Borrar
Ezkerraldean, Mariasun Pagoaga antzezlea.
'Hamaika amaren seme (alaba)', gure azken ehun urteei buruzko lezioa

'Hamaika amaren seme (alaba)', gure azken ehun urteei buruzko lezioa

Eusko Ikaskuntzaren eta Euskal Herriaren beraren historia laburbiltzen duen antzezlan hau Donostiara iritsiko da bihar

Viernes, 1 de febrero 2019, 11:54

'Hamaika amaren seme (alaba)' antzezlana Donostiara helduko da larunbat honetan, otsailak 2. Eusko Ikaskuntzaren ehun urteko bizialdia -eta bide batez Euskal Herriarena berarena- agertzen duen antzezlana da, Josemari Velez de Mendizabalek idatzia eta Doke taldeko lagunek antzeztua. Zehazkiago esanda, hamahiru lagunek egingo dute aktore lana oholtzan: Doke taldeko hiru lagunek eta Aramaioko abesbatzako hamar lagunek. Proiekzioek ere presentzia handia daukate ikuskizunean zehar.

Bihar Antzoki Zaharrean izango da emanaldia, arratsaldeko 7:30etik aurrera. Antzezlana azaroaren 23an estreinatu zen Oñatin, Eusko Ikaskuntzaren mendeurren-ospakizunen erdi-erdian. Arrasatetik igaro zen abenduaren 2an eta gero Aramaion eskaini zuten. Izan ere, Aramaioko herriak protagonismo berezia hartu du antzezlan honen ekoizpenean. Eszenategian ari diren hamahiru pertsonetatik hamar hangoak dira. Baita obraren egilea bera eta musika egokitzailea ere.

  • Donostiako emanaldia

  • Data Bihar, larunbata, 19:30ean.

  • Tokia Antzoki Zaharra.

  • Iraupena 65 minutu.

  • Datuak

  • Testuaren egilea Josemari Velez de Mendizabal.

  • Zuzendari artistikoa Vene Herrero.

  • Musika egile eta egokitzailea Sabin Salaberri.

  • Eszenografia eta kartela Iñigo Arregi.

Urtarrilaren 26an Bilboko Arriaga Antzokian eskaini ondoren, Gipuzkoako hiriburura ailegatuko da larunbatean.

Oholtza gainean Doke taldeko hiru antzezle eta Aramaioko abesbatzako lagunak izango dira

«Erronka izugarria izan da, urte asko direlako kontatzeko», adierazi du Velez de Mendizabalek

Eusko Ikaskuntzak berak erabaki zuen antzezlan bat jartzea abian bere ehun urteak ospatzeko. Erakundearen beraren historia eta Euskal Herriarena uztartzen ditu 'Hamaika amaren seme (alaba)'-k.

Josemari Velez de Mendizabalek idatzi du antzezlana. Ongi ezagutzen du erakunde horren historia, bertan egin baitzuen lan, kudeatzaile postuan, hainbat urtez.

Batik bat Doke taldeko hiru kidek gauzatuko dute istorioa oholtza gainean, Vene Herreroren zuzendaritzaren pean: Mariasun Pagoaga (eskarmentu gehien daukana, hamalau urte daramatzana Doken), Maider Alzelai eta Xabi Latorre (azken hau taldeko berriena).

Vene Herreroren zuzendaritzaren pean ariko dira antzezleok, eta bigarren obra da Herrerok talde honi zuzentzen diona, aurrekoa 'Aingeru ala kurrilloi?' izan zelarik. Madrilen hiru hamarkada eman ondoren, Arrasatera itzuli da Vene Herrero eta Dokerekin harreman estua dauka. Berak erabaki zuen Aramaioko abesbatzako kideei aktore-lana ere ematea, ikusirik oholtzan mugitzeko balio zutela.

Bestalde, Sabin Salaberrik espresuki konposatutako musika darabil antzezlanak, Larraitz Arriolabengoaren musika zuzendaritzapean. Piano-jotzailea eta bi txalapartari ariko dira oholtzan. Eszenografia, berriz, Iñigo Arregi eskultore arrasatearrak sinatzen du.

Antzezlanak azken ehun urteotako euskal gizartearen bilakaera historikoa azaltzen du. 65 minutuko iraupena duen obra honetan, hasiera aldera baserri giroko Euskal Herri bat agertzen da, eta karlismoaren eraginaren pean bizi den gizarte bat. Hain zuzen ere, 'Hamaika amaren seme' izeneko bertsoak Lehen Gerrate Karlistakoak dira, Resurreccion Maria Azkuek bildu zituen eta Lourdes Iriondok (1937-2005) kantatu. 1968an atera zuen diskoko abestietako bat da hori. «Arrasateko herrikoia», era honetara deskribatzen zuen kantua diskoak.

Velez de Mendizabalek adierazi duenez, Eusko Ikaskuntzak oso garai emankorra bizi izan zuen 1918-1936 epean. Besteak beste Eusko Pizkundea mugimendua elikatu zuen. Azpimarratzekoa da erakundeak urte haietan antzerkiari ere emandako bultzada. Sariketak antolatu zituen, jarraikortasunez.

Barandiaran eta Apraiz

Gero, frankismo garaiko urte zailetan, Jose Migel Barandiaran eta Angel Apraiz giltzarri izan omen ziren erakundearen biziraupenerako. Antzezlanak, esan bezala, Eusko Ikaskuntzaren eta Euskal Herriaren beraren ehun urteak hartzen ditu gogoetagai moduan. Velez de Mendizabalek ongi ezagutzen du erakundea, bertako zuzendari kudea-tzailea izan baitzen. Hasieran, Eusko Ikaskuntzako oraingo zuzendari Arantza Cuesta zuzendariak proposamena egin zionean, ezezkoa eman zuen, baina segituan deitu zuen -handik bi ordura- baietz esateko.

Josemari Velez de Mendizabal Arrasateko Doke antzerki-taldeko kide da eta eskarmentu handia du genero horretan. «Oso obra bihotzekoa da hau», adierazi du. «Erronka izugarria izan da, urte asko direlako kontatzeko. Ezagutzen ditut Eusko Ikaskuntzaren barruko gorabeherak. Izaki bizia izan da, kementsua».

Eusko Ikaskuntzako egungo lehendakaria ere mintzatu da antzezlanaz. Iñaki Dorronsorok adierazi duenez, azpimarratzekoa da EIk bere lehen fasean antzerkiari emandako bultzada. «Bi helburu zituen: gazteen zeregin artistikoa sustatu eta euskara lantzea. Laster sortu zuen antzezlanen biltegia, antzerki-taldeen errepertorioak osatze aldera. Testu originalen lehiaketak antolatu zituen, baita Euskal Herri osoko antzerki-talde amateurrak partaide izan zituzten antzerki-ekitaldiak ere. Horrekin batera, Eusko Ikaskuntzaren Kongresuetako eta 1927tik 1936ra bitarte antolatu zituen udako ikastaroetako programetan beti izaten ziren euskarazko antzezlanak», azpimarratu du Dorronsorok.

Orain arteko emanaldietan, Arrasatekoa izan da jendetsuena. «Han 400 lagun bildu ziren, baina beharbada guretzat saio beroena Aramaiokoa izan zen, hango aretoa bete-bete eginda zegoelako; baina han 150 lagun izango ziren guztira», esan du Mariasun Pagoaga aktoreak.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Hamaika amaren seme (alaba)', gure azken ehun urteei buruzko lezioa