Secciones
Servicios
Destacamos
BIANDITZ IRAOLA
Domingo, 18 de diciembre 2022
Txapelketa berezia izan da aurtengoa, belaunaldi aldaketa gauzatu delako. Horrek oso irekia izatea ekarri du, eta finala ere aurreko faseen isla izan da. Estilo, asmo eta eskarmentu ezberdinen atari izan zen aurten finala, eta horrek irekia bezain erakargarria egin zuen. Lehengo lepotik burua, txapela ... duten bi bertsolariek kantatu zuten buruz-burukoan.
Bakoitzak beretik ekarriz eta jarriz, saio biribila izan zen, hasi eta bukatu. Zortziko nagusiak eman zion hasiera, ohiturari jarraituz. Zerbait aipatzekotan, ariketa guztietan egindako elkarrizketak. Bikain osatu zituzten lanak elkarri erantzuten, sarri txapelketan kritikatu izan dena. Alaia Martin eta Maialen Lujanbio denda baten jabe izan ziren. Itsasertzean zuten denda hori, eta aldaketa klimatikoa arrazoi, Martinek lekuz aldatzea proposatu zion: «Hainbat urtetan hainbat kolore oihal eta gogoeta / arorik aro mantendu dugu tonu arteko oreka / zaindu nahi bada gure txapela, galtza, blusa ta txaketa / lehen olatua etorri aurretik egin behar da aldaketa» hasi zen Martin.
Dendako salgaiei jarraituz erantzun zion Lujanbiok, klimaren aldaketari dendarena lotuz: «Esaten dute ia ez dagola udara ta udazkenik / itsaso maila gora ta gora ailagatuko ez denik /Alaia aldatzen joan gaitezke mantendu gabe eskemik / orain ohialak gero txankletak flotagailuak azkenik».
Sustrai Colinari eta Beñat Gaztelumendiri, berriz, astean zehar apustu makinetan jokatzen zuten bi nerabe izatea egokitu zitzaien. Instituan ludopatiari buruzko hitzaldi bat eman zieten, eta Colina identifikatuta sentitu zen, baina Gaztelumendi ez. Elkarrizketa bikaina honela bukatu zuten, jokua eta irabaziarekin jolasean, lehenengo Colinak:
«Nahiz gurasoak ibiltzen diren apustu egiten gaurik gau / nere baitara har bat sartu da eta dena jaten dirau / ez dut ulertzen nola heldu zaidan hitzaldia entzun arau / irabazteko dena izanda dena galtzeko beldur hau».
Eta bukatzeko Gaztelumendik: «Baina begira ipini zaitez zure barru ta inguru / klima erotzen ari omen da ta gerran zenbat apuru / karrera bueltan langabezia tokatuko da seguru / Sustrai bizitzan noizpait zeozer irabazi beharko dugu».
Zortziko txikiak bizi jarraitu zion aurreko ariketari. Mendiluze eta Arzallus arotzak izan ziren. Mendiluze ohartuta zegoen aspaldi laguna ixilean lanean ari zela. Zertan ariko, eta bere hilkutxa egiten. Mendiluzek «... bromatan hartu dezu hartu dezun lana / edo zerbait dakizu nik ez dakidana» galdetu zion, eta Arzallusek erantzun: «... nere neurrira egin dut dena elegante / baino zuretzat ere balio lezake».
Neurri arazoak aipatu zizkion orduan lagunak: «Zuretzat luzeeran buka ezinean / neretzat gehitxo behar du hemen izkinean / zirika izango zen hori azken finean / biok ez gera sartzen kutxa berdinean». Altura berdina zuela erantzun zion, eta zein egurrez egina zegoen aipatu berriz Mendiluzek. Honela bukatu zen lana: «Aitor zuk zuhaitzetaz ez dakizu deusik / materiala altza da dena altza da kasik / ni hiltzen nautenean sar nazazu pozik / eta kantatu altzak ez dauka bihotzik».
Nerea Ibarzabal eta Joanes Illarregi, bestalde, txikitako ezagunak ziren. Beti gaizki konpondu, eta orain euren haurrak lagun minak ziren. Ibarzabal hasi zen zirika: «Umetan ez geneukan diskusio faltik / ez zenidan ematen bokadilo batik / zurea jatorra da badakit zergatik / zure bikotearen genetikagatik». Itzulian itzulian, Illarregik ere erantzun zion: «Ta sarritan etxean hori da gertatu / bera hemen lotara delako geratu / gehiotan etor bedi Nerea barkatu / hemen ikasiko du nola konportatu».
Seiko motzak ariketa sakonak utzi zituen. Lujanbio eta Colina ospitale bateko bi zerbitzu-buru ziren. Arduradun politikoekin kritiko, Colinak biek dimititzea proposatu zion Lujanbiori. Bigarrenak hasi zuen saioa: «Gure jakintzaren menpe / hainbat paziente ta jente / ta gero eta murritzagoak baldintza ta epe / murrizketak atertzeke / zure nahia nola bete / dimisioa eurek aurkeztu beharko lukete». Colinak, berriz, honela eman zion amaiera lanari: «Sakondu ezkero gaian / enkarteladen jarraian / dimisioak jarriko gaitu protesten talaian / kapitalismo salbaian / jarri gaituzte salmahaian / nahiz eta txalo jotzen ziguten pandemia garaian».
Arratsaldean goitik jarraitu zuen saioak, baina buruz-burukoan gora egin zuen nabarmen. Iparragirreren doinuan elkarri zirika aritu ziren; adibidez, Maialenen betarte beltza aipatu zuen Arzallusek. Baina zortziko txikian jo zuen goia saioak. Lujanbiori buruzko pelikula autobiografikoa egitekotan ziren, eta bere rola Arzallusek jokatu behar zuen. Haragizkoa Maialen hasi zen, aurreko laneko aipamena ekarriz: «Nik bai zerbait nuela androjino kutsu / norbait aukeratuko eta hautatu zu / kortxo puntari eman metxeroakin su / betartea piska bat belztu beharko duzu». Arzallusek bera aukeratzeko beste arrazoirik bazela bota zion: «Lasai ni ere banaiz mira beltzekoa / ta hemen sentitzen naiz aski etxekoa / errea egiteko zure antzekoa / nahita hautatu naute Iparraldekoa». Azken hitz horri hango 'r'-aren kutsua eman zion, aretoa barrez leherraraziz.
Ganbarako azken lanean ere fin aritu ziren biak ala biak ere. 'Ez dago B planik' gaiari kantatu behar izan zioten. Honela kantatu zuen Lujanbiok bigarrena: «Orain dena da pribatizatzen ezker eskuin dinbi danba / osasungintza adibide bat nola jetsi duten langa / hezkuntzak ere latza pasa du ta ai gazteen demanda / bi urte luzez musuko hori klaseetan eramanda / egin genuen elkarzaintza ta auzozaintzen propaganda / baina aukera heldu denean edo ekiteko txanda / komuna izan zitekeen dena komun zulotik joan da».
¿Ya eres suscriptor/a? Inicia sesión
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.