Borrar
Garmendia eta Apaolaza, aurkezpenean Michelena
Galtzearen eta irabaztearen arteko gatazka ardatz, 'Losers' antzezlanean

Galtzearen eta irabaztearen arteko gatazka ardatz, 'Losers' antzezlanean

Donostiako Antzoki Zaharrean egingo dituzte emanaldiak Jon Plazaolak eta Aitziber Garmendiak abuztuaren 14tik 18ra

Amalia Ibargutxi

Donostia

Martes, 13 de agosto 2019

Galtzea bada gizarteak ezarritako arautik kanpo haztea, galtzaileak dira. 'Losers' antzezlanean, Imanol eta Sara adinean aurrera doaz, ia berrogei urte dituzte, eta galtzailetzat dituzte euren buruak. Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia dira erromantikotik baino, komediatik gehiago duen lan honetako protagonistak. Donostiako Antzoki Zaharrean egingo dituzte emanaldiak asteazken honetatik igandera, abuztuaren 14tik 18ra, hain zuzen.

Hurrengoa dio sinopsiak: «Imanol eta Sarak ia berrogei urte dituzte, eta gizakiok tenore horretara ailegatuta, gizarteak markatutako baldintzetatik ez dute bat bera ere betetzen: umerik ez, bikoterik ere ez eta diruz urri, etxebizitza bat erosteko aukerarik gabe. Horregatik euren buruak galtzailetzat dituzte eta aldatzeko esperantza handirik gabe, ia-ia etsiak jota, pozik bizitzeko merezimendurik izango ez balute bezala. Bizipozak, ordea, ez du mugarik eta areago, ez du zer ikusirik ondasun materialekin edo gizarteak markatzen dituen usadio eta arauen menpe bizitzearekin. Gu geu gara gure bizitzak nolakoa beharko duen erabaki behar dugunak. Geure beldur eta mugak gainditzeko gai izanez gero behintzat. Imanol eta Sarak bakarti bizitzeari utzi nahi diote. Goibel antza bizi dira, baina pozik bizi nahi dute. Lortuko al dute?»

Marta Buchacarena da testu originala, Martin Agirrek itzuli duena euskarara. Aurkezpenean nabarmendu nahi izan dute aktoreek, hala ere, euskaratzeaz gain, «berritu eta hona ekarri» dutela sortzaile katalanaren istorioa.

«Gaurkotu eta 'honatu' egin dugu obra. Gaurkotu, sei urte dituelako eta bazeudelako zaharkituta sumatu ditugun hizkera edota erreferentziak. Eta gurera ekarri dugu, bestetik, hizkuntzari eta testuak aipatzen dituen artista, toki eta tankerako aipamenak ere moldatu ditugulako. Erabilitako euskararen hautua ere naturaltasunetik egin dugu; gureak ditugun goierritarra eta Urola Garaikoa baliatuko ditugu», esan dute.

Izan ere, aldarrikatu badute ere xehetasun gehiegi ez emateko duten asmoa, aurreratu dute formatu aldetik berezia dela 'Losers', antzerkigintzako laugarren pareta apurtu eta ikuslearen aldetik erantzuna gerta daitekeela.

Txalo Produkzioak eta La Mandangak ekoiztutako antzezlanaren emanaldi guztiak euskaraz izango dira. Plazaolak, La Mandanga-ko kide eta, beraz, ekoizle den aldetik, «garrantzitsutzat» du hautu hori.

Aurre-aurkezpena egin dute astelehen honetan Urnietan, eta lanak harrera oso ona izan duela uste dute. «Anormaltasun osoko» istorio guztiz arruntean, askotariko lagunek aurkituko omen dute beraien tokia.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Galtzearen eta irabaztearen arteko gatazka ardatz, 'Losers' antzezlanean