Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidentea eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. E.I.
Eusko Ikaskuntzaren funtsen zati bat Euskadiko Artxibo Historikoan gordeko da

Eusko Ikaskuntzaren funtsen zati bat Euskadiko Artxibo Historikoan gordeko da

2.000 kutxatan gordeta dagoen materiala historialariek eta ikertzaileek kontsultatu ahal izango dute

Jueves, 12 de abril 2018

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Eusko Ikaskuntzak akordio bat sinatu dute ostegun honetan, Bilbon, Eusko Ikaskuntzaren funtsen zati bat Euskadiko Artxibo Historikoari lagatzeko. Material guztia 2.000 kutxa ingurutan gordeta dago, eta historialari eta ikertzaileek kontsultatu ahal izango dute Artxibo Historikoan aurrerantzean.

Hain zuzen, azken lau hamarkadatan Euskadiko Historia Garaikideko Dokumentazio Zentroan bildutako dokumentazioak osatzen du Eusko Ikaskuntzak lagatako dokumentu materiala. Gainera, lagapenean bere garaian zenbait euskal familiak eta erakundek Eusko Ikaskuntzari dohaintzan emandako 30 bat dokumentu funts daude.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako presidenteak sinatu dute bi aldeen arteko akordioa. «Eusko Ikaskuntza gure herrialdeko erakunde garrantzitsuenetako bat da, eta nabarmendu behar dugu, gainera, dokumentu funts osoenetako bat duela. Funts horietako batzuk orain Euskadiko Artxibo Historikoak babestuko ditu; bere dokumentu-funtsari orain balio handiko ondarea gehitzen dio», esan du Zupiriak.

Era askotako materiala

Eusko Ikaskuntzak bildutako materialaren artean liburutegi espezializatu bat dago, 8.217 liburu eta aldizka argitaratutako 2.367 zenbakirekin. Gainera, 1936 eta 1980 bitarteko dokumentazioa bildu du 175 kutxatan, batik bat Donostiako Casa Baroja inprimategikoak eta 'La Voz de España' egunkarikoak. Halaber, kartelen bilduma bat eta 400 kutxa inguru dituen hemeroteka bat laga ditu Eusko Ikaskuntzak.

Dokumentu ondare hori azken lau hamarkadatan bildu da, Eusko Ikaskuntzak Historia Garaikidearen Dokumentazio Zentroaren proiektua sustatu zuenetik. «1978an Eusko Ikaskuntza birsortu zenetik, erakundeak premiazkoentzat jotzen ziren eginkizunetan lanean hasi zen. Diktaduraren garaian arduragabekeria kulturalaren eta ondareari tratu txarrak ematen lau hamarkada egon ondoren, gure herrialdeak gabezia ugari eta oso larriak zituen. Ikerlana sustatzeko, lehentasunezkoa zen artxiboen eta dokumentu gordailuen egoera aztertzea. Horretara dedikatu zen Euskal Ikaskuntzen Kongresua, monografikoki», azaldu du Dorronsorok.

Urtebete geroago, 1979an, Espainiako Gerra Zibiletik euskal historiari buruzko hainbat arlotako materialak bilduko zituen zentroa sortzeko beharra planteatu zen. Helburuak izan behar zuen garaiko ikertzaileen eta etorkizunean trantsizioaren historiari buruz idazteko interesa erakutsiko zutenen esku jartzea interesekotzat jotzen zen dokumentu ondare guztia. Hasieran, proiektua Hondarribiko Ramery Jauregian kokatu zen eta, urteetan zehar, Euskadiko oraintsuko historiari buruzko material ugari biltzen ahalegindu zen.

«Liburuak, egunkariak, aldizkariak, liburuxkak, panfletoak, kartelak eta oraintsuko historia aztertzeko interesekoa den edozein dokumentu sozial eta politiko biltzeko helburu izango litzateke. Denborak dimentsionatuko luke berriro enpresa handinahi hori, benetako aukeren arabera», esan du Dorronsorok.

Orain, material hau guztia Euskadiko Artxibo Historikoak babestuko du, eta Zupiriak eskerrak eman ditu horregatik. «Eskerrak eman nahi ditugu Eusko Ikaskuntzak Euskadiko Artxibo Historikoaren proiektuaren gainean erakutsitako konfiantzagatik. Eraikin honek dituen funts guztiekin batera, aurrerantzean, erreferentzia oso garrantzitsua egongo da, Dokumentazio Zentroa, funtsezkoa gure herrialdeko XX. mendeko asaldatua aztertzeko interesa duten pertsonentzat. Frankismoa eta trantsizioa direla eta, lehen mailako iturri garrantzitsuenetako zati handi bat Eusko Ikaskuntzak Artxiboaren babespean jartzen dituen funtsen artean dago», adierazi du.

Jatorri desberdineko 30 funts

Dokumentazio Zentroari lotutako materialarekin batera, Eusko Ikaskuntzak Euskadiko Artxibo Historikoari hainbat jatorritako 30 bat funts laga dizkio. Elementu horien artean nabarmentzekoak dira Aramendi bilduma (39 kutxa), AHNan eta Artxibo Historiko Militarrean eskuratutako dokumentuekin; Arteaga-Aznar funtsa (sei kutxa); Corral funtsa (bost kutxa); Santiago Cunchillos funtsa (lau kutxa); hauteskundeei buruzko dokumentazioa (32 kutxa); Eva Forest-Alfonso Sastre funtsa (15 kutxa); Eugène Goyenetche funtsa (bederatzi kutxa); KAS koordinakundearen dokumentazioa (hiru kutxa); Langileen Erakunde Iraultzailearen dokumentazioa (89 kutxa), eta alderdi politikoei buruzko dokumentazioa (270 kutxa).

Hortaz, familia ugariren, alderdi politikoen, sindikatuen, gizarte mugimenduen eta bestelako artxiboetan eskuratutako dokumentuak daude. Santiago Cunchillos, Eugéne Goyheneche, Arteaga-Aznar edo Sastre-Foresten funtsek duten garrantzia nabarmendu du Dorronsorok.

Eusko Ikaskuntzak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren mendeko Euskadiko Artxibo Historikoari lagatako funtsak balio handiko ondare dira, ikuspuntu historikotik eta kulturaletik. Artxibo Historikoak baldintza egokiak ditu material hori babestu, kontserbatu eta, hala badagokio, zabaldu ahal izateko.

Era berean, Eusko Ikaskuntzak funts horiek ahalik eta baldintza egokienetan kontserbatu eta zabaldu ahal izateko interes bera du. Hori dela eta, alde biek erabaki dute dokumentu horiek lagatzeko akordioa sinatzea; bertan ezartzen da Eusko Ikaskuntzak doan laga diola funts horiek gordetzea.

Hitzarmen hau dokumentu ondarearen eta artxiboen politikaren programetako baten oinarri da, Euskadiko historia ulertzeko esanguratsuak diren dokumentu funtsak berreskuratzeko programarena. Artxiboak kontserbatu eta zabaldu egingo ditu, dituen artxibo funts publikoen irizpide berei jarraikiz.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Eusko Ikaskuntzaren funtsen zati bat Euskadiko Artxibo Historikoan gordeko da