Borrar
GAzte protagonistak UEMA
'Kartzela' serieak arnasguneetako gazteak ekarriko ditu pantailetara

'Kartzela' serieak arnasguneetako gazteak ekarriko ditu pantailetara

Serie digitala aurkeztuko dute Hiru Damatxo eta EITBk Durangoko Azokan. Arnasa Gara kanpainaren baitan sortu dute, arnasguneen garrantzia nabarmentzeko. BEC-en harrapatuta geratzen diren sei euskal herritarren istorioa du ardatz

DV

Donostia

Jueves, 5 de diciembre 2019, 12:22

BEC-en harrapatuta geratzen diren sei euskal herritarren istorioa du ardatz 'Kartzela' fikziozko lanak. Abenduaren 6an eguerdiko 12:30ean Durangoko Azokako Irudienea gunean emango dituzte egindako lanari buruzko nondik norakoak. Ordu bat lehenago EITBren gunean ere gaiari tartea eskainiko zaio, proiektuaren sustatzaile, ekoizle eta aktoreen parte hartzearekin. Hiru Damatxo Ekoiztetxeak ekoiztu du serie digitala, EITBrekin elkarlanean.

Zazpi kapituluko lana izango da, eta abenduaren 9tik 15era bitarte zintzilikatuko dira atalak EITBren Nahiera plataforma digitalean eta www.kartzela.eus webgunean.

Sei lagun protagonistak arnasguneetako herritarrak dira, udalerri euskaldunetakoak, hain zuzen. BECeko zenbait tokitan harrapatuta gelditu ondoren, pixkanaka topo egingo dute elkarrekin, eta eraikinetik nola atera pentsatzen hasiko dira. Horretan ari direla sortuko dira lehen galderak: zenbat egunez iraun beharko dute BEC barruan? Nola moldatuko dira hain izaera desberdina duten sei pertsona elkar ulertzeko? Kasualitatea izan ote da ala beraiek hor egoteko ezkutuko arrazoiren bat dago?

Erika Olaizola, 'June'; Ainhoa Etxebarria, 'Garazi'; Iratxe Urkiaga, 'Mara'; Juanen Saralegi, 'Juan'; Sambou Diaby, 'Iba' eta Amaiur Epher, 'Ekhi' dira Kartzela serie digitaleko protagonistak. Azpeitia, Ondarroa, Lekeitio, Lesaka, Zumaia eta Donibane Garazikoak, hurrenez hurren, eta tokian tokiko euskalkian dihardute. Aktoreen aukeraketa egiterako garaian zuzendariek euren jatorria, herria, arnasgune bat izatea lehenetsi dute, Arnasa Gara kanpainaren barruan ekoiztu baita webseriea. Nahiz eta gidoia euskara batuan idatzita egon, aktore bakoitzak askatasuna izan du bere jatorrizko hizkuntzan modu naturalean aritzeko.

Arnasa Gara kanpainarentzat egindako parte-hartze prozesuan ateratako ondorioetan oinarritzen da gidoia. Kanpaina orokorraren helburuak ez ezik, iruditegi kolektiboa aldatzea eta erreferenteak sortzeko egitekoa ere izan du serieak.

Lantzen dituen gaien artean daude adinekoek gazteekiko dituzten aurreiritziak; euskara eta euskal kultura, berezkoa duen neurrian, bereziki baloratzen ez duen gaztea VS jarrera kontzienteagoak; beste jatorri bateko herritarrekin dauden aurreiritziak eta haiek bizi dituzten egoerak, integrazioarentzat oztopo direnak; arnasguneetako pertsonek besteak euskaraz hitz egiten jartzeko duten gaitasuna; ulertuko ez dutelakoan, euskalkia batura hurbiltzeko joera; hitanoaren erabilera eta generoa; eta pertsonaiei dagokienez, aurre egiten diete aurreiritziei: arnasgunetakoak dira, baina era askotakoak eta horrek argazki aberats bat ematen du, topikoak hautsiz.

Arnasguneak erdigunean

Hedabideetan, euskalgintzan eta hizkuntza-politikako arduradunengan mezua errotu baldin bada ere, arnasguneen kontzeptua eta arnasguneen garrantzia arrotz samarra da herritar gehienentzat oraindik. Hizkuntza biziberritzerako funtsezkoak dira arnasguneak, bertan modu naturalean bizi delako, transmisioa ziurtatuta dagoelako eta hizkuntzaren hedapenean laguntzen dutelako.

Horregatik, lehen aldiz arnasguneen garrantzia azpimarratuko duen kanpaina abian jarri dute 3ko Itunkide diren Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak; UEMAk, Arabako Foru Aldundiak, Bizkaiako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Iametza kanpainaren sormenaz eta koordinazio-lanez arduratu da. Arnasa Gara kanpainak herri horien balioa nabarmendu nahi du, eta euskararen ongizatean duten garrantzia azpimarratu nahi die herritarrei. Horrela, arnasguneetako herritarrak ahalduntzea eta arnasguneetako errealitatea Euskal Herri osora hedatzea ditu helburu ekimen honek.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco 'Kartzela' serieak arnasguneetako gazteak ekarriko ditu pantailetara