Secciones
Servicios
Destacamos
Bertsolariak ari dira erakartzen gaurkoan arreta, baina beste askoren lana ere ezinbestekoa da saioa biribiltzeko; batik bat, mahaian dauden epaileena. Ardura handiko lana ez ezik, lan handia da. «Epaile bakoitzak 220 bertso puntuagarri entzun beharko ditu egunean zehar; gehi puntuagarriak ez diren agurrak-eta. Makinatxo bat lan, egia esan, baina ondo prestatuta gaude horretarako», dio epaile-taldeko kide izan den Joseba Santxok. Zorionez, «kontrakoa eman badezake ere, gozatu egiten dugu bertsoak entzunez, oso bertsozaleak garelako».
Mekanikari dagokionez, «epaile bakoitzak bertso bakoitza puntuatzen du. Puntuak berariaz prestatutako papertxo batean idazten ditugu, eta puntuaziodun paper hori bertsoaldiaren amaieran arduradun dabilenari ematen diogu, idazkariari eraman diezaion. Halandaze, epaile batek doikuntzak egin ditzake bere puntuazioan bertsoaldian zehar, baina papera entregatutakoan, kitto. Osteko batuketetatik aparte gaude, eta batzuetan harritu ere egiten gara puntuazio orokorra entzutean».
Irizpideak argi dauzkate: «Bertso bakoitza bere osotasunean puntuatzen da, eta alderdi guztiak hartzen dira kontuan puntuak ematerakoan. Printzipioz irizpide guztiak maila berean hartzen dira kontuan, baina merituetan zein akatsetan graduak egoten dira. Eta horrek kasuistika konplexua sortu ohi du, trebatze saioetan behin eta berriro lantzen duguna. Bertso ideala biribila litzateke, azalez eta mamiz. Baina hainbat bertsok, intentzio handikoak eta oso onak izanik ere, koskak dituzte. Guk goranzko eta beheranzko koska horiek neurtu behar ditugu, bertsoaren biribiltasuna zelanbait neurtzeko. Oinarrizko irizpideak ez dira gehiegi, eta nahiko argiak dira. Baina egia da kasuistika handia geratzen dela idatzizko irizpide horietatik kanpo eta horrek subjektiboago bihurtzen duela gure lana. Horregatik izaten gara epaile bat baino gehiago beti».
Komunikatzea da bertsoaren xedea, baina arau jakin batzuk ere errespetatu behar dira: «Biek dute pisu handia. Oinarrian edozein bertsozaleren moduan funtzionatzen dugu. Bertsoa entzun eta komunikatzen digun hori prozesatzen dugu, baina aldi berean irizpideen eskanerretik pasatu behar dugu bertsoa, eta hor plusak eta minusak gertatzen dira. Bertso batek, komunikatiboki oso ona izanda akats teknikoak izan baditu, seguruenik ez ditu jasoko bertsozale ez-kualifikatu batek espero litzakeen beste puntu. Eta alderantziz berdin».
Saioetara bertsoaz gozatzera doan bertsozaleari ez dago zertan eskatu objektibotasunik. Epaileek kasuan, baina, ahalegina egiten dute horretara ahalik eta gehien hurbiltzeko: «Gure arteko trebaketetan objektibotasuna lantzen dugu, eta saiatzen gara irizpideei erantzun bateratua ematen. Baina argi dago epaile bakoitzak berezko subjektibotasun gradu bat duela. Bestetik, bertsorik onenak, biribilenak, zirraragarrienak ez dira txiripaz heltzen. Bertsolariak gogor trebatzen dira, bai ohiko plazetan, bai eta txapelketaren aurretik beren-beregi egiten dituzten entrenamenduetan ere. Eta, gainera, oholtza gainean dena ematen saiatzen dira. Beste barik akatsik ez egitera oholtzaratzen den bertsolariak nekez joko du goia. Eta gu oso adi gaude ahalegin handi horren fruitu bikainari balioa emateko. Beti ere argi utzita guk emaitza saritzen dugula, ez ahalegina berez».
Bertsolarien maila nabarmendu du Santxok: «Gaurko bertsolariak, bertsogin ezin errimeagoak izateaz gain, oso jantzita daude kulturan eta gai askotan, eta epaileok ezin gara, beraz, edozerekin konformatu». Horregatik ematen diote horrenbesteko garrantzia 2017an Bertsozale Elkartearen barruan abiarazi zuten Epaile Eskola Iraunkorrari.
Entzuleekiko harremanek ere hobera egin dute: «Gaur egun errespetu handia dago. Garai latzagoak ezagutu ditugu... Kritikak entzuten dira, baina askoz gehiago justifikatzen dira, eta eskertzekoa da. Formaz ere errespetuzkoak izaten dira. Uste dut gure mugak ulertzen dituztela, eta egiten dugun lan eskerga baloratu egiten dutela».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
El pueblo de Castilla y León que se congela a 7,1 grados bajo cero
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.