Juan Ramon Makuso eta Aritz Pardina, Donostian egindako aurkezpenean. Gorka Estrada
Aritz Pardina | 'Ibai ahoak'

Irakurlea «aforismoekin pizten» duen saiakera aurkeztu du Pardinak

Oriotarrak lehen liburua aurkeztu du 'Ibai ahoak' aurrez Nietzscheri egindako bi lan abiapuntu izanda

Jon Agirre

Donostia

Jueves, 30 de marzo 2023, 16:17

Formazioaren ajeak gainetik kentzea ez da erraza eta egunerokoan bururatutako kezkak plazaratzeko azken urteetan ia bidaide izan duen Friedrich Nietzsche filoso alemaniarraren eragina da Aritz Pardina ostegun honetan aurkeztu duen 'Ibai ahoak' (Balea Zuria) saiakeran. Literatuta eta filosofiaren mugak aforismoen bidez jorratu ditu eta gogoetak elkarbanatu.

Publicidad

Pardina 2018an Filosofian graduatua zen UPV/EHUn eta aurkezpenean azaldu duen bezala amaitu eta urtebetera hasi zen idazten, Gradu Amaieran eta Masterrean Nietzscheri buruz idatzitako lanek baldintzatuta. «Eskuz idatzitako testu labur mordoa pilatu zitzaizkidan eta pentsatu nuen, 'zergatik ez saiatu argitaratzen?'». Antolatzen hasi zenean lau gai nagusi zeudela ikusi zuen -lengoaia, denbora, ezagutza eta filosofiaren historia- eta estruktura hura mantenduz plazaratu ditu. Aurkezpenean Pardinarekin batera izan da Juan Ramon Makuso, Balea Zuria argitaletxeko kideak, liburua bidaiarekin alderatu duena. «Irakurlea eraman egiten du, baina geldiunetan irakurleari begiak letretan iltzatuak geratzen zaizkio». Izan ere, editorearen aburuz «ez dago artifiziorik, edukia ez da dotoreziarekin lausotuta geratzen».

Lehen atalean lengoaia sentipenen bozgorailu bezala erabili du, egilearen esanetan «arrazoimena sentimenduetan oinarritzen baita eta ostean ematen zaio forma». Ez da irakurlea harrituko beste behin Nietzscherekin lotu badu planteamendua Makusok. Ideia garatzeko pertsonaia modukoa sortu du Pardinak, «filosofo harroputza» bataiatu duena eta Filosofiako ikaskide ohien artean ikusitakoan oinarritu duena. «Ideiak oso argi ez zituztelako edo ez zutelako ulertzen lengoaia jokoetara eraman eta dena aldrebesten dutenak bere irudia handitzen eta nabarmentzen saiatzeko», laburtu du. Edo aforismo moduan artikulatuz, «estilo nahasmenak pentsamendu nahasmendua atzean» duela.

Bigarrenean denbora eta musika uztartzen ditu, «tenpoa», musika irakasle bezala izandako bizipenetan oinarrituta. «Bizitzan ondo jarritako isiltasunek sekulako garrantzia dute eta batzuetan isiltzen jakitea oinarrizko bertutea da».

Ibai ahoak

  • Egilea: Aritz Pardina.

  • Argitaletxea: Balea Zuria.

  • Estiloa: Saiakera.

  • Prezioa: 13 euro.

Hirugarren atala hasiera batean «nahiko xaloa» iruditu eta, amaieran, «lanaren funtsa jasotzen» duen metaforatik abiatu zuen: aintzira batera doan ura. «Ezagutzari buruzko ikuspegi integratzailea ematen saiatu naiz». Bertan ezagutza eta baloreei buruzko hausnarketak daude, ezagutzak berak zein balio duen eta zein ohitura dugun interes ekonomiko edo bestelakoengatik balioa kentzeko.

Publicidad

Laugarren atalean Filosofiaren historia laburra aurkezten du Pardinak, arrazionalismoaren historiak nola egin duen kontrako aldea irrazionalismoraka eta eszeptizismoa nola nahasi den erabateko erlatibismoarekin.

Horretaz gain, azken epilogo bat gehitu du «ingurukoak zertan ari nintzen galdetzen zidaten eta aforismo bidezko saiakera bat zela esaten galdera gehiago sortzen» zirelako. Balea Zuriako editoreak xehatu duenez Nietzscheren eragina ere nabaria da azken atal honetan. «Hark moralaren atzera begirakoa egin zuen, hizkuntzari dagokionez, ona eta ongiak zein trataera izan zuten». Eta Pardinak egiten zuena azaltzeko arazoei irtenbidea emateko definizioak pilatu zituen, lehenik euskaraz Euskaltzaindiko hiztegiak aztertuz eta aforismoaren etimologiaren azterketa eginez. Baina ez zuten asebete eta atzerriko hizkuntzetara jo ostean alemanean topatu zuen bilatzen zuena. «Ez da kasualitatea, alemanean aforismoak tradizioa baitu. Schopenhauer, Hegel...», bota du Makusok. Hala ere, euskaraz jardun diren idazleei keinua ere bada, esaterako Anjel lertxundi, Juan Kruz Igerabide, Ana Urkiza edo Karlos Lizanasoro.

Publicidad

Makusok nabarmendu bezala saiakerak «irakurlea piztu behar du, amaitzean burua berritu duela eragin behar dio. Ateak irekiak utzi behar ditu, inongo absoluturik gabe». Eta, bere hitzetan, Pardinarek liburuak ezin hobe betetzen du mandatua. Estilo aldetik ere txalotu du oriotarrak izan duen emaitza. «Nietzscheren estiloa du, berehala usaindu genion sinbolismoa, dardara».

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad