Urgente Las 10 noticias clave de la jornada
Xuhar Epelde eta Nerea Loiola, aurkezpenaren aurretik. Jose Mari López
Nerea Loiola | 'Miraren mendekua'

Abentura, intriga, erabakiak eta trolak, orain gazteagoentzat ere

Xuhar semea konplize izanda idatzi du Nerea Loiolak 'Miraren mendekua' (Erein), Eskapu Txiki bildumari hasiera emanez

Jon Agirre

Donostia

Jueves, 31 de octubre 2024, 09:36

Jolas bezala hasi zenari une on bat igarotzeko jarraipena eman zion Nerea Loiola idazleak, harik eta esku artean zutena liburu-proiektua sendoa zela ikusi zuen arte. Hala jaio zen 'Miraren mendekua' (Erein), jada irakurleari ezagun egingo zaion argitaletxearen Eskapu bildumaren moldaketa, 'aukeratu zure amaiera' estilokoen eta 'ihes liburua' deiturikoen ezaugarriak uztartuz enigmak planteatzen dituzten liburuak. Oraingoan Xuhar Epelde semea konplize duela. «Hura 10 urtetik aurrerakoentzat da, oraingo Eskapu Txiki bilduma 8 urtetik aurrekoentzat», azaldu zuen Uxue Razquin editoreak.

Publicidad

Loiolak xehatu bezala jada plazaratutako '7G Udalekuak' eta 'Azken denbora' lanen egitura bera du 'Miraren mendekua' liburuak, hau da, «irakurlea da protagonista», baina adin-tartera egokitua dago. «laburragoa da, esaldi sinpleagoekin, enigma errazagoak dira eta Ivan Landaren ilustrazioak ditu». Azken honek, gainera, opari bat egin die marrazkietan. «Protagonistaren aitona da pertsonaietako bat eta nire aitaren, Xuharren 'aittitta'-ren, argazki batzuk bidalita bihurtu du protagonista».

Istorioa lineala da eta lehen unetik harrapatuko du irakurlea «erritmo biziarekin». Liburua «intrigazkoa eta abenturazkoa» da eta, besteak beste, gazteek «arriskua, beldurra, bizinahia edo magia» sentituko dituzte. Hala ere, benetan funtzionarazten duena bigarren geruza dela iritzi zuen Loiolak, «irakurlea ohartu gabe estaliko duena, pentsatzen, hausnartzen, jarriko duena sentitzen denari buruz». Zehazki, mendekua. «Sinopiak dioen bezala: Noraino eraman gaitzake mendeku goseak? Zilegizkoa da minari minez erantzutea? Gaizki-ulertu bat tarteko, liburu honetako protagonista (irakurlea bera) abentura misteriotsu bezain arriskutsu batean murgilduko da. Aitona, basoa, enigmak eta troll bat; gai izango al da erabaki zuzenak hartu eta iraganeko minak sendatuz etorkizun berriak sortzeko?».

'Miraren mendekua'

  • Egilea: Nerea Loiola Pikaza eta Xuhar Epelde Loiola

  • Ilustratzailea: Ivan Landa.

  • Argitaletxea: Erein.

  • Bilduma: Eskapu Txiki, 1.

  • Adin gomendatua: 8-10 urte.

  • Orrialdeak: 96.

  • Prezioa: 14 euro.

Pasa den urtarrilean kokatu zuen Loiolak liburuaren «hazia, pizgarria edo lehen estimulua». Gabonetako oporrak baliatuta Salburuako lakuaren bueltan ari ziren paseoan semea, Xuhar, gerturatu eta «ez da justua» aurpegiratu zionean. «Sekulako liburuak idazten dituzu eta nik ezin ditut irakurri», gehitu zuen idazleak hitz egiten jarraitzera gonbidatu zuenean. Eskapu bildumako bi aleez ari zen eta haren adinekoei begirako antzeko bat erreklamatzen ari zela azaldu zuen Loiolak. Hala, koaderno bat eskura ez duenean egiten duen bezala, audio bat grabatzera animatu zuen: «Paseoan zoaz eta ezaguna egiten zaizun mutiko bat ikusten duzu. Kriskitina jotzen du eta zure arraro egiten zaizu. Etxera iristean afaldu egiten duzu, lehen platera zopa eta bigarrena purea. Zopa edaten hastean erori egiten zaizu eta zentzu pixka bat eman dio gertatutakoari».

Semea lasaitu eta ahaztuko zela espero zuen eta hasiera batean tiraderan gordeta geratu zen ideia, harik eta gaixo jarri zen bolada batean hura entretenitzeko berriro heltzea proposatu zion. «Ordu asko igaro genituen hitz egiten, pertsonaiak, zer gertatuko zen, aitona, bide onak eta txarrak, troll bat ere agertu zen... Hori paperera eraman eta eskema bat ondu genuen», xehatu zuen aurkezpenean. Hori baitu Loiolak prozedura bildumako aleetan bide ezberdinak egituratzeko. Jolasa zenak, ordea, emaitza serioa eman zuen. «Istorio bat zegoela ikusi genuen, pertsonaiek eusten ziotela». Erein argitaletxera jo eta hauen baiezkoa bitarte, segi zuten, 'Miraren mendekua' onduz eta Eskapu Txiki bilduma sortuz.

Publicidad

Irakurtzeko uneari buruz, Loiolak argi utzi zuen ume bakoitza kasu bat dela eta zaila dela arau orokorra ezartzea, baina nonbait finkatu behar zen langa eta Xuharrek proposatutakoa hartu dute irizpide: 8 urtetik aurrera. Horrek, noski, ez du esan nahi besteek irakurri ezin dutenik. «Haur batek bere kabuz irakurtzea nahi badugu, gaitasun literario horren hastapen mailan egon behar du. Gaztetxoagoei irakurri diegu, esaterako Xuharren anaiei, eta izugarri gustatu zaie». Helduxeagoek ere kritika oso onak helarazi dizkietela gehitu zuten amaitzeko.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad