Borrar
Urgente Las 10 noticias clave de la jornada
Euskal sortzaileek bat egingo dute ospakizunekin
Hizkuntzen Europako Eguna

Euskal sortzaileek bat egingo dute ospakizunekin

Miren Agur Meabek errezitaldi batean hartuko du parte Portugalgo hiriburuan, Harkaitz Cano Bruselako Transpoesie jaialdian izango da, eta euskara ikasteko hastapen klaseak eskainiko dira New Yorkeko Queens Night Market azokan

Jon Agirre

Donostia

Miércoles, 25 de septiembre 2024, 13:57

Bruselan, Lisboan eta New Yorken Hizkuntzen Europako Egunaren ospakizunaren harira hainbat ekitaldi egingo dira bihar, irailak 26, eta euskal sortzaileek bat egingo dute. Zehazki, Miren Agur Meabek errezitaldi batean hartuko du parte Portugalgo hiriburuan, Harkaitz Cano Bruselako Transpoesie jaialdian izango da, eta euskara ikasteko hastapen klaseak eskainiko dira New Yorkeko Queens Night Market azokan.

Hizkuntzen Europako Eguna kontinentean dagoen hizkuntza eta kultura aniztasuna bere nortasunaren funtsezko elementu gisa balioesteko eta sustatzeko helburuarekin antolatzen da eta aurtengo edizioan Etxepare Euskal Institutuak bat egiten du asmo horrekin, eta euskara eta euskal kultura Europako beste hizkuntza batzuekin batera ikusarazteko hainbat jarduera sustatzen ditu.

Horrela, Etxepare Institututik jakinarazi dutenez, asteazkenean, irailaren 25ean, Hizkuntzen Europako Egunaren bezperan, errezitaldi poetiko eleaniztuna egingo da Cervantes Institutuaren Lisboako egoitzan, Iberiar penintsulako hizkuntzak ordezkatzen dituzten idazleekin. Ekitaldia Cervantes Institutuak berak antolatu du, Portugalgo Instituto Camões, Consello da Cultura Gallega, Institut Ramon Llull eta Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean.

Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendaria Lisboan izango da, Miren Agur Meaberekin batera. Espainiako Poesia Saria eta hiru bider Euskadi Saria eskuratu dituen idazle bizkaitarraz gain, Miriam Reyes Carcamo (gaztelaniaz), Golgona Anghel (portugesez), Oriana Mendez (galegoz), Miriam Cano Manzano (katalanez) eta Esther Prieto Alonso (asturieraz) idazleek ere parte hartuko dute errezitaldfian.

Poesia, Bruselan

Bestalde, ostegunetik larunbatera, irailaren 26tik 28ra, poesiak Bruselako espazio publikoa eta garraio sarea hartuko ditu, eta 20 bat egileren poema originalak irakurri ahal izango dira, bakoitza bere jatorrizko hizkuntzan, eta frantsesera eta nederlanderara itzulita.

Olerki horien artean euskarazko bat egongo da, Harkaitz Canok idatzia; Cano da, hain zuzen, Transpoesie jaialdira gonbidatutako idazleetako bat. EUNIC European Union National Institutes for Culture harreman kulturaletan diharduten erakundeen sare europarrak 2011tik antolatzen du Transpoesie, eta Etxepare Euskal Institutua EUNICen Brusela eta New Yorkeko klusterretako kide elkartua da.

Hizkuntzen Europako Egunarekin bat eginez, jaialdiak hainbat ekitaldi antolatzen ditu Belgikako hiriburuko metropoli eremu osoan, hala nola irakurketak, mahai-inguruak, eztabaidak eta idazketa saio publikoak.

Harkaitz Cano izango da inaugurazio ekitaldira gonbidatutako egileetako bat, Jardin des Citoyens-en, eta Luxenburgoko enbaxadan egingo den 'Surrealism de Lux' ekitaldian ere hartuko du parte. Europako hizkuntza aniztasuna azpimarratu nahi duen jaialdiak mugimendu surrealistari keinua egingo dio 14. edizioan, hain zuzen ere, Andre Breton artistak argitaratutako manifestu ospetsuak 100 urte bete dituenean.

Euskal kultura New Yorken ere

Azkenik, euskarak eta euskal kulturak lekua izango dute New Yorken ere, Queens Night Market gaueko azoka ezagunean egingo den ekitaldi berezian, larunbatean, irailaren 28an. EUNIC New York sareko kide diren erakundeek hainbat jarduera ludiko eta kultural antolatu dituzte Europako ondare linguistiko aberatsa erakusteko eta Hizkuntzen Europako Eguna ospatzeko, hala nola dastatze gastronomikoak, kontzertuak, dantza edota hizkuntza klaseak.

Programazio horren barruan, Etxepare Euskal Institutuaren eta AEBetako Euskadiko Ordezkaritzaren arteko lankidetzari esker, Beñat Urrutia dantzari eta ikertzaileak euskal dantza emanaldia eskainiko du, eta bertaratzen direnek euskara ikasteko hastapen klaseak hartzeko aukera ere izango dute.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskal sortzaileek bat egingo dute ospakizunekin