Secciones
Servicios
Destacamos
Rufino laguna nuen. Lagun estimatua. Ezagupidea 1986an hasi zen, badira urte batzuk. Harekin elkartzen nintzenean (urtean behin mondeju-jana egiten genuen Zaldibian, berak gonbidatuta, azken urteotan Bizargorrirekin batera) beti adierazten zidan egunkari honetan iritzizko artikuluak idazten jarraitzeko gogoa. Gogo bizia erakusten zidan. «Nik artikulua behar dut», esan ohi zidan, behar baino gehiago premia balitz bezala.
Gizon gogoetatsua zen Rufino. Haren artikuluak, askotan, «bizitzari buruzkoak» izaten ziren. Eta esango nuke etenik gabe saiatu zela bizitzaren zentzua antzematen. Lan ederra hartu zuen. Orixe bezala, Jainko bila jardun zuen, eta urteen poderioz sentitu zuen lehengo Jainkoa, lehengo kristautasuna, arrotza zitzaiola. Baina ez zuen etsi, traszendentzi gosez jarraitu eta urtero joan ohi zen Arantzazura gogojardun 'alternatibo' batzuk egitera. Mutikotan han ikasitakoa zen (ez luzaroan) eta sekula ez zitzaion hango garra guztiz itzali. Orain harkaitz haietan zabalduko dituzte errautsak, etxekoek esan didatenez.
Gaztetan ez zuen unibertsitaterik zapaldu. Etxe apal batean jaioa izanik, ez zuen modurik izan. Gero, askoz geroago estudiatu zuen Irakasle Eskolan, eta 1980. hamarkada hasiera aldetik aurrera euskara irakasle izan zuen ogibidea. Hori baino lehenago, bide oparoa egina zuen bertsolaritza kontuetan. Ez zuen bat-bateko bertsolari izateko balio izan, baina makina bat bertso jarri zuen, eta kronista eta epaimahaikide moduan ere ederki nabarmendu zen. Liburu batzuk ere idatzi zituen lehengo bertsolarien gainean. Baina Bertsozale Elkartearen sorrerarekin batera bertsolaritzaren aro berria etorri zenean, bera poliki-poliki urrunduz joan zen. Inoiz aitortu zidanez, tokiz kanpo sentitzen hasi zen, eta behin baino gehiagotan kexatu zitzaidan bertso-mundu ofizialeko zenbaiten destaina zela eta.
Desenkantuak desenkatu, bertsoarekin beti egon zen interesaturik, eta jakin zuen seme Bianditzi jakin-min hori transmititzen. Etxetik eta umetatik zetorkion bertsozaletasuna. Anaia Patxik hamabi urte gehiago zituen eta gure Rufinok estanpa polita deskribatu zuen behin: Patxi bertso kantari etxeko atarian, belaun banatan bi anaia txiki: Rufino eta Sebastian.
Oraindik orain, apiril bukaera aldera, hil zen anaia Patxi. Hura bat-bateko bertsolaria zen, eta sekula testu luzerik idatzi gabea. Rufino, aldiz, benetako letra-gizona izan dugu, eta beronek idatzi zuen Patxiren biografia ere, gero Auspoan publikatu zena. Idazkerari dagokionez, gustatzen zitzaion heterodoxia pixka bat erakustea. Orain aste gutxi, 'Bakaziotatik bueltan' ipini zion izenburu DV-ko zutabeari.
Patxiren aldean oso desberdina zen Rufino. Patxi gogoetarik idatzi gabe joan zen, Rufinok pentsamendu sorta zabala utzi digu. Hona bat, duela aste gutxikoa: «Bihotzarekin 'pentsatzera' gonbidatzen zaituztet. Bihotza buruaren gainetik dago, bihotzaren desirak nobleak dira; bihotzean dago estetika, sentiberatasuna, kariñoa... Burua erasokorra da; bihotza, amodioa. Buruan dago arrazoimena, bihotzak arrazoimenaz handiko gauzak atzematen ditu».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
La juzgan por lucrarse de otra marca y vender cocinas de peor calidad
El Norte de Castilla
Los libros vuelven a la Biblioteca Municipal de Santander
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.