

Secciones
Servicios
Destacamos
Ekainaren 28an Tomás Hernández Mendizabal-en (Donostia, 1940) 'Euskal grafia' liburua aurkeztu zuen Erein etxeak. Euskal ikonografia zaharrean –aspaldiko kutxetan ikus daitekeen horretan– oinarritutako marrazki sorta zabal bat dakar liburuak. Bukaera aldera, gizon honek diseinaturiko euskal tipografia ikus daiteke. Batetik maiuskulen abezedarioa, bestetik minuskulena. Hor behean daude ikusgai.
Bai, herri honek munduari eman dizkion gauzen artean, hor dago euskal tipografia. Ikusi orduko, badakigu hemengoa dela. Abezedarioko letra nabarmenena A da, bere txapela edo teilatu horrekin.
Toki askotan erabili da tipografia hau. Besteak beste, kale- eta jatetxe-errotuluetan. Lehen, askoz gehiago; orain, tipografia 'modernoagoa' hobesten dute herri-agintariek eta enpresaburuek. Baina, oraindik ere, gure grafia honek berebiziko presentzia dauka. Aski da Donostiako Parte Zaharrera joan eta hango taberna eta jatetxeetako errotuluei erreparatzea.
Horrelako grafiak batik bat hilarrien bidez iraun zuen mendeetan zehar. Gero, XX. mendean, zenbait adituk ekin zioten bilketa- eta ikerketa-lanari. Euskal nazionalismoa ere hasi zen interesa agertzen.
Edorta Kortadi arte-adituak idatzi du Hernández Mendizabalen liburuko hitzaurrea eta hainbat datu jakingarri ematen du bertan. 1923an, Baionako lizeoan lanean ari zen Louis Colas irakasleak 'La tombe basque. Recueil d'inscriptions funéraires et domestiques du Pays Basque Francais' liburua plazaratu zuen. Colas ez zen hilarrietara mugatu eta bilduma harrigarria osatu zuen. 1934an, Eusko Ikaskuntzak antolatuta Bergaran burututako kongresuan, Eugeniusz Frankowskik ponentzia aurkeztu zuen oihal eta altzarietako euskal ikonografiaz. Hurrengo pauso handia Jon eta Pablo Zabalo anaiek eman zuten: 'Arquitectura popular y grafía vasca' liburua plazaratu zuten, tipografiaren aldetik ekarpen handia.
1936ko gerraosteko zuloaren ondoren, 1970ean Jose Migel Barandiaranek 'Estelas funerarias del País Vasco' izeneko katalogoa egin zuen Parisko ministerio baten enkarguz. Berak egin zituen marrazkiak. Urte berean, Luis Pedro Peña Santiagok 'Arte popular vasco' liburua argitaratu zuen.
1994an, Edorta Kortadik berak Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Sailaren eskariz liburua plazaratu zuen, halako 'status quaestionis' bat: 'Grafía vasca. Origen y existencia, difusión y fijación'. Aditu honen ustez, euskal tipografiak idazki latinoetan du oinarria.
Euskal tipografiako letretan A maiuskula da adibide paradigmatikoa. Txapela edo teilatu hori ez da beste tipografietan ikusten. Bestalde, euskal tipografiako letrak 'lodi' samarrak dira. «Kontuan izan hilarrietan-eta lan egin behar zuten artisauek, edo zurezko altzariak egiten zituztenek, ezin zutela letra mehe-meherik egin garaiko lanabes haiekin», dio Kortadik.
Aditu honen ustez, Jon eta Pablo Zabalok lan handia egin zuten tipografia honen zabalkunde aldetik. Ikusgarria da Orixeren 'Urte guziko meza-bezperak' libururako egin zuten lana. Hor, harrigarriro, letra maiuskulen artean 'a' letra minuskula ageri da, eta elkarketak itxura ederra dauka.
Tipografia honi, gaztelaniaz, 'suletina' esan izan zaio. Badu bere logika: askoz gehiago mantendu baitzen Ipar Euskal Herrian. Hemen Hegoaldean frankismoaren garaian agintarien errezeloa pizten zuen; eta zenbaitetan debekua ere bai.
Zenbait adibide: 1. Louis Colas-en liburu baliotsua ('La tombe basque', 1932). 2. Tomás Hernández Mendizabalek diseinaturiko tipografia. 3. Zuberoako Domintxaine herriko XVIII. mendeko hilarriko grafia. 4. Alberto Corazónen 'Bilbao Alfabetoa'. 5. Jon eta Pablo Zabalok 1951n Orixerentzat egindako grafia.
2000. urtean, Alberto Corazón diseinatzaile famatuak 'Bilbao Alfabetoa' egin zuen, hiriko Udalaren eskariz. Eta dohainik aukera eman zitzaien bilbotarrei, beren errotuluetan-eta erabil zezaten.
Santos Bregaña diseinatzaileak ere gogoeta franko egin du tipografiaren inguruan. Iritzi kritikoa dauka: «Hemen tipografia herrikoia, artisauek sortutakoa, laudatu dugu, baina nire ustez garrantzi gehiago dauka Joannes de Yciar batek. Durangon jaio zen XVI. mendeko bigarren hamarkadan eta Zaragozan bizi izan zen. Frantzian Claude Garamond-ek bere izena daraman letra mota hori sortu zuen garai berean, gizon honek kaligrafiako lan zoragarri batzuk egin zituen. Jose Frantzisko Iturzaeta ere gizon handia izan zen: 1788an jaioa, Getarian, 'Arte de escribir la letra bastarda española' liburua publikatu zuen, gero Espainiako eskola guztietan erabiliko zutena».
Bregañak berak sortu ditu tipografia batzuk. 'Kai' delakoa, Mikel Enparantzarekin batera diseinatu zuen, eta hain zuzen ere tipo horretako minuskulekin egin zuen Mugaritz jatetxearen errotulua. Gero, duela gutxi, 'Lamia' izenekoa diseinatu zuen, Iturzaetaren omenez, eta Getariako Balenciaga Museoan aurkeztua izan zena. «Olatuetan inspiratutako letra mota da», adierazi du. Eta diseinatua du 'Wasconia' izenekoa ere.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
El enigma de las plantas de tequila en la 'Catedral del vino' de Cigales
El Norte de Castilla
La Unidad de Trasplantes de Valdecilla, premio Cántabro del Año
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.