Xabi eta Eneko Salaberria, Oiartzunen duten bulegoan. Lusa

1545, «arima bikoitzeko» argitaletxea

Eneko eta Xabi Salaberriak bestelako liburuak kaleratu eta kultur ekitaldiak antolatzeko proiektua sortu dute Oiartzunen

Jon Agirre

Oiartzun

Domingo, 25 de febrero 2024, 07:38

Kultura kontsumitzeko moduak asko aldatu badira ere beti da ohiko bidea jarraitzen ez duena edo izokinen moduan korronteari segitzen ez dionik. Antzeko zerbait esan daiteke Eneko eta Xabi Salaberria oiartzuarrei buruz, 1545 argitaletxe eta kultur elkartearen sortzaileak. Lehen «burutazioa» Enekorena izan zen, eta hasiera-hasieratik izan du arima bikoitza. Aurretik duen Dixidu enpresari argitalpen munduan ate bat irekitzeko asmoz sortu zuen, baina baita liburuen ohiko merkatuan argitaratu gabe geratzen ziren lanei aukera emateko helburuarekin.

Publicidad

«Intentzio handirik» gabe hasi zuen 2018an eta hala heldu ziren lehen hiru argitalpenak: agenda bat Puntutan ekimenarekin -hor sortu zen 1545 izena eta logoa dena martxan jartzeko-, Oiartzungo Abaraxka ludotekarekin Iote kartak eta hirugarrena Joakin Arregi zizurkildarraren bertso batzuk argitaratzea. Hauen ostean batu zen Xabi anaia, Lehen Hezkuntzako irakaslea. «Bion artean hasi ginen pentsatzen zer egin genezakeen». Elkar ondo osatzen dute, bai hitzartzean zehar zein 1545 ekimeneko bi alorretan. «Nik beharra ikusten dut eta Eneko diseinu guztiaz, ez soilik maketazioza, materialez, formatuaz, irudiez, hauek nola uztartu orrialdean... Detaile horiez arduratzen da», dio Xabik.

Prozedura umorez azaltzen du Enekok. «Xabik buruan duen lehen horrek jada forma du: zeinek ilustratu eta idatziko duen, nola egin osteko jarduerak... Eta denak ez badu bat egiten kapaz da proiektua ahazteko». Honek ez du ukatzen anaiaren azalpena. «Ideia bera bezain garrantzitsua da niretzat nork egingo duen». Asmoak argi izanda, emaitzak ez dira atzean geratu oihartzun gehien izan duten bi proiektuek, haurrei bideratutako 'Mare' poesia-liburuak edo aniztasuna lantzen duen 'Nor' album ilustratuak, erakutsi bezala.

'Mare' eta 'Nor', mugarri

Lehenak ilargira hurbiltzeko hiru modu planteatzen ditu eta hauetako bakoitzak bere hitzaurrea du: zientifikoa, Ana Galarragak idatzia; filosofikoa, Iñigo Martinezek egina; eta literarioa, Joseba Sarrionandiak idatzia. Osatzeko, amaieran Iratxe Retolazak euskal poesiaren laburpena gehitzen du. «Luxua izan da». Hori gutxi balitz, orrietan barrena 29 poetaren ekarpena jaso dute, bat itsaso edo ozeanoko -beste 29 utzi dituzte egiteke- eta Idoia Asurmendiren laguntza izan dute kanturako «Ilargiari begira jarri nahi genuen irakurlea, aurpegi bat agerikoa du eta bestea ezkutukoa. Horregatik pentsatu genuen Idoiarengan, bere ahizpa Bearekin abesteko. Beraiek izan behar zuten, bestela ez zuen abestia izango proiektuak».

«Ideia bera bezain garrantzitsua da nork egingo duen, liburuaz gain ostean bide bat egin behar duelako ekitaldiekin»

Xabi Salaberria

Bigarrenerako Irati Goikoetxea idazlea eta Naizen elkartea izan zituzten bidaide Aingeru Mayor edo Ekaitz Goikoetxearekin batera. «Ez da kapritxoz, gaia gustatzen zaiela entzun dugulako edo hura jorratuz bertsoa edo iritzi artikuluak idatzi dituztelako hautatu genituen». Adituengana joz «babesa» bilatzen dute Salaberria anaiek, baina dezente gehiago aurkitu dute. Batetik, lan bakoitzarekin «izugarri» ikasten dutelako; eta, bestetik, «erantzuna eta konplizitatea itzela» izan delako. «Oso harrera ona eduki dugu leku guztietan, proiektua azaldu eta segituan 'feeling' bat azaltzen da. Gozada bat izan da». Are gehiago sortutako harreman hori liburua egitetik harago doanean. 'Mare'-rekin emanaldiak egin zituzten Zarautzen, Hernanin edo Oiartzunen eta poetak haiekin izan zituzten, maiz gainera haiek proposatuta. «Bere sentitzen dute eta hori oso polita da».

Publicidad

Jada bost urte

Bost urteko ibilbidea egin ostean atzera begira eta pozik daude bi anaiak egindakoarekin. «Eroago edo ondorioetan gehiegi pentsatu gabe hasi ginen, adibidez aleekin tirada handiagoak merkeago direlako», dio Xabik. Proiektu bakoitzarekin neurria hartzen joan dira eta Enekorentzat 2022 eta 2023 mugarriak izan dira. «Argitaratu ditugunen 2024rako begirada eman digute, zer eta noraino, eta jada 2025erako zenbait bistan ditugu». Jada dozenatik gora lan plazaratu, «gehienak bertan sortuak», dituzte eta «beste 5-6 nahiko finko daude. Hori da neurria», iritzi du Xabik. Biek oso presente dute gainera ekimenak bi arima dituela eta argitaletxe 'hutsa' izateaz gain herri mailako kultur eragile ere izan nahi dutela. Hau da, argitaratzen duten liburu edo lan bakoitzak bere aurkezpen, ziklo edo bestelakoa izango duela, eurek antolatua.

Argitalpenen artean bi lerro ezberdintzen dituzte Salaberria anaiek. Batetik, argitaletxean bertan jaiotzen direnak, ikusitako hutsune bat betetzeko asmoz. Oso kontziente dira Euskal Herrian argitaletxe mordoa daudela, «esperientzia handikoak eta lan asko» kaleratzen dituztenak eta 1545ek «beste zerbait» eskaini behar duela «logika edo konpetentzia» horretatik at. «oso argi dugu argitaratzen dugun horrek gizartean zerbait aportatu edo mugitu behar duela», laburtzen du Enekok.

Publicidad

«Bilatutako elkarlanak ez dira kapritxoak, adituak gaian sentsibilitatea dutelako eta gustatzen zaielako hautatzen ditugu»

Eneko Salaberria

Bestetik, kanpotik heltzen diren proposamenak, «elkarlan baterako edo jada argitaratzeko». Azken hauetan lanek «filtro bat» pasa behar dute, batik bat euren «filosofiarekin bat etortzea eta gizartean ekarpen bat egin dezala». Lehen unetik oinarri hori buruan izan dute eta, bide horretan, epe ertain-luzera sail berezi bat eratu nahi dute Gobernuz Kanpoko Erakunde moduan lan egiten duten erakundeen argitalpenei aterki bat emateko. «Heldu nahi dugu, baina aztertzen ari gara gure hazkuntza proiektuaren barnean». Ildo honetan, 'Mare' eta 'Nor' argitalpenekin edo pasa den Durangoko Azokarekin lortutako oihartzuna nabaritu dute. «Hurrengo astean argitaratzeko bost proposamen jaso genituen, lagundu nahi dugu baina... Modu zabalagoan begiratu behar dugu, gure proiektuak ere baditugulako», azaltzen du Xabik.

2024 «potentea»

Hala, 2024a «potente» datorrela aurreratzen dute nahiz eta «dena oraindik ezin den kontatu». Haiek martxan jarritako lanen artean Alaia Martin bertsolariak eta Udane Ansa ilustratzaileak «bertso galdera filosofiko-ilustratuak» dituen liburua aurkeztuko dute, orain arteko gehienez ez bezala adin-tarte zehatzik ez duena. «Sailkatzeko zaila da genero aldetik ere», azaltzen dute bi anaiek. Bestetik, «liburu batek egin dezakeen bidaia eta irakurzaletasuna» ardatz izango dituen album ilustratua ontzen ari dira Pello Añorga eta Aitziber Alonso. Berrargitalpen bitartez Salaberria anaientzat «altxorra» den Joseba Sarrionandiaren 'Ainhoari gutunak' kaleratuko dute. «Azken errelatoa, 'Luma kantaria', kutixia da guretzat».

Publicidad

Heldutako proposamenen artean, aurrez 'Basati' itzuli bezala, Witgensteinen elkarrizketa famatu batean oinarritutako haurrentzako album ilustratua euskarara ekartzeko ideia aurkeztu zien Beñat Sarasolak. Ez da hala egingo duten bakarra izango eta aurrerantzean, dena ondo bidean, itzulpen bidez interesgarriak direnak ekartzea izango da asmoetako bat.

Eta noski, kaleratutako lan bakoitzak bere bidea izango du ohiko aurkezpenetatik harago. «Irakurzaletasunari buruzko liburuan Pellok [Añorga] hasieratik izan zituen buruan tailerrak eta Alaia eta Udaneren bertso galderekin bertso-saioa ikusten dugu».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad