Borrar
Carlos Ausserladscheider 2014an, atzean bere bi margolan dituela. GORKA SALMERÓN
Hippy txima-luzea gogoan

Hippy txima-luzea gogoan

Carlos Ausserladscheider abenduan hil zen. Txo! kolektiboaren arima izan zen, eta erabateko artista. Orain, lagunek erakusketa prestatu diote

Domingo, 20 de enero 2019, 13:22

Lehengo abenduaren 11n Carlos Ausserladscheider hil zen. Gizon bitxia benetan. 1952an jaioa Legazpin, «besteak ez bezalakoa» izan zen mutikotatik. Kezka artistiko sakon batek bultzaturik, gaztetan herriko etxe apartatu batean jarri zen bizi izaten eta bizimodu alternatiboa eraman zuen. Gaur Taldea sortu zuen (1978-1982), tailer tankerako taldea, non herriko ipurterre zenbait bildu baitziren, arlo oso desberdinak lantzeko: pintura, zeramika, eta poesia, besteak beste.

Hil zenean Iruñean bizi zen, Txantrean. Aitona ere bazen. Izaera gogorrekoa izan zen, eta oso bizialdi gorabeheratsua izan zuen.

Hasiera hartan, 1970eko hamarkadan, Legazpi bezalako herri batean –non jende guztiak Patrizio Etxeberriaren fabrikan egiten baitzuen lan– abangoardiako gizona izan zen Carlos. Jendeak ez zuen ulertu, hippy txima-luze gautxoritzat zeukan.

Gazteek entzuna zuten gizon honek zerbait bazekiela musika anglosaxoiaz eta haren etxera azaltzen ziren rockeko diskoak entzutera. Esan bezala, 1970eko hamarkadan urrutiko etxe batean jarri zen bizi izaten. Patrizio Etxeberriaren pabiloiak bukatzen ziren tokian zegoen; toki sinbolikoa: hantxe bukatzen zen Legazpiko mundu ortodoxoa eta hantxe hasten Carlosen heterodoxia.

Txalaparta jotzen ikasi zuen eta erakutsi zien zenbaiti. Haren etxera joaten ziren entseatzera Iñaki Igon Garitonaindia 'Gari' eta Luis Javier Saiz, 'Txanpi', herrikoak horiek ere, eta handik gutxira Hertzainak taldean hasiko zirenak Gasteizen.

Carlos oso ondo ezagutu zuen Gorka Salmerón argazkilari legazpiarrak, honez gero diziplina horretan ospe handia bereganatutako gizonak. Izan ere, bi lagunok Txo! kolektiboa sortu zuten 1990ean, eta urte berean Txo-rradas erakusketa egin zuten Legazpiko kultur etxean, batik bat margolan- eta argazki-erakusketa, jakina.

Zergatik Txo! izen hori? «Carlosi bururatu zitzaion. Orduan puri-purian zegoen Hertzainak, eta talde horren hasierako kantuetako bat 'Eh txo!' izan zen, badakizu», esan du Salmerónek.

Carlosek eta Gorkak harreman estua izan zuten. «1989an hasi ginen harremanetan. Nahi genuen zeozer egin, artistak izan nahi genuen, baina Carlos ordurako bazen. Hurrengo urteko Txo-rradas erakusketa hura oso gauza serioa izan zen, izenak bestela pentsatzera eraman bagaitzake ere», dio argazkilariak.

Garai hartan, Urola Garaiko Mankomunitateak Legazpiko inprimategi bat erosi zuen, Benito Cantero nagusiak lanari uzteko borondatea agertu zuelako, eta Carlos eta Gorka hantxe hasi ziren Lanbide Heziketako oinarrizko mailako eskola batzuk ematen; diseinua eta serigrafia irakasten zuten, besteak beste. Bi urteko huraxe izan zuen Ausserladscheiderren lanaldi konbentzional bakarra. Bai lehenago bai geroago, arteari emana bizi izan zen, auskalo nolako baldintza ekonomikotan.

Salmerón eta Ausserladscheider, 1991 urtean Ordizian. MARÍN

Esan bezala, bi lagunok Txo! Kolektibo artistikoa osatu zuten, eta 1990ean egin zuten lehen erakusketa, Legazpin. Carlosek bere ohiko Op Art (arte optikoa) estiloko margolan batzuk eskegi zituen herriko kultur etxean, Gorkak argazki esperimental batzuk, eta bien artean egindako gauza ironiko batzuk ere erakutsi zituzten. «Instalazio batzuk ere egin genituen bion artean. Kubeta batzuetan TXO! jartzen zuen argazki batzuk jarri genituen, 30x40 cm-ko argazkiak. Kalimotxoa bota kubetetan eta hilabetez hor egon ziren argazkiak: 'Virado al kalimotxo' egin genuen, argazkiak kolorez aldatu ziren. Pena da ez zitzaigula okurritu erakusketaren argazkiak egitea. Ez dago dokumentu grafikorik. Ez genuen horren balioaren kontzientziarik orduan», esan du Salmerónek.

Urte bat lehenago, 1989an, Carlosek koadro bat saldu zion Gorkaren aitari, Manolo Salmeróni, 60.000 pezetan. Bazuen pintore honek kotizazio pixka bat. «Carlosen koadroek lan handia zeukaten, pinturarekin zazpi eskualdi ematen zituen igual», dio Salmerónek.

1990eko hamarkada baino lehenago, erakusketa asko eginak zituen gure protagonistak. Adibidez, 1987an, Errenteria, Oñati, Irun, Zarautz eta Donostian. 1988an, Azpeitia, Ordizia eta Zamoran.

Oso artista ironikoa izan zen. 1991n, Ordiziako Barrena aretoan, egur batzuekin itxitura eginda metro koadroko baratzea jarri zuen, lurra eramanda eta barruan letxuga batzuk. Instalazioaren titulua: 'Espacio lúdico'.

Bi lagunok sortutako Txo! kolektiboa haziz joan zen. 1991n Olatz Goiburu legazpiarra batu zitzaien, eta hurrengo urtean Jaione Berasategi (Legazpi) eta Peio Goello (Hernani). Hasierako fasean, bertako kide izan ziren Javi Calvo (Hernani), Juan Mari Burguera (Legazpi), Txabi Alberdi (Urretxu), Gema Durán (Errenteria)...

Gero Carlos ezkutatu bezala egin zen. Harik eta, Iruñean bizi zelarik, web orriak sortzeko ikastaroa egin eta 2008an www.txokolektibo.com orria gauzatu zuen arte. Gorka Salmerónek, orduan, kolektiboa berpizteari ekin zion eta, 2009an, berriz ere talde-erakusketa zabala egin zen Legazpiko kultur etxean.

Orain, Carlos hil dela eta, haren lan batzuk bildu dituzte eta ikusgai jarri Legazpiko bi tokitan, Juan Cruz ile-apaindegian eta Katilu tabernan, maisuari ohore eginez.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Hippy txima-luzea gogoan