Borrar
Iñigo Lamarcak ez dio aterik itxi nahi etorkizunean idazteari, nahiz eta orain «atseden» hartzea soilik duen buruan. Iñigo Arizmendi
Iñigo Lamarca: «Hezkuntza inklusiorako bide onena da eta ez dira gauzak ondo egiten ari, hori dugu erronka handiena»

Iñigo Lamarca: «Hezkuntza inklusiorako bide onena da eta ez dira gauzak ondo egiten ari, hori dugu erronka handiena»

Bederatzi urte iritzigile bezala jardun ostean, Lamarcak agur esan dio bere zutabeari eta jubilatu ostean atzera begira jarri da

Jon Agirre

Donostia

Domingo, 7 de julio 2024, 12:29

«Pozik» eta batez ere «eskertuta» itxi du aro bat Iñigo Lamarcak (Donostia, 1959). Ez dira gutxi urte hauetan egin dituenak, aktibista, irakasle, idazle, legelari eta Ararteko izan baita, besteak beste. Hedabide honetan urte luzez iritzi-emale ere jardun ostean agur esan dio bere asteroko zutabeari. «Atseden» hartzeko gogoz, argi du idazteko grina izango duela eta ez du aterik itxi nahi, irakurri ostean idatzita «hobe ulertzen» duelako mundua.

- Bederatzi urte gaurkotasuna komentatzen El Diario Vascon. Zer balantze egiten duzu?

- Balantzea oso positiboa da. Txikitatik izan dut idazteko bokazioa -tartean liburu autobiografiko bat ere argitaratu zuen, 'Gay nauzu (1999, Alberdania)'- eta 2015ean Lourdes Pérezen eta Alberto Surioren eskaintzaren aurrean ez nuen inolako zalantzarik izan, sekulako oparia izan zen. Gainera ez zidaten inolako baldintzarik jarri, euskaraz izan behar zuela soilik. Gaiarekin nire buruari muga ezarri nion, 10 urtez Ararteko izan ostean Batzar Nagusietan legelari ari nintzelako, kolore guztietako alderdiekin lan egin behar nuen eta oso garrantzitsua da gure lanean erabat inpartziala izatea eta jendeak hori ikustea. Beraz, erabaki nuen Euskadiko edo Espainiako politikari buruz ez nuela idatziko. Nazioarteko gaiei buruz idaztea planteatu nien giza eskubideen ikuspegitik eta, batik bat, Europar Batasunari lehentasuna emanez. Oso gustura sentitzen naiz gai horiekin eta baietz esan zidaten. Horrela hasi nintzen, hasiera batean orrialde erdia hamabostero, desafioa zen baina oso pozik horrek zentzu onenean 'behartzen' ninduelako nire irakurgaiak ondo hautatzera, txip eta begirada berezi batekin irakurtzera eta gero horiekin hautaketa bat egin eta buruari bueltak eman ondo uztartu eta artikulu koherentea osatzeko. Horrela 4-5 urte egon nintzen, zutabea astero egitea proposatu zidaten arte. Denbora aldetik estutzen zuen, baina laburragoa zen ere, eta erronka zalea naizenez baietz esan nuen. Balantzea oso positiboa da, oso ariketa interesgarria eta aberasgarria izan da, joko bat zentzu onenean. Iritzi positiboak izan ditut eta horrek beti ematen dizu poza.

Zutabea

«Oso ariketa interesgarria eta aberasgarria izan da, joko bat zentzu onenean, nire irakurgaiak ondo hautatzera 'behartu' nau»

- Europar Batasuna mintzagai izan duzu aro mugituan. Iritzi-emaile bezala bertigorik eman izan dizu inoiz gaiak? Inpartzialtasun horretatik, busti izan zara.

- Ez, bertigorik ez dut inoiz sentitu. Aipatutako lanagatik ezarritako muga beti izan dut oso argi, Euskadin izan zitekeen eztabaida eta gai politikoekin zerikusirik zuena marra gorria zela. Horregatik izan dut batik bat mintzagai Europar Batasuna eta honen eraikuntza eta, jakina, hor busti naiz uste dudalako aurrera egiteko ideien kontrastea oso garrantzitsua dela, eztabaida eta elkar trukea izan. Iritzia ematearena... Esango nizuke orokorrean gipuzkoar irakurleak pertsona jantziak direla, iritzi eta kriterio propioak dituztela. Azken zutabean esaten nuen bezala eskerrak eman nahi dizkiet egunkariari eta irakurleei nire iritziak elkarbanatzeagatik. Gustatzen zait hitz hori. Nik nire zutabeen bidez eman dut eskuratu dudan informazioa eta horri buruzko nire iritzia edo ikuspuntua. Plazaratzen dut irakurleekin kontrastatzeko.

- Irakasle, abokatu, Ararteko, idazle... Lan etapa itxita, zerbait egiteko geratu zaizu?

- Lehen hamar urteetan Zuzenbide fakultateko irakasle aritu nintzen eta Autonomia Erkidegoaren barne antolakuntzari eta Estatuarekin duen harremanari buruzko doktorego tesia egiten hasi nintzen: lurralde historikoa, kontzertu ekonomikoa... Planteamendua tesi markoa egitea zen, baina hainbat saltsatan sartu -Euskara Batzordea eta beste kontu ugari- eta ezin izan nuen egin. Gerora atzera begiratuta konturatu nintzen metodologia ez zela egokia. Tesia eta unibertsitatea uztearen pena geratu zait eta hein batean damutu naiz, baina ate hori itxia dago. Asko jota ikerketa txiki bat, baina beste planteamendu batekin. Horretaz gain idaztea gustatzen zait eta gutxi idatzi dut, baina gehiago idaztea gustatuko litzaidake, agian ez argitaratzeko, ariketa moduan behintzat. Txikitatik gertatu izan zait gauzak irakurri, hausnartu eta idatzita beste modu batera ikusten ditudala. Gero argitaratzen dela? Ba oso ondo.

Eztabaida publikoa

«Busti naiz uste dudalako gizarte bezala aurrera egiteko ideien kontrastea, elkartrukea egitea, oso garrantzitsua dela»

Balantzea

«Tesia eta unibertsitatea uztearen pena geratu zait, hein batean damu naiz, gehiago idatzi izana ere gustatuko litzaidake»

- Damutu diozu, baina egindakoak eraman zaitu izan duzun ibilbidera, Arartekoa izatera esaterako. Ondo ikusia dagoen kargua da, baina pisu asko duena.

- Bai, kargu oso gogorra da eta gainera ez zait gustatzen figurante modura egotea. Jaso dudan heziketa eta baloreengatik izango da, erantzukizuna baldin badago bete behar dela sinesten dut, gehien edo ahal den hoberen. Ararteko izatea proposatu zidatenean ez nuen zalantzarik izan figura ezagutzen nuelako, erakundea zer zen eta zein ziren egitekoak, besteak beste unibertsitatean irakasle nintzenean azaltzen nuelako. Suedian duela 215 urte sortutako Ombudsman figura du oinarri, administrazioak egin zitzakeen gehiegikerien aurrean herritarrak defendatzea helburu zuena, eta Espainiar Konstituzioak jaso zuenean birdefinitu eta plus bat eman zion Giza Eskubideen defentsarekin lotuz. 'Garante' hitza oso potoloa da.

- Gizarteak nahikoa baloratzen du aipatutako lana? Agian gizarteratze horretan kale egin da?

- 2015etik hona kexa kopuruak gora egiten jarraitu du, beraz alde horretatik sinesgarritasun handia du gizartearentzat, konfiantza dute planteatutakoa aztertuko dituela eta gomendioa egingo duela. Politika publikoak aztertzeko alorrean intentsitate ezberdinak egoten dira eta gizarteratzeko lana beti ez da erraza, hedabideetan agertu behar da. Heldu nintzenean Arartekoak lau urte zeraman funtziotan, ni LGTBI+ talde baten bozeramailea nintzen, gay aktibista, eta egiaztatu nuen espektatiba sortu zela. Erabateko errespetua nabaritu nuen, baina era berean 2004a zen, eta horrek ateak zabaldu zizkidan. Nolabait baliatu nintzen eta presentzia izan nuen. Pentsatzen dut oihartzuna emango ziola.

- (...).

- Hori bai, esan behar dut efikazia aldetik arriskutsua dela, gomendioa edo kritika publikoki egitean liskar politikoan sar daitekeelako. Orduan akabo, batzuetan hobe da administrazioarekin bilerak egitea. Anekdota modura, oroitzen dut Iñaki Azkuna Bilboko alkate zela agerraldi batean galdetu zidatela ea zein jasotako ebazpen edo gomendio horiekin baten bat nabarmenduko nukeen -Arartekok ez du indar betearazlea, baina administrazioek erantzun behar dute- eta tamalez Bilbori txartel gorria atera behar niola esan nuen. Zuzenean ez nuen bere berri izan, baina badakit sekulako bronka bota ziela. Hurrengoan nota onena atera zuen (barreak).

Arartekoa

«Oso kargu gogorra da eta niri ez zait gustatzen figurante modura egoten, lan asko egin genuen eta oso harro nago»

- Gaurkotasun mugitua uzten duzu. Bereziki arduratzen zaituenik identifikatu duzu?

- Azken bi zutabeetan sintesi antzeko bat egiten saiatu naiz. Krisi klimatikoak eta immigrazioak sortuko dituzten erronkek arduratzen naute. Edozein zientifikok esango lizuke oso larria dela, baina aldi berean ez du soluziorik. Zutabean esan nuen Titanic hondoratzean bandak jotzen eta askok dantzan jarraitu zutela, ez dakit inkontzienteak zirelako edo kontziente izanda hala hiltzea erabaki zutelako. Gure gizartea karbonoan eraikita dago eta krisiak eskatzen du neurri erradikalak berehala hartzea, bizimodua kolpez aldatzea. Baina oso motel goaz. Gainera tranpa batean sartuak gaude, hegazkinak murriztuko balira desenplegua sortu eta ekonomian eragina izango lukeelako. Hala ere zientifikoengan sekulako konfiantza dut. Covid-19ak erakutsi zuen argi eta garbi inbertsio ikaragarria behar dela, bai diru publiko zein pribatuarena.

- (...).

- Immigrazioa oso gai potoloa da eta inebitablea, gizakiak DNAn duelako bizimodua hobetzen saiatzea. Gainera, gurean gero eta ume eta gazte gutxiago dago, jaiotza bultzatzeko politikak ez dira efikazak eta eskulana falta da. Hemen baldintzak onenak ez badira ere, soldatak baxuak izanda ere, etortzen jarraituko dute datozen lekuetakoak baino hobeak direlako. Euskaldunak izan gara immigranteak, ez dezagun ahaztu.

Etorkizuna

«Krisi klimatikoak eta immigrazioak sortuko dituzten erronkek arduratzen naute bereziki»

- Zein eragin izango du horrek etorkizuneko Euskadin?

- Argiena 20-30 urte barru populazioa erabat aldatuko dela. Immigrazioa hor dago eta zaila bada ere administrazioek erantzun bat eman behar diote, bereziki hezkuntzan, politika berriak diseinatu behar dira. Datuak hor daude, etorkinen kopurua askoz handiagoa da sare publikoan pribatuan baino, denok dakigu zein tranpa egiten diren nahi dituzten ikasleak izateko. Lehenik Gasteizen eta Bilbon izan zen, baina zabaltzean joan da. Gizarte inklusiorako bide onena hezkuntza da, eskola, eta ez dira gauzak ondo egiten ari, hor dugu erronka handiena. Eskolak ez baditu behar diren tresnak gizarte-inklusioa bermatzeko komunitate ezberdinak sortuko dira, ghettoak, eta ondorioak izango ditu: auzoak gentrifikatuko dira, populazioa handiagoa izango da eta horrek eguneroko bizitzan eta euskararengan ere eragina izan dezake.

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Iñigo Lamarca: «Hezkuntza inklusiorako bide onena da eta ez dira gauzak ondo egiten ari, hori dugu erronka handiena»