Borrar
Joseba Tapia, lehengo ostegunean, Victoria Eugeniako kontzertuaren iragarkiarekin. MÓNICA RIVERO
«Herri-musika ez da izan paletoen musika bat»

«Herri-musika ez da izan paletoen musika bat»

Joseba Tapiak kontzertua egingo du hilaren 9an Donostian, bere hogei urteko bakarkako ibilbidea erakutsiko duelarik beste zazpi musikarirekin batera

Sábado, 1 de diciembre 2018, 11:20

Victoria Eugenian ariko da Joseba Tapia (Lasarte-Oria, 1964). «Talde berri bat aurkeztuko dut egun horretan, eta datorren udan bira bati emango diogu hasiera», adierazi du. Gainera, binilozko disko txiki bat plazaratu du Gaztelupeko Hotsak etxearen bidez, bi kanta dakartzana, biak Gabriel Arestiren letra dutenak.

- Esana duzu «herri musika duina» egin nahi duzula, eta musika tradizional hori beti ez dela oso duina izan.

- Bai, kontzertu honen aurkezpen ekitaldian bi adibide ipini ditut. Batetik, letra hau: «hamabost-hamasei urte / nobiorik ba al dezute? / neskak, saiatu, / aurrera jai dezute». Horiek kopla oso ezagunak dira. Beraz, tradizioan egon da zabarkeriarik ere. Badirudi orain alde zabar hori gustatzen zaigula, etnikoagoa delakoan, baina hori ez da horrela, herri-musika ez da izan paletoen musika bat, eta hori aldarrikatu beharra dago.

«Badirudi orain tradizioaren alde zabar hori gustatzen zaigula, etnikoagoa delakoan»

«'Leturia' gonbidatu dut kontzertura, eta Xabier Amuriza ere bai, koplen kontua azal dezan»

- Eta Mauriziaren kanta bat ere aipatu duzu.

- Hark kantatzen zuen, baina garbi dago gizonek sortutako hitzak direla: «Gizonak behar badau bere deskantsue, andrea hartu deixala zaharra ta antzue». Xabier Kalzakortak koplari buruzko liburu eder bat argitaratua du eta hor aurkitu genezake ondare handi bat. Berak dio ondare horretatik zati txiki bat baino ez dugula berreskuratu ahal izan. Tamalez, guk erabiltzen ditugun kopla asko baldarrak dira.

- Alegia, baldarkeria horiek oso etnikoak balira bezala.

- Hori da. Hor hautaketa estetiko atzerakoi bat dago: baserri mundua kaikuen mundu bat balitz bezala hartzen da, baina nik ezagututako baserritarra ez da horrelakoa. Jakinduria handia dago baserri munduan.

- Hilaren 9ko gonbidatuen artean, Xabier Berasaluze 'Leturia' izango duzu.

- Hogeita hamar urte eman ditugu elkarrekin. Lagun handia, ezinbestekoa. Kontzertuak izango du tarte bat koplei eskainia eta horretarako Leturia gonbidatuko dut oholtzara.

- Azaldu gehixeago ostegunean aipatu zenuen «folk progresista» horren kontua.

- Folk progresiboa ordez progresista deitu diot, umorez. Esan nahi nuen herri musika ez dela arina edo sinplea. Nire ahalegina kantagintza modernoa eta musika herrikoia uztartzea da. Euskararentzat eta euskaldunarentzat ari naiz lanean. Harrokeria dirudi baina ziur nago etengabe behar duela gure munduak kantu berria, kantu berritua, kantatzeko izango den errepertorio berria. Kontzeptu berri hau bakarka eta taldean aurkeztuko dut.

- Buelta gaitezen koplen kontura.

- Folkloristak, oso berandu hasi ziren koplak biltzen. Ez zieten baliorik ikusten. Oso berandura arte ez dira bildu, eta Xabier Kalzakortak dio gehienak galdu egin direla. Guk, kopla baino, bertsoa ezagutu dugu trikitixa munduan.

- Koplak gehixeago gorde ziren Bizkaian, eta Amurizak bildu zituen batzuk.

- Bildu eta sortu egin zuen hark. Berak azaltzea nahi nuke koplaren kontu hori, eta oholtza gainera gonbidatuko dut

- Kontzertu honetan musikari asko egongo dira, zurekin batera beste zazpi lagun, baina hitzak protagonismo nabarmena izango du. Zuk hitzari garrantzi handia eman diozu, noski. Hitz konprometituak, hitz salatariak kantatu izan dituzu.

- Zabarkeriari alde egin nahi genion eta testuari garrantzia ematen hasi gintzaizkion bigarren diskotik aurrera. Herri musikak bere garaia interpretatu du: ironikoki, barregarri, negargarri, haserre... Herri musikaren definizio hori gustatzen zait. Guk gure garaia interpretatu behar dugu. Ez diet lehenagoko testu eta kantu haiei interes etnografikoengatik bakarrik erreparatu; sorkuntza aldetik ere interesgarriak dira.

- Musikari asko izango zarete oholtzan: zortzi lagun guztira. Ohitura duzun baino askoz kide gehiago. Horrek beharbada buruhausteak eman dizkizu moldaketak prestatzerakoan.

- Baina herri musikaren aldeko hautu estetikoa egin dut hor ere. Ez dago harmonikoki esperimentu arrarorik; eraginkortasuna bilatzen saiatu naiz, kantuak kantagarri eta dantzagarri izan daitezen.

- Larunbatean (gaur) zure osaba Eleuterioren biografia aurkeztuko da. Bi osaba trikitilari izan zenituen, Eleuterio eta Juanito; norekin izan zenuen harreman gehien?

- Osaba Juanito nik zazpi urte nituela hil zen, beraz harekin harreman gutxi. Gogoratzen dut haren aurrean fandango bat nola jo nuen, besterik ez. Eleuteriorekin izan nuen harreman gehien. Bera izan nuen maisu.

- Bazekien irakasten?

- Nik uste dohain berezia zuela. Bazeukan bokazioa irakasteko eta gaur egun aplikagarri gerta litezkeen ereduak ere bai. Beharbada Juanitok ez zuen. Askotan kontatzen dut pasadizo komiko hau: Juanitok, behin, ikusi zuen Eleuterioren ikasle bat, esku batean bi behatz falta zituena, eta esan zion: «Hi nora hoa bi behatz gabe, guk bostekin ez dugu asmatzen eta!». Juanitok mutil hura bialdu zuen paretik eta Eleuterio haserretu egin zitzaion. Duela urte pare bat argitaratu nuen liburuan kontatzen ditut kontu hauek.

- Aipatu duzun liburu horretan, 'Larreko eskolatik', adierazi zenuen musika ikasteko pedagogia zurruna daukagula, eta solfeo gehiegi.

- Ez dut solfeoaren kontrako aldarririk egin nahi, baina magnifikatu eta gainera astuna egin dugu irakasteko modua; mendetako jakituria ikasturte bakarrean konprimitzea gehiegi da. Nik osabaren erakusteko modutik hainbat detaile hartuko nituzke eta herri musikaz baliatuko nintzateke pedagogia hori osatzeko. Nik uztartuko nituzke solfeoa eta belarria. Adinarena ere aipatuko nuke. Gure aurrekoak nerabezarotik aurrera hasten ziren musika hauetan, baina gaur haurrak lehenago bidaltzen ditugu musika eskolara. Ikasleak nerabezarora motibatuta iritsi daitezen zer egin, hori da erronka. Ez dakit nola, baina osaba Eleuteriok engantxatu egiten gintuen trikitixara! Ingurunea ere garrantzitsua da. Ni musika, festa, bertso, kantu... artean hazi nintzen eta horrek izango zuen eraginik. Gaur egun zalantza daukat ingurune hori baduten gaur haurrek.

- Egunen batean ikusten al duzu zeure burua herriko plaza batean trikitixa jotzen, zeu bakarrik, edo aldamenean panderojolea duzula?

- Bai, horretan nabil aspalditik. Bakarka ere kontzertu batzuk eman ditut aurten eta abendu bukaeran Atharratzen beste bat emango dut. Berrogeita hamarretik gora noa eta prest nago edozertarako.

- Hogei urte dira bakarkako ibilbidea hasi zenuela, eta esan daiteke gauza eta estilo ugari probatu dituzula.

- Bai, egia da. Proiektuen eskakizunen arabera jorratu ditut estilo ezberdinak eta instrumentuak hautatu. Musikari onak eduki ditut alboan eta asko ikasi dut beraiengandik.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Herri-musika ez da izan paletoen musika bat»