Secciones
Servicios
Destacamos
NEREA AZURMENDI
durango.
Lunes, 6 de diciembre 2021, 10:56
Aurrez aurreko Azokaren lehen eguna, antolatzaileen hitzetan, «gorabeherarik gabe» igaro ostean, ia txartelik gabe hasi zen atzo bigarrena. Hirugarrena, egun bat lehenago ireki zen Azoka birtuala aintzat hartzen bada. Gutxi batzuk libre gelditu ziren bazkalorduko txanda kenduta, gainerakoetan hartuta zeuden plaza guztiak: 1.200 bisitari txanda bakoitzeko; hau da, 6.000 lagun egunean zehar gutxi gorabehera.
Edizio arruntetan, Landako Gunea bete-beterik dagoenean, 4.500 ingurukoa omen da aldibereko bisitari kopurua... Ez zen une oro egoten lepo, ezta egunero ere, baina bistakoa da aurten alde handi samarra egongo dela aurreko edizio 'normalekin' alderatuta.
Dena den, aurtengoa ez denez inondik ere edizio arrunta, eta aurreneko egunotan eguraldia ere ez denez ari gehiegi laguntzen, esan daiteke oraingoz, eta eragozpen guztiak kontuan hartuta, aurrez aurreko Durangoko Azoka kulturazaleen, herritarren, sostengu osoa ari dela jasotzen.
Aurrekaririk gabeko Azoka honen lehen egunean askok egiten zuten galderetako bati erantzuna eman ahal zitzaion atzo: zer nolako itxura du Landako Guneak 1.200 bisitarirekin? Ikuspegiaren eta momentuaren araberakoa, esan liteke. Pabiloiaren bi muturretan dauden balkoiek eskaintzen duten ikuspegi panoramikoaren arabera, goitik begiratuta ez da soilgune handirik igartzen, sarreran propio libre utzi den espazio zabala ez bada.
Ez dago pilaketarik, ez dago mugitzeko eragozpenik, ezta liburu, disko eta gainerako produktuetara iristeko estutasunik ere. Landako beteta dagoela ematen du. Ez dagoena da gainezka, ezta gutxiago ere. Besterik da hori ona ote den, edo txarra. Edo, zehatzago esanda, norentzat den ona eta norentzat ez horren ona.
Lurraren arrastetik desberdina da ikuspegia. Batez ere standen barruko aldetik. Hasiera bizi-bizia izan bazen ere, larunbatean dezente igarri omen zen salmentetan bisitarien murrizketa. Zenbait kasutan, espero baino gehiago. «1.200 pertsona oso gutxi dira», zioen argitaletxe ez oso handi bateko ordezkariak. Osasunaren aldetik, alegia, baliteke hori izatea kopuru egokia, «baina saltzeko aukerak asko mugatzen ditu, eta guk berdin-berdin ordaindu behar izan dugu, eta gainerako gastuak ez dira gutxitu».
Ikusteko dago zer emango duen igandeak salmentei dagokienez. Online dendak ere hor jarraitzen du, asteartera arte egongo baita zabalik. Bisitariei dagokienez, behintzat, aurreikuspenak onak dira astelehen honetarako. Bazkalorduko txanda eta azkenekoa izan ezik, agortuta daude beste hiru txandetarako txartelak. Asteartean eta asteazkenean, oraingoz, ez dago batere arazorik Landako Gunera ondoen datorren momentuan bisitan joateko.
Oro har, Azokaren lehen bi egunetan bildutako inpresioen arabera esan daiteke aforo mugatuko bertsioa atseginagoa ari dela izaten bisitarientzat saltzaileentzat baino. Aipa daiteke, halaber, ez dela erraza segurtasunaren, bisitarien erosotasunaren eta azken batean Durangoko Azokara saltzera etorri diren eragileen aurreikuspenen arteko oreka lortzea.
Noticia Relacionada
Bisitarien iritziak jasotzean, deserosoena iruditzen zaie sartzeko orduan kanpoaldean egiten den ilara, bereziki desatsegina egunotako eguraldi hotz eta euritsuarekin. Landakon bertan egon arren erreserbarik behar ez duten guneetara sartu ahal izateko Landakotik irten beharra deserosoa dela batek baino gehiagok esaten du, halaber, baina oro har lasaitasuna estimatzen dute, mugitzeko tokia, gauzak begiratzeko patxada, nahiz eta ez diren gutxi ordu eta erdia motz geratzen zaiela azaltzen dutenak.
Ahotseneak antolatuta Plateruenan egiten ari diren diskoen zuzeneko aurkezpenetan parte hartzeko, bestalde, ez dago eragozpen handirik. Atzoko hamar aurkezpenetatik Skakeitanek, Nikotinak eta Kai Nakaik bakarrik agortu zituzten txartelak. Hurrengo egunetarako ere badaude aurkezpenen batzuetarako txartelak agortuta –Mconak, Ihesbide, Willis Drummond, Liher...–, baina gehien-gehienetan tokia dago.
Gainerako guneetan, berriz, aurrera doa programazioa. Egitarauan ikus daitekeen moduan, ez dag beste urteetakoaren azpitik. Erosteko orduan online dendarekin gertatzen den bezala, etxetik jarraitzeko aukera dago.
Webgunean bertan zuzenean emititzen duten bi kanal daude. Batean ikus daitezke Landakoko solasaldi, elkarrizketa, mahai-inguru eta aurkezpenak, eta bestean Plateruenakoak. Ekitaldiak bukatu ahala, bideoak jasotzen doaz webgunean, Azokaren alderdi hori nahieran bizitzeko.
Euskal Herrikoez gain, bisitari bereziak hartuko ditu gaur Durangoko Azokak. 'Hala ere' dokumentalaren aurkezpena dela eta, Kurdistango Kobane hiriko ordezkaritza bat bertaratuko da. Nariman Mohammed (Siria Ipar eta Ekialdeko intelektualen eta idazleen batasunaren presidentekidea), Rawda Hasan (Jazira kantoiko kultura ministroa) eta Manal Mohammad (Kongra Star elkarteko kidea, Siria Iparraldeko emakume mugimendu guztiak barne hartzen dituen instituzioa) izango dira Durangon.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.