Idea Vilariñoren ahotsa «barruraino sartu» zitzaion Garazi Arrulari, eta orduan erabaki zuen haren obra euskarara ekarri eta Munduko Poesia Kaieren 30. liburukia, besteak beste idazle, itzultzaile eta irakasle izandakoari eskaintzea. Montevideon (Uruguai) jaio, bizi eta hil zen Vilariño. Paperean eta euskaraz bere lana irakurtzeko lehen aukera sortu du itzultzaile nafarrak. Susa argitaletxearen webgunean ere irakur daiteke, hala ere.
Publicidad
Josu Jimenez Maiak eta Ainara Maia Urrozek euskaratutako poema solteez gain, Vilariñoren obraren alde guztiak esploratu ditu lehendabizikoz, beraz, Arrulak. Vilariñok utzi dion aho zaporearen inguruan galdetuta, argi dauka «aukera bat ematea merezi duen» poeta dela. Izan ere, bere herrialdean aski ezaguna bada ere, gurean ez du errekonozimendu handiegirik jaso. Orain arte, behintzat.
1920. urtean jaioa, '45eko Belaunaldia' delakoaren kide izan zen. Belaunaldi artistiko horretako kide izan ziren, baita ere, Ida Vitale, Mario Benedetti, Armonia Sommers eta Juan Carlos Onetti, besteak beste. Uruguaiko literatura modernoaren aitzindariak izan ziren nolabait. Hirian garatutako bizitzen inguruan idatzi zuten, lehenagoko 'gaucho' eta naturaren inguruko literaturaren ordez.
Vilariñoren obra guztia irakurri eta pare bat urtez aritu da itzulpenetan lanean Tafallakoa. Haren hizkera eta idazkerari buelta asko eman dizkio, «presarik gabe» osatzeko Vilariñoren lanaren antologia modura funtzionatuko duen liburua. Cal y Canto eta Lumen argitaletxeek kaleratutako 'Poesía completa' liburua oinarri hartuta gauzatu du poemen aukeraketa, «errepresentatiboa» izango den liburua osatzeko.
'Poesía completa' horretan daude jasota argitaratu zituen 300 orrialde inguru. «Ez zituen poemak idatzi eta berehala publikatzen, ezta kronologikoki argitaratzen ere. Poema gehienak datatuak dira, eta hala mantendu ditugu. Bildumatan kaleratzen zituen, hainbat datatakoak nahastuta».
Publicidad
Narratibaren hizkuntzara ohituta, edozein poetari baiezkoa ez ziola emango argi zuen Arrulak. Vilariñoren ahotsaren «koherentzia bai poetiko bai politikoak», baina, poesiara salto egitera animatu zuen. Gaiei dagokienez, autoezagutza, tristura, bakardadea, heriotzarako desira, malenkonia, maitemina eta konpromiso politikoa nabarmentzen ditu itzultzaileak. Hala ere, idazlearen «desmitifikaziorako joera» eta «izaera utopikotik ihes egitekoa» ere nabari ditu Arrulak testuetan. «Poesiaren ohiko irudiak apurtzen ditu».
«Haren estiloa deskribatu behar banu, azpimarratuko nuke erritmoa. Badauka halako kadentzia bat, eta hori izanen da, beharbada, itzulpenean zailena suertatu zaidana. Errepikapena baliatzen du maiz erritmo hori sortzeko. Hizkera neurtu eta zehatza du, hizkuntza poetiko soila, baina ez hain sinplea», gaineratu du.
Publicidad
Izaera markatuko pertsona omen zen Idea Vilariño. Ideia argiak zituena. Bere idatziek ere borroka hori islatzen dutela uste du, «oro har oso neurtua eta zehatza» den diskurtsoa, hain zuzen. Batzuetan astuna egin bazaio ere Vilariñoren pentsamendu goibelenetan barrena ibiltzea, uste du umore beltz puntu bat beti gordetzen dutela haren testuek;eta etsipenetik euforiarako bidaia egin daitekeela.
«Sufritzailea eta pasiboa zen figura literarioa sortu zuen, baina bere bizitzan irmotasuna erakutsi zuen, militantzia politiko aktiboa». 'Poemas de amor' eta 'Nocturnos' bildumak bereziki gustatu zaizkio, baita hastapenetako olerki batzuk ere, aldizkarietan argitaratu zituenak.
Publicidad
Beñat Sarasolak hitzaurrean aurreratzen du: «Poesian soiltasuna zeinen zaila eta, aldi berean, zeinen ederra den erakusten digun poeta horietakoa dugu Vilariño».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión
Te puede interesar
Publicidad
Utilizamos “cookies” propias y de terceros para elaborar información estadística y mostrarle publicidad, contenidos y servicios personalizados a través del análisis de su navegación.
Si continúa navegando acepta su uso. ¿Permites el uso de tus datos privados de navegación en este sitio web?. Más información y cambio de configuración.