Borrar
Miren Estensoro, Urtzi Etxebarri, Ugo Mayor, Arantza del Pozo eta Eli Alberdi.
Inpakta aldizkaria aurkeztu dute

Inpakta aldizkaria aurkeztu dute

«Gizartean inpaktu zuzena duten gai sozial eta politikoak» jorratzea da asmoa eta urtean bi ale kaleratuko ditu 2025etik aurrera

Jon Agirre

Donostia

Lunes, 11 de diciembre 2023, 12:03

Pandemia ondoren egindako hausnarketak jatorri dituen InpAkta: Inpaktu Sozialerako Ikerlanen Akta – Journal of Research for Social Impact aldizkaria sortu dute hainbat eragilek «orduan azaleratu baitziren argi inpaktu sozial handia duten gaiak modu zientifikoan jorratzeko beharra eta gizartearen interesa ikerketa eta zientzian, eragiten dizkiguten gaiak lantzen dituztenean ikerlan hauek». Egitasmoaren helburua «gizartean inpaktu zuzena duten gai sozial eta politikoak» jorratzea da, 58. Durangoko Azokaren azken egunean azaldu zutenez.

Aldizkari zientifiko honek diziplina desberdinetako inpaktu sozialeko gaiak jorratuko ditu euskaraz eta ingelesez eta urtean bi ale kaleratuko ditu 2025etik aurrera jatorria, helburuak eta argitalpenaren ezaugarri nagusiak jakinarazteko egindako aurkezpenean aurreratu zutenez. Ekitaldian izan ziren proiektuko lau ordezkari: Ugo Mayor UPV/EHUko Ikerbasque ikertzailea eta InpAkta aldizkariko erredaktore burua; Miren Estensoro Deustuko Orkestrako ikertzaile seniorra; Arantza del Pozo Vicomtech-eko Ahotsaren eta Lengoaia Naturalaren Prozesamendurako Teknologien Zuzendaria eta Urtzi Etxebarri IKER ikerketa zentroko Zuzendaria.

Bost arlo nagusi jorratuko ditu aldizkariak: Natur Zientziak, Osasun Zientziak, Gizarte eta Giza Zientziak, Lurralde Antolaketa eta Teknologia. Gizartea eta ikerketaren munduaren arteko zubi lan hau egiteko, ebidentzian oinarritutako diziplina orotako ikerketa lanak jasoko dituen aldizkari zientifikoa aurkeztu dute.

Aurkeztutako zero zenbakiak 20 artikulu bildu ditu, horietatik 17 ingelesez eta 3 euskaraz, aldizkariak jasoko dituen ikerketa lanen erakusgarri. Sustatzaileen asmoa da, finantziazio nahikoa lortuz gero, artikulu guztiak ingelesez eta euskaraz argitaratzea zenbaki bakoitzean, euskal ikertzaileei ikerketa euskaraz egiteko aukera eskainiz, ingelesaren irismenik galdu gabe. Lehengo zenbakirako deialdia 2024ko martxoaren 1ean zabalduko da.

InpAkta proiektua 22 erakundek sustatu dute: Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Mondragon Unibertsitatea, Université de Pau et des Pays de l'Adour, Universidad de Navarra, Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA), Deustuko Unibertsitatea, CNRS IKER-UMR 5478, Agirre Lehendakari Centre, Arantzazulab, Telesforo Monzon eLab, Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua, Université de Bordeaux, Université Bordeaux Montaigne, Basque Research and Technology Alliance, Aditech, Nafarroako Ikerketa eta Garapena sarearen koordinatzailea, Elhuyar Fundazioa, Eusko Ikaskuntza, Centre for Basque Studies – Reno, Boise State University Basque Studies, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU), Cenarrusa Foundation for Basque Culture eta Soziolinguistika Klusterra.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Inpakta aldizkaria aurkeztu dute