Secciones
Servicios
Destacamos
Dibertsitatea ari da zirrikituetatik sartzen kultur sorkuntzaren katedralera. Harpa doinu leunez lagunduta, 'Xangre' fanzine literario punkiaren aurkezpenarekin ekin diote larunbateko egitarauari Durangoko Azokan, Ahotsenean, bat baino gehiago harritu dituen konbinazioarekin. Irakurri dute Oier Guillanen 'Lore saltzailea' olerkia, eta proiektuaren nondik norakoak kontatu dituzte Gotzon Hermosilla eta Igor Mercadok. Azaldu dute bazterreko literatura nahi dutela jaso, ertzetako sortzaileekin lan eginez. Testu propioak, bidaide diren lagunenak eta kanpokoak direnenak nahi dituzte ekarri gurera. Iñigo Basagurenek osatzen du hiruko sortzailea.
Aurkezpena amaitzerako, beteta zegoen Landako Gunea. Larunbatetako patxadaz ibili dira korridoreetan barrena, eta handik kanpora ere iritsi dira bisitariak. Horixe nabarmendu du, hain zuzen, Johanna Olabarria Irudieneko arduradunak. «Badago emakume bat etortzen dena urtero Irudienera bi alabekin. Animatu ditu azken hiru urteetan ikustera film luzeak, dokumentalak, film laburrak... haientzako erosoenak ez diren formatuak. Aurten, berriz, beraien kabuz etorri dira alabak, osatu dugun programaziotik edan nahian». Uste du, literaturarekin gertatu zen moduan, euskarazko ikus-entzunezkoetarako saltoa egiteko esfortzua egin duela jendeak, eta Irudieneak jaso nahi izan duen dibertsitatearen erabiltzaile bilakatu direla Durangoko Azokara bertaratzen diren lagun asko. «Eguneko antolakuntza horretan txertatu du Irudienea jendeak».
Ikus-entzunezkoen guneak egitarau aberatsa prestatu du. Sarrerak agortu ditu, adibidez, 'Apaiz kartzela' film dokumentalaren aurre-estreinaldiak, bertan protagonista gehienak zeudelarik. 1960 eta 1970. hamarkadetan Zamorako kartzelan egondako apaiz eta fraide batzuen bizipenak eskaintzen dituzte bertan. Han izan dira filmean zuzendari lanean jardun diren bi lagun ere, Oier Aranzabal eta Ritxi Lizartza. Hirugarren kide bat ere aritu da lan horretan, David Pallarés. Ekoiztetxea, berriz, Maluta Films izan da. «Nahi genuke ikus-entzunezko hau oroimen ariketa kolektibo bat izatea», esan du Aranzabalek.
1960ko hamarkadan Francoren kontra azaldu ziren euskal apaiz eta fraide batzuk Zamorako kartzelan sartu zituzten preso. Gune berezi bat antolatu zuten soilik apaiz eta fraideak sartzeko. Gehienak, sermoietan errejimenari kritika egiteagatik. Besteak beste, Juan Mari Zulaika frantziskotarra eta apaiz hauek izan ziren kartzelatuak: Alberto Gabikagogeaskoa, Xabier Amuriza, Josu Naberan, Juan Mari Arregi, Jon Etxabe, Julen Kaltzada, Martin Orbe, Nikola Telleria, Juan Mari Zulaika, Felipe Izagirre, Pedro Berrioategortua, Periko Solabarria, Lukas Dorronsoro... Hain zuzen ere, Gabikagogeaskoa izan zen lehenbizikoa presondegian sartu zutena; 1968an izan zen.
Presondegitik ihes egiten saiatu ziren 1971n. Tunela egiten hasi ziren, dutxak ziren gunean. Bukatu zuten lana halako batean, eta irteera data ere jarria zuten. Baina astebete falta zela, aurkitu egin zuten espetxezainek. Amurizak liburua du idatzia gai honetaz.
Apaiz eta fraideak izanda ere, gehienak ez ziren tortura latzetatik libratu. Dokumentalean tratu txar horien berri zehatza ematen du Martin Orbek. Bestalde, Naberan, Amuriza eta Zulaikak Zamorara bertara egiten duten bidaia ageri da ikus-entzunezkoan. Emozioz gainezka egindako bidaia. Presondegia hutsik dago orain, hutsik baina zutik. Paretak grafitiz bete-bete eginda, ikusten da garai bateko abade haiek nola gogoratzen diren, ondo asko, beren gelak non zeuden; eta ateak; eta zuloa tunela egiten hasi ziren txokoa…
Horren aurretik, Lara Izagirreren 'Nora' filmaren lehenengo irudiak izan dira ikusgai. Bertako protagonista ditugu, besteak beste, Ane Pikaza aurpegi printzipala, Kepa Errasti, Loli Astoreka, Clara Badiola edota Itziar Ituño aktoreak. Filmak kontatzen du Noraren bidaia Hego Euskal Herritik Iparraldera, 'roadtrip' hori baliatuta sakontzeko bizitzaren joan-etorrietan. Muntaketa fasean dago filma. Euskaraz egindako lehen lan luzea du. Zuzendariak ez du estreinaldiaren data zehaztu nahi izan: «2020an, edo 2021ean beharbada. Lasai ari gara lanean».
Bestalde, Olabarriak nabarmendu du «hasiberriei plaza eraikitzen laguntzeko funtzio argia» ikusten diola Azokari, eta uste duela «gune guztiak zeharkatzen dituela ikuspegi horrek».
Ikus-entzunezkoa beste plataformetara moldatu duten sortzaileei arreta berezia jarri diete. Adibidez, webserieei: arratsaldez aurkeztu dute Maddi Castroren 'Pikuak'. Hiru emakume gazte protagonistak pornografia grabatzen hasiko dira. Euren ahalduntzea irudikatzen du serieak. «Euskal Herri osoko institutuetan erakusteko modukoa».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.