Secciones
Servicios
Destacamos
Donostia
Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.
Martes, 10 de diciembre 2024
Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.
Ilusio handiz, bertsotan asmatzeko gogo bereziarekin eta oholtza gainean egote hutsaz harago beste pauso bat eman eta elkarrizketarako aukerak sortzeko asmoz azaldu dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak: Alaia Martin, Andoni Rekondo, Ane Labaka, Aner Peritz 'Euzkitze', Beñat Gaztelumendi, Eneritz Artetxe, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran. Aho batez azpimarratu dute gainera partaideen aniztasuna eta horrek ireki ditzakeen elkarrizketarako aukerak, talde ederra dela eta «pozik, gustura eta eroso» sentitzen direla. Ez dira gutxi izan «kantatu dudan [zortziko] onena» bezalakoak bota dituztenak. Tartean 4-5 final lehiatu dituzten, txapelketan zein plazan ibilbide luzea duten eta añorgarrak bezala bi txapel dituen bertsolariak izanda ez da gutxi esatea. Larunbateko zita, txapelketa bezala, mailakoa izango denaren esperantzaz hartzen dute erronka. Azken sarrerak eskura dira bertsosarrerak.eus webgunean.
Finalean gai-jartzaile lanetan ariko den Ane Ezenarrok gidatu du aurkezpen-ekitaldia. Azaldu duen bezala «urte luzea eta berezia» izan da Gipuzkoako Bertsozale Elkartearentzat. Batetik, txapelketa zegokiona baino urtebete beranduago izan delako eta gogoz direlako antolakuntza, bertsolari zein bertsozaleak; eta bestetik, Almen bertso-eskolaren 50. urteurrenak ardaztu duelako 2024a.
Luze sentsazio hori ere hizpide izan dute zenbait bertsolarik hitzartzeetan. Batetik, udaberrian izan zen sailkapen fasetik datozen Rekondok, Artetxek eta Peritzek, prozesua luzea egin zaiela azaldu dute; bestetik, udazkenean sartu direnek, itxaronaldia tarteka zaila izan dela eta lur hartzea erronka izan dela. Hori bai, ez genuke neke sentsazioarekin nahastu behar, kantuan aritzeko grina nabaritu baitzaie zortziei, finalean egon baina gehiago finalean esan nahi dutela.
Noticia relacionada
Zortzietan ibilbide luzeena izan duena Elustondo da, 2003ko Gipuzkoakoa baita lehena. Kuriositatez, azkena izan da sartzen lehian eta, berak esan bezala «ibilbide motzena» izango duena. Tolosako final-laurdenetarako itxaronaldia «oso luzea» egin zitzaion, ez hainbeste bi aste geroago Oiartzungo final-laurdenetarako tartea. «Segituan etorri zitzaidan eta zurrunbilo samar dut saltoa». Azken saioa gogoz hartzen du, «belaunaldi baten azkenetako superbibiente» bezala eta, aldi berean, «gazte konplexuarekin, belaunaldi berriekin kantatzeko gogoz». Jardunean zehar «bertsotan egitea» du helburu, ahalik eta ariketa gehienetan «arrastoa uztea» sailkapenari hainbeste begiratu gabe. «Gaiak aprobetxatu ditudanaren sentsazioarekin amaitu nahi dut, jakinik gutxitan lortzen dela».
Hilabete izan du kantalditik kantaldira Gaztelumendik eta zorteaz eskertuta mintzatu da. «Oso neurri ona da, atseden hartu eta berriro ere burua estutzeko». Gorputzaldiaz galdetuta, iritzi du ariketa bakoitzak berea eskatzen duela eta hori izango du helburu nagusi, «ernetasun puntu» horrekin egotea. «Ariketa bakoitzak zer eskatuko duen kontziente izan nahi dut, bertsokera eta gorputzaldia horretara moldatzeko gai izan». Bidaide izango duen zortzikotea goraipatu du, «izugarri motibatzen» baitu, eta finalkide bezala «gusturen» izan dena dela kontatu du. Aniztasun horrekin, gainera, «Gipuzkoa egun zer den, nora joan daitekeen eta norantz joatea nahiko genukeen» ederki erakusten duela adierazi du.
Alboan izango duenetako bat Martin izango da, azken hiru finaletan bezala. Oiartzuarra gustura da orain arte emandakoarekin. Eibarko final-laurdena «oso saio beroa» izan zela azaldu du eta oroitzapen polita duela «abiapuntua garrantzitsua» delako. «Kontziente eta presente sentitu nintzen, konforme, eta zertzeladaren batekin gustora». Pauso bat eman zuen Zarauzko finalaurrekoan, «tentsio gehiagorekin» bizi izan zuena, baina era berean «jolastu izanaren pozarekin». Hartan bezala finalean «elkarrizketa politak» sortzea espero du eta lasai da, «atzera edo albotara begiratuta edozein ofizio edo elkarrizketan» zerbait berezia sortzea posible ikusita. Laugarren finalean izatea «pribilegio» bezala bizi du Martinek eta iristeko prozesua ezberdina izan dela xehatu. «Beste txapelketa batzuetan lanketa intensoagoa izan da, honetarako zabalagoa, lehenagotik hasi eta askoz arnas gehiago hartu dut tartean». Hala, «kontzentratuta kantatu», baina era berean «irekita eta malgu» egon nahi du «ahalik eta gauza gehien eskaintzeko».
Beste «talaia» batetik bizi izan du, era berean, Ane Labakak. Ezinbestean duela bost urtekoarekin alderatuta, hura luze egin zitzaion udaberritik helduta finalean «agortuta» zen, «egote hutsa» nahikoa helburu. 2024ko honetan motzago, «gorabeheratsu» ere, nabaritu du «bost urte hauetako lanketa eta bidearen lagin bat erakutsi» duela. Hala egin nahiko du finalean, «presente egon, beste koska bat gehitu eta egotetik harago egiten asmatzea».
Txapelketan sartzeko «zain-zain» egon da Oihana Iguaran, bideaz gozatzen «lagunekin kanturako elkartu eta bertso-eskolari eguneroko lan eta zereginetan lehentasuna» emateko ilusioz. Saioetan izandako harrera «beroak» bultzada eman dio eta aurreko lehietan izandako bideari begiratuta «oraindik gorako bidea» geratzen zaiola aurreratu du. Kartelarekin «oso pozik», aurreko bietan baino baldintza hobetan ikusten du bere burua. «Lehena ospakizun bezala bizi nuen, duela bost urte ez nintzen gorputzaren jabe sentitzen, larunbatean izan nahiko nuke». Hiru ahots berriekin «tonu eta kolore paleta zabala» osatzen dutelako pozik, egoera berri hori «atea ireki eta ahotsa jartzea» du jomuga.
Hiru ahots berriek onartu dute «luze samar» egin zaiela, nahiz bidea «oso polita» izan den azpimarratu. Artetxek txapelketan etena eginda hasi zuen 2024ko ibilbidea eta uste du hein batean lagundu diola; Rekondo eta Peritzentzat lehen lehia izan da eta biek kontatu dutenez aspaldi gainditu zuten euren buruari ezarritako langa. Hala, finalean ahal den paper onena egiteko asmoarekin oholtzaratuko dira, puntu eta postu aldetik baino, bertsokeran asmatzeko eta gozatzeko helburuarekin hartzen dute. Ez ditu itsutzen 25 urtez azpiko bertsolari onenaren sariak.
Artetxek irribarrez azaldu du txapelketa prestatzen hasi zenean burutik ere ez zitzaola pasa 'zerin gorputzaldirekin hartzen duzu finala' bezalako galderei erantzun beharko zienik. Plaza handia dela jakitun, «txapelketan utzitakotik zerbait» erakutsi nahi du, «bertsotan egiten asmatu» eta talde-lanean «entzuleari merezi duena» eskaini.
«Motibazio» berarekin mintzatu da Peritz. «Dimentsio eta handitasunak, areto eta mediatizazioa» txanponaren alde bat, ifrentzuan esan nahi duena mahai gainean jartzeko «aukera ona» dela onartu du. «Ez diot nire buruari exijitzen postu eta puntu aldetik. Plaza zer egiten dakidan erakusteko baliatu nahiko nuke eta esateko».
Gai berari loturik
Gogo aldetik ez da atzean geratu Rekondo, bereziki «belaunartekotasuna» dela-eta, zortzien artean «elkarrizketa» nola eman daitekeen. «Askorekin ez dut sekula abestu eta hori beste plus bat da». Oholtza gainean «ondo egitea» du jomuga, «borobiltzeko eta gustura geratzeko kapaz izatea» eta, ahal den neurrian, «ahalik eta saio politena» egitea.
Horretaz gain, azken hilabete hauetan Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak «bertsoa eta bertsolaritza erdigunean jartzea» helburu izan dituztela azpimarratu dute, baita bere «aldaera guztietan mugimendu zabal, emankor eta bizia» dela erakustea. Izan ere, bertsolaritzatik defendatu ohi den bezala, «txapelketa finala baino askoz gehiago» da, gaur oroitu duten bezala eta, beraz, «bertsolaritzaren mugimendua bera txapelketa bat baino askoz gehiago» dela ere. «Bide luzea, polita eta aberasgarria da denok elkarrekin egin dugu bidea eta hori errematatzera dator larunbateko finala».
'Gipuzkoa bertsotan' sailkapen fasearen aurretik jada izan ziren Almen bertso-eskolari aitortza ekitaldiak, Unai Gaztelmendik sortutako iruditegian Leintz Bailara hartako lehen bertso eskolaren eta beste zenbait bertsolari gazteren argazki oso famatua baliatu zuen, Uztapide bertsolari ezaguna erdian duela. Iruditegi hori bigarren fasean ere mantendu da eta finalean ere Arantzazu Loidik jantziko duela txapela eta 25 urtez azpikoa Patxi Goikoeleak emango duela. Ezenarrok esan bezala urtea eta txapelketa «ardaztu» duenaren erakusle.
Lehen hartan 74 bertsolari aritu ziren bi itzulitan, 34 heldu ziren irailekora -orduan batu ziren 2019tik txartela lortua zutenak-. Haietatik hiru heldu dira finalera, Rekondo, Artetxe eta Peritz.
Hiruek onartu dute «luze samar» egin zaiela, nahiz bidea «oso polita» izan den azpimarratu. Rekondo eta Peritzek kontatu dutenez aspaldi gainditu zuten euren buruari ezarritako langa eta finala ahal den paper onena egiteko asmoarekin, ahal den neurrian gozatzeko helburuarekin hartzen dute. Puntu eta postu aldetik baino, bertsokeran asmatzekoarekin.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Cinco consejos prácticos para sobrevivir a las comilonas navideñas
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.