Joseba Agirreazkuenaga, Historia Garaikideko Katedraduna eta ikerlaria
«Euskal kultura euskaraz egingo ez balitz, kontradikzioa izango litzateke»Secciones
Servicios
Destacamos
Joseba Agirreazkuenaga, Historia Garaikideko Katedraduna eta ikerlaria
«Euskal kultura euskaraz egingo ez balitz, kontradikzioa izango litzateke»56ko belaunaldiak, Jakin Taldeak eta Joxe Azurmendik euskal hizkuntzaren, kulturaren eta herriaren aldeko ekosistema modukoa osatu zuten. 70. hamarkadan euskal pentsamendua garatzen hasi ziren, eta hain zuzen, talde honek alor desberdinetan egindako garapenak aztergai dituzte egun hauetan EHUko udako ikastaroetan. 2020ko Euskadi Ikerkuntza saria jaso zuen Joseba Agirreazkuenaga ikerlariaren esanetan, «edukiak euskaraz lantzearen beharra aldarrikatzea» izan zen ekarpen nagusienetakoa.
– 'Gure herriak ez dauka kondairarik'. Izenburu hau aukeratu duzu hitzaldirako. Ez al dauka?
– Hori da Joxe Azurmendik egin zuen interpretazio poetikoa 1968an bere 'Manifestu atzeratua'-n (Olerti). Erbestean zegoen eta gogoeta hori egiten du. Berez, laburpen historikoa egiten du baina ukaziotik abiatuta, bestelako Euskal Herriaren historiaren ezagutza baten grina adierazten du. 60. hamarkadan Euskal Herriari buruzko ez-ezagutza handia zegoen, etenaldi luze bat gertatu zelako, eta 70. hamarkadan Euskal Herriaren ber-ezagutzearen grina sortu zen. Orduan, poeta profetiko batek egiten duen bezala, Azurmendik horrelako adierazpena egin zuen. Salbatore Mitxelenak, adibidez, 'Arantzazu' poeman 1949an euskal iragana nabarmendu zuen, nazional katolizismoaren giroan, baina Azurmendirentzat hori ez zen euskal kondaira, bestelako kondaira bat baizik.
– Azurmendi 56ko belaunaldiko parte izan zen. Ze ekarpen egin zituen belaunaldia honek euskal kulturan?
– Batez ere euskaraz lantzearena. Helburua ez zen euskara. Edukiak euskaraz landu behar zirela aldarrikatu zuten. Aldaketa horrek ekarri zuen Jakin moduko aldizkariaren bilakaera, hasieran filosofian eta teologian adituak ziren baina gerora, 70. hamarkadan, ohiko bizimoduko kezkak eta lanak euskaraz trebatzen hasi ziren. Eta edukiak euskaraz lantzeak suposatzen zuen bazegoela zer esana euskaraz. Hizkuntza batek bere horretan ematen du trebatzen den heinean, eta euskara ez zegoen ordura arte modu horretan trebatuta kultura gaiak lantzeko.
– Garai horretan, 1972. urtean, sortu zuten euskara batua. Ze garrantzi izan zuen euskal kultura horren garapenean?
– Euskara arautu zenetik, edukiak lantzeari ekin zitzaion. Gaur egun edozein gai lantzen da euskaraz, unibertsitatean, EHUn bereziki, hainbat irakasle gaude arlo guztietan graduko ikasgai guztiak euskaraz ikertzen eta irakasten. Hori izugarrizko bilakaera da 1970. urtetik hona. Eta guzti hori Jakin aldizkarian kezka hori azaldu zelako. Hain zuen, hori izan da Jakin aldizkariaren ekarpen nagusia. Edozein hizkuntzetan lantzen diren kultur gaiak euskaraz ere landu daitezkeela.
–Euskal kultura, euskaraz kontatzen dena da?
– Euskal kultura euskaraz landu behar da eta lantzen da. Euskaraz egingo ez balitz kontradikzioa litzake. Posible dela beste hizkuntza batetan lantzea? Noski baietz, eta horrela egiten dugu ikerlariok ingelesez, gaztelaniaz, edo frantsesez, transmisio hori beharrezkoa delako. Baina Euskal Herriari buruzko interpretazioa edo begirada euskara ezagutu gabe izatea... Hor anomalia bat edo gutxienez hutsune bat sortzen da, izan ere hizkuntza bat ez da elementu neutral bat, aukeratzen den gauza bat da. Hizkuntza sorrera prozesu bat da, eta lantzen duzunean sortzen ari zara. Niri gertatu izan zait, eduki berbera euskaraz, ingelesez edo gaztelaniaz landu eta adieraztea, eta sarritan era desberdinean ematen da, irakurle eta entzuleen unibertsoa desberdina delako. Itzulpena ere posible da, baina horrek ere badu ber-kreazioa bat.
– Baina badaude pentsatzen dutenak euskal kultura ez dela euskaraz egiten dena bakarrik...
– Dena da euskal kultura. Musika zein hizkuntzatan egiten da? Pentagrama batetan idazten duzu sortzen duzuna, eta zure inguruan sortzen duzu, publiko bati begira. Guk euskaraz sortzen duguna ez da euskara, hori erdara bakarrik ezagutzen dutenek pentsatzen dute. Edukiak aztertu behar dira, eta eduki horiek hizkuntza desberdinetan trebatzen dira, eta guk euskaraz trebatu behar dugu gure inguruaren produkzioa delako. Euskal Herrian produzitzen dugun guztia da euskal kulturaren zati, baina euskaraz produzitzeak ematen du ezagutza sakonago baten ikuspegia.
– Euskaraz sortzeak, mugatu egiten al du ezagutuko dutenen kopurua?
– Ez. Nik hainbat ikerketa beste hizkuntzatan argitaratu ditut, baina beharrezkoa iruditzen zait euskaraz ere egitea, ikuspegi hori izateko, eta bestetik, beharrezkoa den sistema sortzeko, hizkuntza desberdinetan lan egiteko. Euskal literaturan, adibidez, badago sistema bat, baina giza zientzietako beste arlo batzuetan oraindik ez. Hiru hizkuntzatan landu behar dugu gure lana.
– Arantzazu Euskal Herriko Unibertsitatearen hasiera izan zela diotenak badira.
– Hor gune euskaltzale indartsua egin zelako. Ez dugu ahaztu behar estatu totalitario batetan euskarazko produkzio guztia erbestekotzat hartzen zela, eta elizaren inguruan, beste estatu moduan onartua zegoena, hainbat euskarazko aldizkari sortu zirela garai hartan. Arantzazun elkartu zirenen ekarpena akademiarako hizkuntza normalizatua sortzea izan zen. Gaur egun duguna.
– Erreferentziazko espazioa izan zen Arantzazu 70. hamarkadan, non euskal pentsamendua garatzen joan zen. Gaur egun, ba al dago parekorik?
– Jakina. Inoiz baino indartsuagoa. Behar bada lehen hain gutxi izanik, identifikatzea errazagoa zen, 60. hamarkadan 'academia errante' deitzen zitzaion eta bazkaltzera biltzen ziren ondoren eztabaida kulturalean aritzeko. Gaur egun gizarte ireki batean, aukera zabalagoak daude. Euskal Herriko Unibertsitatea horren adibide da.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Fallece un hombre tras caer al río con su tractor en un pueblo de Segovia
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.