ere ematen du liburuak. Hura gazterik hil zen, 35 urte zituela, auto-istripuan. Anaia Eleuterioren aldean ez zen tritiki kontuetan hainbeste nabarmendu. Gehiago kostatzen omen zitzaion piezak ikastea.

«Galdetu izan diot neure buruari: Eleuteriok zer zuen maiteago, trikitixa ala herri kirola? Haren seme Juanitok esaten du aukeratu beharra izan balu, seguru asko aitak herri-kirola aukeratuko zuela», jarraitu zuen kazetariak. Nolanahi ere, Eleuteriok trikitixatik bizitzea lortu zuen, eta hori lorpen harrigarritzat hartu behar da. Sekretua? Irakasle ere hasi zela. 'Elgeta'-ren ostean, Eleuterio izan zen, nik uste, bakarrenetakoa irakaskuntzara hain gogor dedikatu zena. Lehenbizi etxean hartu ohi zituen ikasleak, etxerik etxe ere ibili zen, eta gero Usurbilgo Kale Zaharrean eskola jarri zuen etxe batean. Asko balio omen zuen irakasle moduan. Berez jenio bizikoa baldin bazen ere, ikasleekin pazientzia handia izaten zuen, baina ikasle txarrenekin ere. Martin Aginaldek geroago zabaldu zuen bere eskola.

Etxeko alabei, berriz, ez zien erakutsi nahi izan, nahiz eskatu zioten. Ez omen zitzaion egoki iruditzen erromerian emakumeak soinu jotzea. «Emakumeak zertarako behar din soinua?», esaten zien alabei. Hala ere, kontraesanak kontraesan, Eleuterio izan zen beharbada lehenengoa emakume bati irakatsi ziona. Usurbilen izan zen nobedade hori, eta ikaslea, berriz, ikastolako andereño bat.

«Olinpoan baldin badago, ez da soilik jotzaile ona zelako, jendetasunagatik ere bai. Hori bertsolariekin ere gertatzen da: bertsolari onena zein da? Oholtzatik kanpo jendearekin egoten badakiena. Zaila da sinpatiko izatea», jarraitu zuen Agirrek.

Nolako gizona zen? Oso alaia. Ikusi besterik ez dago Joxean Agirrek libururako aukeratu duen izenburua: 'Eleuterio Tapia. Bera zen festa'. Hala ere, izenburu hori Iñaki Perurena leitzar kirolari famatuak asmatua da. Harri-jasotzaileak Agirreri kontatu zionez, harakin ofizioa ikastera joan ohi zen Tolosako Muñagorritar batengana, eta gogoan du nola astelehenetako ferian beti ikusten zuen Eleuterio jendez inguratuta. Perurenaren hitzak: «Eleuterioren bueltan, denak algaraz. Sekulako magia zuen hizketan eta beti zuen korrotxoa aurrean».

Ez zen oso baserritar ona izan, azken batean egun asko pasatzen baitzuen Usurbilen eskolak ematen. Baserriko martxa Paskualsorok eramaten zuen, Eleuterio baino hamabi urte gazteago zen gizona. Hau ere herri kirolari sonatua.

Apenas dagoen haren grabaziorik. Seme Juanitok hau esan zuen atzoko aurkezpen ekitaldian: «Aitak ez zuen nahi izaten grabatzerik, iruditzen zitzaion grabatzen hasi eta ez zuela maila emango. Esaten zuen: 'ni ez naizen gauza ezin det utzi, askoz hobeto jotzen det nik'». Ohitura den bezala, 'Soinuaren Liburutegia' bildumako ale honek ere diskoa dakar berekin, eta Loiolako Herri Irratian eta Euskal Herriko 1979, 1980 eta 1982ko txapelketetan jotako batzuk entzun daitezke bertan.

Azkeneko urteak ez zituen oso onak izan Eleuteriok. Liburuaren bukaera aldera kontatzen denez, 1983an guardia zibilak atxilotu eta zortzi egun eduki zituen Intxaurrondoko kuartelean, bere izena agertu omen zelako galdeketaren batean. Torturak jasan zituen. Madrilera eraman eta epaileak libre utzi zuen, baina handik aurrera ez zen betiko Eleuterio izan. Minbizia agertu zitzaion eta urte tristeak pasa zituen. 62 urte zituela hil zen.

Atzoko ekitaldian, bertan zen Anastasia Arzallus, Eleuterioren alarguna ere. Baita Agurtzane Elustondo, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakaria. Agertu zuenez, hamalaugarren alea da hau, 'Soinuaren liburutegia' bildumakoa. Jazinto Rivas 'Elgeta'-ri buruzko alearekin eman zitzaion hasiera sortari, 2001ean, eta ondorengo liburu gehienak Urola aldeko trikitilarien biografiak izan dira.

Eleuteriok eskultura dauka Asteasuko plaza nagusian. Orain obrak daude eta erretiratu dute, «baina atzera ipiniko dugu», esan zuen Pili Legarra alkateak atzokoan.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Eleuterio: bera zen festa