Borrar
Joxe Mari Iturralde, Tolosako bere etxean dietario batekin. IÑIGO ROYO
Hiru lagun gauzak apuntatu zaleak

Hiru lagun gauzak apuntatu zaleak

Iturraldek ia bizi guztia darama egunerokoa idazten. Urkizu eta Iriondoren agendak ere mamitsuak dira

Lunes, 26 de noviembre 2018, 10:15

Bada jendea egunerokoa –edo egunkaria– idazten duena. Hona hiru adibide ekarri ditut, hirurak oso ezberdinak.

Joxe Mari Iturralde (Tolosa, 1951) izango dugu, gure idazleetan, egunerokoa gehien landutakoa, seguru asko. «1977-78an hasi eta gaur arte, egunero-egunero idatzi izan dut orri bat, eguneko gorabeherak jasoz. Kontua ez da izan sentipenak jasotzea, baizik eta egunean zehar egindakoa kontatzea: zer ikusi dudan, norekin egon naizen… eta tarteka gogoeta laburren bat. Honezkero 15.000 orritik gora dauzkat idatzita», azaldu dit.

Baina egunerokoa idazte hori lehenagotik omen dator: «Hamabi urte nituela hasi nintzen, baina hamazazpi urte betetzeko nengoela, unibertsitatera joan nintzenean, utzi egin zion. Gainera, ordu arte idatzitakoa txikitu eta bota egin nuen. Karrerako bost urteetan eta soldaduskako egonaldian ez nuen ezer idatzi. Gutxi gorabehera hamar urteko etena izan zen».

Pott Bandan zegoela, zintzo-zintzo idazten zuen egunkaria. Gerora, inoiz idatzi izan du talde horri buruz, eta ondo etorri zaizkio orduko oharrak, noski. Duela gutxi Pio Barojari buruzko artikulu luzea publikatu zuen liburu batean «eta Antonio Maria Labaieni entzundako batzuk txertatu nituen bertan». Urtetan eta urtetan, Querfo markako dietarioa erabili izan du, eta batzuetan lanak izan ditu horrelakoak bilatzen dendetan.

Behin bakarrik publikatu du bere egunerokoko materiala. «Orain dela ia hogei urte, 1999an izan zen. Leopoldo Zugazak aldizkari dotore bat publikatzen zuen, 'Zubizabal', 300 alekoa, ale bakoitza bere zenbakiarekin, eta proposamena egin zidan. Berrogei bat orri publikatu nituen hor». Horko sarreran aitortzen du nolako pena sentitzen duen nerabezaroko egunkari hura txikitu izanaz: «Orain izugarri damututa nago egun hartan egin nuenaz. Gaur egun edozein gauza ordainduko nuke egunkari haiek berreskuratzeagatik».

Ez du bere oroitzapenak idazteko asmorik. «Euskal Herria oso txikia da. Gauza asko isildu behar dituzu, zeren pertsona bati buruz kontu delikaturen bat edo kritikaren bat kontatu eta hurrengo egunean topo egin dezakezu berarekin».

Urkizu, etxean agenda batekin. ARIZMENDI

Patri Urkizu idazleak (Lezo, 1946) beti izan du oharrak idazteko joera. Horietako batzuk publikatu egin ditu gainera. 2011 eta 2012. urteetako oharrak, eguneroko tankerakoak, argitaratu zituen 'Egan' aldizkarian. Euskal kulturarekin zerikusia zeukaten idatziak ziren. «Hor daukat 2013ko egunerokoa ere, ez dakit publikatuko den, badu interesik, Saizarbitoriaren 'Martutene'-ren inguruko gauzak kontatzen ditut, nola egon nintzen Literaturako Sari Nazionaleko epaimahaian, adibidez», esan dit.

Bestalde, orain dela hamar urte hasi zen autobiografía idazten. «Lehenengo lana, paper zaharrak biltzea izan zen. Nik fraide karmeldarrekin ikasi nuen, lehenbizi Zornotzan, gero Nafarroako Alesbesen. Gogoratzen naiz fraideek idazteko esaten zigutela, eta gero zuzendu egiten zigutela». Gero Madrilera joan zen, Ingeniaritza Industriala ikasten hasi zelarik. Garai hartan Manolo Odriozola apaiza ezagutu zuen, hantxe desterratu zegoena, sermoi antifrankistak egiteagatik.

Ondoren Salamancako unibertsitatean hasi zen Filologia Erromanikoa ikasten. 1967-70 urte bitartea egin zuen han, eta Koldo Mitxelenak eman zizkion eskolak, besteak beste. «Orduko oroitzapenak Errenteriako 'Oarso' aldizkarian publikatu nituen orain bi urte. Gogoratzen naiz Mitxelenarengana joan nintzela, aholku eske, eta esan zidala: 'Saia zaitez egunero zerbait idazten'».

Salamancan zegoela, 1968an Mikel Peciña ezagutu zuen, oso gizon interesgarria. «Gasteizko familia aberats batean jaioa zen. Historia irakasten zuen. Basauriko kartzelako ihesaldi famatu hartako kideetako bat izan zen». Gero Lezoko alkatea izan zen Patri; demokraziako lehenbiziko alkatea.

Autonomia Estatutuaren ostean, institutuko euskara katedradunen lehenengo belaunaldikoa izan zen Patri; Mikel Arregi, Xabier Olarra, Xabier Kintana eta beste zenbaitekin batera. Besteak beste, Ipar Euskal Herriko antzerkiaren ikerlari gisa nabarmendu da. Baditu narratibako lan batzuk ere publikatuak.

2014an utzi egin zion eguneroko formala idazteari, baina jarraitzen du oharrak hartzen koadernotxo batean.

Iriondo, aspaldiko agenda batzuekin. M. RIVERO

Jose Mari Iriondo (Azpeitia, 1938) gaztetan hasi zen lan-agenda erabiltzen, Loiolako Herri Irratian hasitakoan. Han apuntatu ohi zituen egin beharrekoak eta egindakoak. «Apunte sotil batzuk izaten ziren», adierazi dit. Eta, halaxe, praktikan, agenda horiek eguneroko bihurtu ziren. Hantxe apuntatu zuen, adibidez, Ez Dok Amairuko lehen bilera noiz izan zen. «Jendeak esaten dit: hori memoria! Baina ez da hainbesterako, agendan apuntatuta baitzegoen. 1965eko urriaren 12an izan zen, Zarauzko Euromarren. Lourdes Iriondok deitu zidan, ea bildu gintezkeen, halaxe eskatu ziolako Usurbilgo batek, Joxean Artzek, alegia. Hau pozik omen zen Loiolako Herri Irratian euskal musika ipintzen genuelako, eta trikitixa eta bertsoak… Handik hamabost egunera berriz ere bildu ginen, gurean. Gero, orain urte asko ez dela, nik 'gurean' esan nion kazetari bati, eta hark 'Gurian' publikatu».

Lehengo agenda haiek jasota dauzka Iriondok. Orain dela hamar-hamabi urte ordenagailuan hasi zen apunteak hartzen. «Egun jakin batzuetan idatzi luzeagoak egiten ditut. Adibidez, nire urtebetetzean nortzuk bildu garen idaztean. Eta biloba Telmo Kanadara joan zen egunean ere apunte luzeagoa idatzi nuen».  

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Hiru lagun gauzak apuntatu zaleak