

Secciones
Servicios
Destacamos
n. azurmendi
Viernes, 31 de julio 2020, 20:20
Atsekabe handia eragin du euskalgintzan Joan Mari Torrealdairen heriotzak, ostiral honetan itzali den bizitzan zehar eman dionaren, izan duen itzalaren eta utzi duen hutsune ikaragarriaren neurrikoa. Jakinek zabaldu zuen berria arratsean: «Atsekabez beteta jakinarazi nahi dizuegu Joan Mari Torrealdai jakinlari eta euskaltzalea hil egin dela 77 urterekin, gaixotasun luze baten ondorioz», zioen oharrak. Luze gabe hasi ziren zabaltzen doluminezko, omenezko eta esker oneko mezuak.
Denbora beharko da 1942an Foruan (Bizkaia) jaiotako soziologo, ikerlari, kazetari, eragile, ekintzaile eta euskaltzain emerituaren ekarpena bere osotasunean aztertzeko eta izan duen eragina neurtzeko. «Euskal pentsamendua sustatzen jardun zuen Jakin aldizkariko zuzendari gisa, baita ondoren Jakin Fundazioko lehendakari moduan ere. Euskal idazleen eta liburugintzaren ikerketa soziologikoetan aitzindari izan zen, eta euskalgintzak jasandako zentsurari buruz aparteko ikerketak burutu ditu, besteak beste. Gainera, ikertzaile ez ezik, eragile garrantzitsua izan da Torrealdai; Jakin Taldeko kide eta Euskaldunon Egunkaria berripaperaren sortzailea izan zen, esaterako», laburbildu dute haren ekarpena jakinkideek, «euskal kulturarentzat eta euskalgintzarentzat ezinbesteko pertsona» izan dela nabarmenduz.
Zeren eta iragan mendeko 50.ko hamarkadaz geroztik euskarak eta euskal kulturak egin dituzten aurrerapauso gehienetan aurki baitaiteke ume-umetan, jakin nahiak bultzatuta, Mosone baserritik Arantzazuko Frantsizkotarrengana joan zen Torrealdairen aztarna. Jakintza eta ekintza uztartu izan ditu beti, Frantziskotarrekin eta haien ondoren bere burua janzteari ere berebiziko garrantzia eman zion Joan Mari Torrealdaik. Jakinek prestatu duen testu honetan ikus daitekeenez,biografia aberatsa eta sekulako bibliografia eraiki ditu; dotore, zehatz, zorrotz, eskuzabal.
Hauxe Torrealdairen ibilbidea, Euskaltzaindiak (urgazle izendatu zuen 1975ean, euskaltzain oso 2007an, eta emeritua zen 2017tik) zabaldutako oharretik hartua: «Anaitasunako zuzendaria izan zen; Elkar argitaletxearen sortzaileetako bat ere bai; Jakin aldizkarian hasi zen 1960an, zuzendaritzan hasieratik eta zuzendari 1964-1969 eta 1977-2002 bitartean; Euskal Idazleen Elkarteko idazkaria izan zen 1969tik 1977ra; Euskal Soziologoen Elkarteko idazkaria 1979tik 1980ra; 2015etik 2017ra PuntuEUS Fundazioko lehendakaria; Euskaldunon Egunkariaren Administrazio Kontseiluko kide eta lehendakaria ere izan zen, egunkariaren sorreratik bertatik».
Euskarazko lehen egunkariarekiko konpromisoak ekarri zion hain zuzen bere bizitzako jipoirik handienetakoa. 2003an, Euskaldunon Egunkariaren itxieraren prozesuan atxilotu eta espetxeratu egin zuten, egunkaria ETArekin harremanetan egotea leporatuta. 2010ean Auzitegi Nazionalak onartu zuen Joan Mari Torrealdai, Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga errugabe zirela, baina kartzelaldiak, eta torturek –2008ra arte ezin izan zuen hitza ahoskatu–, bizitza osorako orbain sakon eta oso mingarriak utzi zizkioten.
andoni sagarna, euskaltzaina
andres urrutia, euskaltzainburua
«Zorigaitzekoa izan da nola hondatu dioten bizitza hain merezimendu handiak izan dituen gizonari» adierazi zuen atzo Andoni Sagarna euskaltzain osoak. Andres Urrutia euskaltzainbururen hitzetan, berriz, «bere lan nekaezina eredugarria izan da euskalgintzan. Euskal kulturaren sustatzaile eta defendatzaile aparta izan da. Azalean baino, sakon, zehatz eta goi mailan jokatu du, eta gure hizkuntzaren adarretatik hainbatetan berritzaile izan dugu. Berba batez esateko, jakintzatik ekintzetara joaten jakin izan duen euskaltzale aparta izan da».
«Euskalgintzan eta euskal kulturan erreferentea» izan da lehendakariorde zuen Elkar Fundazioaren esanetan. «Gizarte mugimenduaren aldeko porrokatua izanik bere bizi osoan, beti defendatu izan du euskalgintzak eta euskal kulturak independentzia erabatekotik lan egin behar dutela, eta posizio horretatik egin du lan. Lan handia egin du ikerlari zein ekintzaile gisa eta, dudarik gabe, handia izango da euskal munduan utziko duen galera, eta handia etxeko eta gertukoen artean utziko duena ere», adierazi du Fundazioak.
Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok «tristura eta saminik sakonenak» adierazi zituen, eta Joan Mari Torrealdaik euskalgintzaren alde eginiko lan eskerga goraipatu: «Euskara eta euskal gizarteari izugarrizko ekarpena egin dio bere bizitza osoan zehar, asko zor diogu, eta berak marraztutako bidean jarraituko dugu lanean: gizarte euskaldunago eta berdinzaleago baten alde». Olanok gogoratu zuen euskal gizartearen «babes osoa» jaso zuela Egunkariaren auzian, gainontzeko kideek bezala. «Gaur ere, beste behin, jasandako bidegabekeria eta injustizia hura publikoki salatu nahiko nuke», esan zuen.
markel olano, gipuzkoako diputatu nagusia
Gaixorik egonda ere, minbiziak eta tratamenduek ematen zizkioten lasaialdietan lanean jarraitzen zuen Joan Mari Torrealdaik. Jaso zuen azken sarietakoa, hain zuzen, Gipuzkoako Urrezko Domina izan zen, 2018an, Jakin taldeko gainerako kideekin batera. Aurretik askozeuzkan jasota: Durangoko azokako Argizaiola saria (2006), Ohorezko aipamena XIX. Rikardo Arregi Kazetaritza Sarian (2007), Bizkaiko Foru Aldundiaren Lauaxeta Saria (2010), Manuel Lekuona Saria (2015)...
LOREA AGIRRE, JAKINEKO ZUZENDARIA
Azken-azkena zendu ondorengo miresmen eta maitasun oldea ari da izaten. 2014. urteaz geroztik, Joan Mari Torrealdairi lekukoa hartuta, Jakineko zuzendaria den Lorea Agirre Dorronsorol jarri du dagokion tokian, 'Euskararen Amaiur honetan' testuan, euskalgintzari, besteak beste, berrikuntza ekarri zion figura: «Torrealdai pribilegio bat da Euskal Herriarentzat. Sinbolo bat, jada: euskararen aldeko borrokagatik, borroka horrexegatik atxilotua izanagatik, torturatua, epaitua, epaiaren zain zazpi urte egon eta gero zorionez libre atera izanagatik. Sinbolo bat, ez ordainik ordaindu gabe, halere. Euskararen Amaiur honetan, Torrealdai gure lekua da».
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Los libros vuelven a la Biblioteca Municipal de Santander
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Recomendaciones para ti
Favoritos de los suscriptores
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.